
Gaiak
Aotearoan barrena: maori hizkuntzaren berpizkundea gertutik
2025eko udan aukera paregabea izan nuen Aotearoara (Zelanda Berrira) bidaiatzeko, maori hizkuntzaren biziberritze prozesua lehen eskutik ezagutzeko. Ez zen nolanahiko bidaia izan: euskararen eta maorieraren arteko loturak ikertzea zen helburua, Imanol Minerrek orain urte batzuk egindako lanari jarraipena emanez. 2023an irabazi nuen Eusko Ikaskuntza Laboral Kutxa saria eta sari horri eskerrak izan dut egonaldi hau egiteko aukera.
Egonaldiaren erdia Xanti Hidalgo lagunarekin egin nuen, eta gainerakoa, bakarka, eskualdez eskualde ibiliz. Bidaia hasi aurretik harreman batzuk lotuta nituen, baina hara iritsitakoan hasi zen benetako egonaldia: hitzorduak antolatzen joan nintzen, komunitateko pertsonak ezagutzen, egitasmoak bisitatzen… Esperientzia ahaztezina eta argigarria izan zen benetan, hizkuntzen biziberritzea beste era batera ulertzeko eta Aotearoatik ideia eta energia berriztuekin etortzeko.

Xanti eta Piripi Walker, gure aitabitxia bilakatu zena Aotearoako egonaldian. Kea batzuk ere ikusi daitezke elkarrizketari adi.
Ondorengo lerroetan laburtu dut bertan jasotakoa, Euskonewseko irakurleekin partekatzeko.
Maorieraren egoera: datu batzuk kokatzeko
5 milioi biztanleko herrialde batean, maoriak %15 inguru dira eta horietatik 100.000 lagun inguruk egiten dute maorieraz egunerokoan. Ez dirudi kopuru handia, baina kontuan hartu behar da aurreko mendearen erdialdean “belaunaldi galdua” bizi izan zutela: hizkuntzaren transmisioa ia eten egin zen maorien artean, urte luzeetako kolonizazio mingarri baten ostean. Horregatik, azken hiru belaunaldietan egindako ahalegina ikusgarria da; familia askok berriro ere egin baitiote lekua hizkuntzari.

Maorietako iwi ezberdinak marae izeneko guneetan elkartzen dira eta bertan indartzen dute euren herria modu ezberdinetan.
Politikaren eragina: haizea kontra eta haizea lagun
Azken bi legegintzaldiek kontraste handia erakutsi dute. Aurreko gobernua oso aldekoa izan zen maoriekiko eta haien hizkuntzarekiko; inbertsioak, politikak eta diskurtsoak argi zeuden. Gaur egungoa, berriz, askok "aspaldiko kontrakoena" gisa definitzen dute: murrizketak, diskurtso gogorrak eta eskubide historikoak zalantzan jartzea.
Hala ere, egoerak bi norabide sortu ditu gizartean: alde batetik, maorien aldeko jarrerak inoiz baino indartsuago azaldu dira –erreakzio moduan ere bai–; bestetik, kontrako diskurtsoak eta erasoak ere zabaldu egin dira. Giro nahasia, baina mugimendu handikoa.

Xanti eta biok Te Ipukarea ikerketa taldeko bi belaunaldietako ordezkariekin: Toiroa Williams eta Tania Ka’ai.
Hizkuntza baino gehiago: identitatea, natura eta arbasoen lotura
Aotearoan, hizkuntzari buruz hitz egitea ez da soilik hizkuntzari buruz aritzea. Te reo māori (edo māori hizkuntza) estuki lotuta dago herriaren hainbat ezinbesteko elementuri, hala nola, historia eta kolonialismoaren aitortza, arbasoen ondarea, ohiturak eta errituak eta naturarekiko harreman sakona.
Te ao Māori (maorien mundua) eta te mātauranga Māori (jakintza tradizionala) hizkuntzaren parte dira. Horregatik, biziberritzea ez da soilik hizkuntza "berreskuratzea": bizi-modu bat indartzea ere bada.
Nola biziberritu hizkuntza? Bi ikuspegi nagusi
Han egon naizen bitartean behin eta berriro agertu den eztabaida bat topatu dut:
- Herri osoarentzat hizkuntza-sustapena egitea, gobernuarekin eta erakundeekin elkarlanean, Zelanda Berri osoa gerturatu nahi da maorierara.
- Maorien komunitatea bera ahalduntzea: maorien iwi edo tribuak trinkotzea eta aktibatzea, hizkuntza-transmisioa bermatzea, babesguneak sortzea, eta hizkuntza ikasi edo berreskuratu nahi duten maoriak elkartzea.
Kontuan hartu behar da iwiek autonomia edo burujabetza handia garatu dutela urteetan zehar eta, bigarren ikuspegia jorratuz, “gobernu txuriarekiko menpekotasuna” murriztuz joan dela.
Aro baikorra: baikortasuna ere motor bat da
Harritu nauena? Baikortasuna. Maoriek oso argi dute etorkizuna “dirdiratsua” dela, nahiz eta baliabideak batzuetan eskasak izan. Gainera, azken urteetako ahalduntze politikoak eta aldaketa demografikoek aukera berriak ireki dituzte.
Komunitateen berraktibazioa, hezkuntza-esparru maoriak, eta iwien (tribuen) burujabetza-prozesuak biziberritzearen zutabe bihurtu dira.
Euskara eta te reo: elkarren ispilu?
Euskarak eta maorierak antzeko elementu ugari eta ezberdintzen gaituzten hamaika gauza dituzte, baina argi daukat elkarrekin ikasteko potentzial handia dagoela. Maoriek euskararen errealitateaz ezagutza urria dute, eta, era berean, guk badugu haiengandik zer ikasi:
- Hizkuntza-transmisioa eta sozializazioa familian eta komunitatea modu zabalean ulertzeko moduak
- Hizkuntzaren habesgune sendoen garrantzia
- Ahalduntze politiko-kulturala
- Hizkuntza beraien mundu-ikuskerarekin lotzea
- Eta, esan bezala, baikortasuna biziberritze-prozesu osoa elikatzeko
Ez da gutxi!
Etorkizunera begira
Egonaldiak baieztatu dit bi herrien arteko harremana sendotzeko beharra. Oso errealitate desberdinak gara, baina neurri handi batean osagarriak. Elkarrengandik ikasteko espazioak eraikitzen jarraitzea da hurrengo pausoa.
Egonaldiaren inguruko xehetasun gehiago nahi badituzue, laster RIEV aldizkarian artikulu sakonagoa irakurtzeko aukera izango duzue.
Amaitzeko, eskerrik beroenak Eusko Ikaskuntzari eta Laboral Kutxari, egonaldi hau posible egiteagatik; eta baita Garabide Elkarteari eta Foundation for Endangered Languages erakundeari ere beraiengandik jasotako babesagatik.

Xanti eta biok “Te Wananga o Raukawa” barnetegiaren antzerakoan ikasten dabiltzan ikasleekin.
Sinestezina da bertan egiten ari direna!

