790 Zenbakia 2025-09-15 / 2025-11-15

Gaiak

Elkarbizitzarako zubiak eraikitzen

ETXANIZ BARRIO, Josune

Eusko Ikaskuntza

Aurkezpena

Gure gizartean gertatzen ari diren aldaketa demografikoen ondorioz, ekintza, topaketa, ikerketa, politika… ugari ari dira sortzen, eta, besteak beste, hainbat erakundek, gizarte- eta/edo kultura-eragilek bultzatzen dituzte, gizarte-kohesioa eta inklusioa sustatzeko.

Komunitate batu bat eraikitzeak berekin dakar identitate aniztasuna errespetatzea eta pertsona guztien parte-hartzea sustatzea. Bide horretan, euskarak toki berezia hartzen du euskal identitatearen funtsezko zati gisa, eta horren sustapena topaketatik eta truketik egin behar da, ez bazterketatik.

Horrela, hizkuntzetan eta kulturetan gero eta anitzagoa den gizarte baten testuinguru honetan, Eusko Ikaskuntzak, bere misio eta balioei leial Elkarbizitzarako zubiak eraikitzen proiektua gauzatzen ari da.

Immigrazioak erronka berriak dakartza, kultura partekatua aberasteko aukerak ere. Etorkinen inklusioa errazteko eta kulturen arteko bizikidetza sustatzeko asmo horretatik sortu da proiektu hau, eta, aldi berean, Eusko Ikaskuntzak Nafarroako Gobernuarekin duen lankidetza-esparruaren barruan kokatzen da, alde batetik, eta Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako akordioan, bestetik.

Proiektuaren helburua eta ikuspegia

Kulturen arteko bizikidetza era askotara sustatu daiteke. Horietako bat izan daiteke esperientziak partekatzeko aukera ematen duten espazioak aktibatzea, tokiko hizkuntza eta kultura ezagutzeko interes positiboa piztu eta hurbiltzea. Elkarbizitzarako zubiak eraikitzen proiektuak euskara ikasteko eta euskal kultura ezagutzeko interes positiboa piztu eta hurbildu nahi badu ere, gizartean, kulturan eta lanean parte hartzeko tresna gisa duen balioa indartu nahi du.

Baina, horrez gain, etorkinek euskararekiko eta euskal kulturarekiko duten jarrera eta espektatibak aztertu nahi izan dira, haien esperientziak ulertu eta gerturatze, ezagutza edo ikasketa prozesu horretan aurkitzen dituzten oztopoak edota zailtasunak identifikatu. Horretarako, lan-saioak programatu dira, gai bakoitzeko bat: kultura eta euskara. Saio horietan, modu atsegin eta dinamiko batean, beldurrak eta/edo oztopoak murriztu nahi izan dira, eta hizkuntza ikasteko eta tokiko kultura ezagutzeko eta miatzeko interesa sustatu.

Programatutako lan-saioak oso antzera egituratu dira bi teknika metodologiko osagarriren bidez: focus group-a eta tailer interaktiboa. Bi teknika horiei esker informazio kualitatibo oso interesgarria bildu ahal izan dugu: batetik, focus group teknikatik abiatuta, etorkinak euskarari eta kulturari buruz dituzten esperientziak eta pertzepzioak jaso nahi izan dira, oztopoak eta motibazioak identifikatuz; eta bestetik, tailerren bidez, kulturarekin eta euskararekin lehen harreman positiboa izateko aukera eskaini da, esperientzia interaktiboen bidez.

Teknika bakoitzak bere helburu espezifikoa du, eta, beraz, saio bakoitzean programatu eta garatu diren unea desberdina izan da. Bi kasuetan, ikaskuntza formaletik harago doazen dinamikak sortu dira, parte-hartzaileen artean elkarrizketa zintzo eta kolaboratiboak zabaltzen dituztenak.

Komunitate batu bat eraikitzeak berekin dakar identitate aniztasuna errespetatzea eta pertsona guztien
parte-hartzea sustatzea.

Lan-saioen kokapena

Hasieran adierazi dugun bezala, proiektua EAEn eta Nafarroako Foru Erkidegoan gauzatu da. Zehazki, bi lurraldeetako sei udalerritan: EAEko hiru udalerritan eta Nafarroako beste hirutan.

Horiek kokatzeko, honako hauek hartu dira kontuan: biztanleriaren dentsitatea lurralde osoan, etorkinen banaketa lurralde bakoitzean eta euskararen egoera tokian. Hala, Nafarroaren kasuan, lan-saioak Elizondon, Berriozarren eta Tuteran egitea programatu genuen; eta EAEren kasuan, Amurrio, Bilbo eta Donostia izan ziren hautatutako udalerriak. Hala ere, hasieratik argi izan genuen etorkinen bilaketa-eremua inguruko eskualde eta udalerrietara zabalduko zela.

Horrela, Nafarroari dagokionez, Baztango bailarako, Iruñerriko eta Nafarroako Erriberako bizilagunen artean bilatu ziren parte-hartzaileak; eta EAEri dagokionez, Aiaraldean, Bilbo Handian eta Donostialdean bizi diren etorkinen artean identifikatu zen azterlan honen xede den publikoa.

Populazio migratzailearen ordezkaritza orekatua

Proiektuaren erronketako bat helburu den publiko hori behar bezala identifikatzea eta biltzea izan da. Proiektuaren diseinuan parte-hartzaileen profila zehaztu zen, eta erlazio horretan oinarrituta, Nafarroako Foru Erkidegoan eta EAEn bizi diren etorkinen ordezkaritza esanguratsua ziurtatu da.

Generoaren, adinaren, jatorrizko herrialde/eskualdearen adierazleez gain, arreta berezia eskaini zaie tokian bizi izandako denbora, haurren gurasoak izateari, hezkuntza-mailari eta lan-egoerari, bai eta pertsona horiek euskararekin duten harremanari ere. Guztira 96 etorkin biltzea lortu da, 16 pertsona saio bakoitzean. Etorkin iritsi berriak, sistema elebidunetan eskolatutako haurren gurasoak, zerbitzu-sektoreko langileak, gazteak eta batzuetan euskara ikasten hasi eta utzi duten pertsonak. Era berean, saioak kolektibo desberdinen parte hartzea errazteko diseinatu ziren, ordutegi malguekin eta beldurrik gabe hitz egitera gonbidatzen zuen konfiantzazko giroarekin.

Hitz egin eraikitzeko

Proiektu honen beste erronketako bat euskararekiko eta kulturarekiko interesa piztea izan da. Lan saioen diseinuari esker, parte hartzaileek beren bizipenak partekatu zituzten eta euskara eta euskal kultura modu ludiko, irisgarri eta parte hartzailean deskubritu zituzten. Askorentzat, hizkuntzarekin izan zuten lehen harreman positiboa izan zen, eta beste batzuek, berriz, tokiko nortasuna osatzen duten sustraietan eta istorioetan sakondu zuten.


Eusko Jaurlaritza