790 Zenbakia 2025-09-15 / 2025-11-15

Gaiak

Herri-politiken eraldaketa errazteko artea

LARREA ARANGUREN, Miren

Hondar-ale bat demokrazia, politika eta politiken eraldaketan

Bizi ditugun garaien inguruko narratibetan indarra hartu du dauzkagun erronkak konplexuak direla esateak, horien artean aldaketa klimatikoa, migrazioa, tentsio geopolitikoak eta gerrak. Konplexutasun horren aurrean bada, demokraziak edo politikak (eta politikek) erantzunik ematen ez dutela argudiatuz, euren burua sistema horietatik kanpo kokatzen duenik. Beste batzuek, ordea, konplexutasun horren aurrean, demokrazia inoiz baino gehiago zaindu behar dugula eta politika inoiz baino beharrezkoagoa dela uste dugu. Hala ere, politika ez da soilik gobernu eta estatuei dagokien jarduera; herritarroi ere badagokigu, espazio publikoan, batzuetan gure iritzia emanez, bozkatuz edo beste hainbat modutan eragiten dugunean.

Duela gutxi argitaratutako “Herri- politiken eraldaketa errazteko artea” liburuan, beste modu horietako bat dut aztergai, ekintza-ikerketa bidez erraztutako lankidetzazko gobernantza. Nire esperientzia Eusko Jaurlaritzaren eta, batez ere, eskualdeetako garapen-agentzien eskutik hasi zen, eta, azken urteetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren herri politiken inguruan ere aritu naiz, sustapen ekonomikoa ardatz hartuta. Prozesu horietan guztietan, helburua herri-politikak gizarte-eragileekin elkarlanean garatzea izan da, eta eragile horiek batez ere enpresa txikiak, enpresa-elkarteak, lanbide-heziketako ikastetxeak, unibertsitateak eta berrikuntza-zentroak izan dira. Prozesuan parte hartu dugunok gure bizitza profesionalaren bidetik heldu diegu politikei eta politikari.

1. irudia. Ekintza-ikerketa demokrazia ordezkatzailearen esparruan

 

Ahalegin horiek hondar-ale bat besterik ez dira ditugun erronken aurrean, baina, urte hauetan sinetsi dut, eta sinesten jarraitzen dut, demokrazian nola sakondu eta politika sinesgarriagoa nola egin ikasteko gune egokia izan direla.

Ikerketa eta politiken arteko harreman berri bat

Baina, zer egiten nuen nik politiken prozesu horietan? Ikertzailea naiz, akademian indar gutxi duen ikerketa-mota batean aritzen den ikertzailea. Izan ere, hamabost urte hauetan ekintza-ikerketan aritu naiz, eta gerturatze honek baditu zenbait berezitasun, akademian gailentzen diren metodologiekin konparatuz gero:

  • Jakintza ekintzan sortzen da. Metodologia gehienetan, ikertzaileek jakintza eremu akademikoan sortzen dute, eta gero, jakintza hori lurraldeko eragileei transferitzen diete, haiek aplika dezaten. Ekintza-ikertzaileok jakintza aplikazio-eremuan eta lurraldeko eragileekin elkarlanean sortzen dugu, eta eragile horiek elkarlanean sortutako jakintzaren jabe direnez eta jakintza hori ekintzan sortu dutenez, ez dago transferitu edo aplikatu beharrik.
  • Ekintza-ikertzaileok prozesuak errazten ditugu. Esan bezala, metodologia gehienetan ikertzaileak sortzen du jakintza, eragileei transferitzeko. Jakintza elkarlanean sortzen dugunean, ordea, gure ahalegin nagusia baldintzak sortzea da, lurraldeko eragileek hausnartu, erabakiak hartu eta ekintzara pasa daitezen. Bestela esanda, prozesua errazten dugu.

Ondoren datozenak azken urteetan errazte-lanetan ikasitakoak dira.

Eraldaketaren azalean aritu gara

Ikasi dut, adibidez, orain arte eraldaketa bilatzean azalean aritu garela, ikusten duguna soilik aldatzen saiatu baikara. Hori ulertzen lagundu dit Eraldaketaren hiru esferak moduan ezagutzen den ereduak[1]. Eredu horren egileek diote aldaketa eta eraldaketa ez direla gauza bera, eta eraldaketak hiru esfera elkarreraginean aldatzea eskatzen duela.

Esferetako bat praktikoa da, eta bertan portaeren aldaketak eta arazoei ematen dizkiegun erantzun teknikoak jasotzen dira. Izebergaren metafora erabiliz, ur gainean ikus dezakeguna izango litzateke. Azalean aritu garela diodanean, esan nahi dut gure jarduna, neurri handi batean, esfera hori aldatzera zuzendu dugula, adibidez, herri-politiken baitan elkarlanerako espazio berriak sortuz, horietan programa berriak elkarlanean sortuz, edo lurraldeko eragileen elkarlana artikulatuz, enpresa txikiei digitalizazioan edo antolamendu-berrikuntzan laguntzeko.

Hori guztia aldaketa izan da, bai, baina eraldaketa izateko beste bi esfera ere aldatu behar dira, gure begientzat ur azpian gelditzen direnak. Bata esfera pertsonala da, eta gure sinesmen, balio, mundu-ikuskera eta paradigmek osatzen dute. Herri-politikak elkarlanean garatu ditugu, boterea modu berrietan erabili da, zenbait eragilek politika horietan aktibo izateko euren burua ahaldundu dute, baina, benetan eraldatu al dira prozesu horretan parte hartu dugun guztion sinesmenak demokraziari, parte hartzeari edo boterearen erabilerari dagokionez?

2. irudia. Eraldaketak ikusten duguna eta ez duguna aldatzea eskatzen du

 

Hirugarren esfera politikoa da, eta horrek sistema eta egiturak, hau da, gizarte moduan ditugun arau, lege, erregulazio eta instituzioak hartzen ditu barne. Azken urteetan egin ditugun proiektuetatik, zenbat erakundetu dira? Hau da, zenbatek utzi diote ikertzaileekin modu esperimentalean egindako prozesu izateari, politikak egiteko modu berria bezala egonkortzeko?

Nire esperientziak erakutsi dit posible dela egin ditugunak bezalako prozesuetan esfera pertsonal eta politikoak ere aldatzea, hau da, eraldaketa sortzea. Ikasi dut, hala ere, eraldaketa zaila dela, eta bidea kontraesankorrak diruditen egoerez beteta dagoela.

Pentsamolde dikotomikoek eraldaketa eragotzi digute

Bai, nire ibilbidean sarri sentitu naiz kontrajarriak ziruditen bi elementuren artean hautatu beharrak harrapatuta, eta liburuan hamar pentsamolde dikotomiko jaso ditut: jakintza adituaren eta esperientziazko jakintzaren artekoa, planifikazioa eta prozesu emergenteak, teoria eta praktika, boterea eta maitasuna, efizientzia eta parte-hartzea, arrazoia eta emozioa, objektiboa eta subjektiboa, publikoa eta pribatua, aktoreak eta erraztaileak, eta maskulinoa eta femeninoa.

Konturatu naiz nola, gure herri-politiken prozesu bakoitzean, dikotomiaren alderdi bat besteari gailentzen zitzaion. Gailentze hori agian ez zen modu argian esplizitatzen esfera praktikoan. Sarri bileretan, tailerretan edo dokumentuetan adostasuneko diskurtso bat ageri zen, politikoki zuzena. Baina parte-hartzaile bakoitzaren sinesmen eta balioetan, eta gure araudi eta instituzioetan, alde batek besteak baino indar gehiago izaten zuen, eta horrek azalean aldaketak egin arren, sakoneko eraldaketa eragozten zuen.

Adibide bat

Adibide bat jakintza adituaren eta esperientziazko jakintzaren artekoa da. Herri-politikak lurraldeko aktoreei irekitzean, modu zintzoan egin ziren parte-hartzaileen esperientziak entzuteko ahaleginak, eta horretarako diseinatu ziren espazio eta prozedurak. Borondate onenarekin gonbidatu ziren prozesura adituak ere, izen hau, gehienetan, euren jakintza modu esplizituan argitaratuta zuten unibertsitateko pertsonentzat gorde zelarik. Baina sarri ondorengo bi sinesmenetako bat nagusitzen zen: (a) gure arazoen inguruan adituek dakitela gehien, edo (b) adituak teorian gelditzen direla eta haien jakintzak ez duela gure arazoen konponbidean laguntzen.  

3. irudia. Adituen eta parte-hartzaileen ahotsak prozesuan

 

Eta, sinesmen horiek nola eragiten zuten erabakiak hartzerakoan? Diskurtso esplizituan denok genion bi jakintza-motak hartu behar genituela kontuan. Horra hor tranpa. Denok hori esan arren, nagusitzen zen sinesmenaren arabera, taldeak jakintza-mota batean konfiantza gehiago garatzen zuelako, eta bestea mesfidantza gehiagoz entzun.

Horrelakoetan erraztaileon lana ez zen soilik saioak eta parte-hartzaileen arteko ariketak ikuspegi teknikotik ondo diseinatu eta garatzea. Lana, batez ere, botere-orekak aldatzea zen, gailentzen zen ikuspegiak zuen eragina gutxitu eta azpian hartuta zegoen ikuspegiarena indartzeko, elkarreragin eraikitzailea gertatzeko baldintzak sortu arte.

Erraztearen alderdi hori sarri itzalean gelditzen da eta, liburuan, landu egin nahi izan dut, erraztaileoi sortzen digun neke emozionala ere azaleratuz.

Genero-rolak eta ikuspegi dikotomikoak

Pentsamolde dikotomikoak azaleratzeko ahaleginean, aurrez zerrendatu ditudan lehen zortziak definitu nituen hasteko. Eta lehen zerrenda horri begira jarrita konturatu nintzen gure esperientzian azken biek, aktore eta erraztailearen arteko pentsamolde dikotomikoak, eta maskulino eta femeninoaren artekoak, gure prozesuetan izan zuten indarraz.

Liburua bere ibilbidea egiten hasi denean ikusi dut lankidetzazko gobernantzaren eremuan genero-rolek duten eraginaz modu irekian aritzea zenbat kostatzen den gurean. Baita zein erraza den testu laburretan ñabardurak galdu eta gaizki-ulertuak sortzea ere. Horregatik erabaki dut, gai horri dagokionez, liburua irakurtzeko gonbidapena egitea, bidezidorrik eskaintzen saiatu gabe.


Eusko Jaurlaritza