Trenaren Euskal Museoa Trenaren Euskal Museoa * Traducción al español del original en euskera Ainara Iraeta Usabiaga Trenaren sorrera, erabilera eta zabalkundeak Euskal Herriko bizitza ekonomiko eta sozialean izandako eragina eta garrantzia daude ikusgai, Azpeitiako tren geltoki zaharrean, 1992. urtean Trenaren Euskal Museoak ateak ireki zituenetik. Urolako tren zaharraren geltoki garrantzitsuena zen eraikinean kokatua dago, eta beste garai batzuetan trenez egin ziren bidaiak, Iraultza Industrialak garraio honetan eragindako eraldaketak eta aspaldiko tranbia elektrikoen funtzionamendua ikus daitezke Azpeitian. Museoa Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailaren ekimenez sortu zen, 1992 urtean lehen zatia ireki zen, 1994an kotxetegia berritu, eta trenak ekartzen hasi ziren. 1998tik aurrera baporezko trena inauguratu zen, Azpeitiko tren geltokitik Lasaoraino egiten du ibilbidea. Urolako tren zaharraren egurrezko bagoietan, Aurrera lokomotak bultzaturik, bisitarientzako joan etorria eskeintzen du museoak aste bukaeretan; 5 kilometroko luzera egiteko, 20 minutu inguru behar ditu. 50. hamarkadatik aurrera, karreterako garraioa garatzen hasi zen eta guztiz baztertua izan zen trena, ez baitzen batere inbertitu garraio bide honen modernizaziorako. 80. hamarkadan, Eusko Jaurlaritzak tren geltoki askotan zeuden tren zaharren inbentario bat egitea erabaki zuen eta hasiera batean uste zena baino tren gehiago zeudela ikusirik, museoa irekitzearen posibilitatea indartuz joan zen. Tren bilduma handia izanik, trenaren inguruko museo tematikoa egitea erabaki zen. Trenaren lehen urratsak Euskal Herrian Garraio bide honen erabilera nagusitzean, Euskal Herrian gaindi ezinak ziren oztopoak garaitu ziren. "Hau oso garrantzitsua izan zen bai jendearentzat, baina are gehiago merkantziaren garraiorako. Trenik gabe, ez litzateke Euskal Herrian Iraultza Industrialik izango", hala uste du Juanjo Olaizolak, Trenbidearen Euskal Museoko zuzendariak. Euskal Herrian martxan jarri zen lehen trenaMadriletik Irunerako bidea egiten zuen linea zen. 1861ean Araban inauguratu zen lehen zatia eta Madriletik Pariserako bidea 1864ean bukatu zen; Miranda de Ebrora joaten den adarra 1863an inauguratu zuten. Juanjo Olaizolak azaltzen duenez, "garai honetan ekimen pribatuz egiten ziren trenak eta trenbideak, eta bide hau diru frantsesarekin eraiki zen. Garraio bide honetan lehen inbertsio euskalduna, Bilbotik Miranda eta Tuteraraino joaten zen trenaren eraikuntzan egin zen eta linea hau desastre ekonomiko bat izan zen. Euskal Herriko enpresariek trena ez zela probetxugarria eta urte luzeetan ez zuten garraio bide honetan pezetarik inbertitu". Bide estuko trena Museoko zuzendariaren ustetan, bide estuko trenak arrakasta izugarria izan zuen Euskal Herrian eta tren mota honen garapena eta errentagarritasuna izugarrriak izan ziren Euskal Herrian Juanjo Olaizolaren hitzetan "1882an Bilbo eta Durango arteko bidea egiten zuen trena inauguratu zen eta hau negozio bikaina izan zen. Tren honen ezaugarri nagusia bide estukoa zela zen eta Bilboko jende aberatsak dirua egiteko posibilitatea ikusi zuten garraio bide honetan. Euskal Herriko orografía menditsua dela eta, bide estuko trenaren eraikuntza askoz ere merkeagoa zela ikusi zen eta ordutik aurrera, diru guztia trenbide estuaren eraikuntzan gastatu zen. Durangotik Zumarragarako trena eraiki zen, Elgoibarretik Donostiara zihoana ostean, Roblako trena, Leongo meatzera bidea egiten zuena... Guzti hauek XIX. mende bukaeran eta XX. mendearen hasieran eraiki ziren eta honek eragin zuzena izan zuen euskal industrian". Euskal Herriko industria sortu zenean ez zuten garraio biderik, ez zen ez kamiorik, ez kotxerik. Horregatik XIX. mende bukaeran, industriarekin batera, bide estuko trena garatuz joan zen Euskal Herrian. Garraio honen arrakasta izugarria izan zen, honen adibide, Bizkaiako Labe Garaiak. Materiala alde batetik bestera mugitzeko, fabrikaren barnean 100 km. trenbide, 140 lokomotora eta 2000 bagoi zituzten. Horrelako industriarikez zen garatuko trenarengatik izan ez balitz. Honez gain, trenak egiteko ere industria ugari sortu zen, bagoiak, lokomotorak eta tren bideak egiteko. Trenaren bilakaerak beraz, industri berrien sorrera eragin zuen eta lanpostu ugari sortu ziren, besteak beste, CAF en bagoiak egiten zituzten, Bizkaiako Labe Garaietan karrilak, Zornotzako Labeetan zubiak egiten zituzten, Babcock & Wilcox lurrinezko lokomotorak eta Naval Sestaon trenak. Urolako trena Urolako trena berezia zen, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu baitzuen honen eraikuntza. Sortu zenean,1926. urtean, ekipamendu hoberena zuen; tren elektrikoa izan zen hasieratik burdinezko bagoiak, eta azken puntako tren tailerra zuen. Baina urteak aurrera joan ahala, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez zuen dirurik gastatu zerbitzu hau berritzeko. 1986ean, tren zerbitzu hau itxi zenean, tailer berdinean eta tresna berdinekin jarraitzen zuten lanean, 60 urtetan ez baitzen ezertxo ere berritu. Museoa, hazi nahiean Trenaren museoko kotxetegia, bagoi eta lokomotorez goraino dago. Hala ere, etorkizuneko erronken artean, trenak errekuperatzen jarraitzeko asmoa dute eta berritzeko falta direnak, berritu. Baina Juanjo Olaizolak dioenez "erronka nagusia museoak eskeitzen duen tren paseoa Zestoaraino luzatzea da eta agian, etorkizunean, Zumaiaraino joan ahal izan dugu Urolako tren zaharrean". Ainara Iraeta Usabiaga, kazetaria Argazkiak: Ainara Iraeta Euskonews & Media 79.zbk (2000 / 5 / 19 26) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=masters&link=www.eusko ikaskuntza.org/masters/index.htm http://ikaskuntza.org/
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.