784 Zenbakia 2024-06-18 / 2024-09-16

Gaiak

Nadezhda Krupskaia, hezkuntzaz eta beste

AZKARGORTA MINTEGI, Leire GARAGARZA CAMBRA, Aitor

Estatu-nazioen, nazionalismoen eta kapitalismo industrialaren sorrerak bultzatuta eskola agertzeak aldaketa esanguratsua suposatu zuen hezkuntza-eredua antolatzeari dagokionez, eta gaur egun arte iraun duen “adostasun globala” ekarri zuen, irakaskuntza eskola egonkortuz. Dena den, horrek ez du esan nahi prozesu horretan, hainbat garaitan, ez denik ahots kritikorik egon.

XIX. mendearen amaieran sortutako eskola tradizionaletik ezartzen ziren mugak, arauak, formak eta mundu-ikuskera gainditzeko asmoz sortu zen Berrikuntza Pedagogikoaren mugimendua, Eskola Berria izenekoa. Mugimendu horrek lortu zuen pedagogiaren inguruko eztabaida nazioartean hedatzea eta, funtsean, pedagogikoki kokatzea, eskola tradizionala eraldatzea baitzuen helburu nagusi. Rousseau edo Pestalozzi pentsalarien ideiek eragin handia izan zuten Berrikuntza Pedagogikoaren mugimenduan. Mugimendu horren aitzindarien artean hainbat autore egon ziren, besteak beste, Tolstoi, Robin, Freinet, Ferrer i Guardia, Dewey, Montessori, Claparède, Kerschensteiner edota Ferrière. Haietako askoren emari teoriko-praktikoa gaur egunera arte heldu da.

Autore horietako batzuek garaiko langile-mugimenduaren ideologia handien eragina jaso zuten. Ondorioz, hezkuntza-praktika eraldatzea ez ezik, gizartearen eraldaketa integrala burutzea ere zuten helburu. Ez da kasualitatea Urriko Iraultzaren, Depresio Handiaren, bi mundu gerren, kapitalismo industrializatuaren eta Estatu Nazionaletako erakundeen konfigurazioaren aurrekoa izatea mundu mailako lehen korronte pedagogiko kritikoa.

Ez da kasualitatea, ezta ere, ezegonkortasun eta gizarte-eklosio handiko testuinguruetan ekoizpen teoriko eta praktikoa handitzea. Horren erakusle argiak ditugu maila globalean zein lokalean.

XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen lehen laurdena garai nahasia izan ziren; langile mugimendua puri-purian zegoen, Bienio Rosso izan zen Italian, mugimendu sufragista indartu zen, Bartzelonak Rosa de Foc ezizena hartu zuen, Errusian 1905eko iraultza saiakera egon zen, Pazko matxinada gertatu zen, Bayerische Räterepublik sortu zen eta abar. Hamaika adibide jar genitzake, oihartzun handi edo txikikoak.

Garai argi bezain iluna izan zela argi dago, loraldia eta matarrasa, garai interesgarriak, aukeraz beterikoak, pitzadurak nonahi, baita basakeria ere. Walter Benjamin (2021) parafraseatuz, esan daiteke ezarritako ordenak ahalmena duela birrindu eta galdu zena begiradari ezkutatzeko, eta horrela historia hautemateko modua eratzen duela.

Zapuztutako itxaropenez jositako urteak izan ziren, baina energia eraldatzaileak ere askatu ziren. Testuinguru horretan, non iraultza sozialaren ernamuina edozein herrialdetan loratu zitekeen, Errusian urriko iraultza garaile atera zen. Historian lehen aldiz, izaera marxistadun iraultza nagusitu zen eta ordena erabat berria eraikitzeko lan nekeza hasi zuten. Horrek hezkuntzan ere izan zuen eragina. Nola eraiki hezkuntza-sistema ulertzeko beste modu bat eta eredu pedagogiko guztiz berria, langileak emantzipatzeko balioko zuena?

Herriaren hezkuntza eta demokrazia. Nadezhda Krupskaya.
Leire Azkargorta (Itzulpena), Aitor Garagarza (Hitzaurrea).

Hainbat pedagogo boltxebike galdera horri erantzuten saiatu ziren eta gaian sakondu zuten. Pedagogo horiek Eskola Berriaren mugimenduarekin identifikatzen ez baziren ere, ez ziren hezkuntzaren inguruko nazioarteko eztabaiden eraginetik kanpo bizi. Horien artean Nadezhda Krupskaia (1869-1939) dago, sobietarren hezkuntza sistemaren arduradun nagusietako bat, eta Errusiako liburutegiak garatzearen aitzindaria.

Urriko Iraultza baino lehenago Krupskaiak berrogei argitalpen baino gehiago eginak zituen. Bere obrarik esanguratsuena, Hezkuntza publikoa eta demokrazia (1915ean amaitua eta 1917an argitaratua), ekarpen garrantzitsua izan zen hezkuntza-zientzia marxisten garapenerako. Leninen iritziz, Krupskaiaren monografiak Rousseau eta Pestalozzi pedagogo handien interpretazio berria eskaini zuen langile-klasearen ikuspuntutik (Berrikuntza Pedagogikoaren mugimenduan inspirazio-iturri izan ziren egileak). Horrez gain, bera izan zen lehena errusiar gizartean Bellers eta Owenen ideia hezitzaileak ezagutarazten, eta modu sistematikoan azaldu zituen Marx eta Engelsen ekarpenak, hezkuntza eta lan produktiboaren artekoak.

Urriko iraultza baino bi urte lehenago. Pultsio utopikoa gori-gorian zegoen, iraultzaren ateak zabalik zeuden eta egoera horrek analisi kritiko hutsean ez gelditzea ahalbidetzen zuen; Liburuan nabarmena da boterea kargutik kentzeko prozesuaren eta prozesu eratzailearen arteko tentsioa.

Iraultza modu dialektikoan ulertzen eta pentsatzen badugu, iraultzak aukeren leihoa parez pare irekitzen du; edozein aldaketa modu estrukturalean gauzatzeko aukera ematen du, mundu zaharra eraisteko abagunea, baina ordura arteko mundu zahar hori ez da desagertzen, eta hori izaten da abiapuntua. Uneoro indar-korrelazioak baldintzatzen du emaitza, tesi/antitesi/sintesiaren arauari jarraituz.

Krupskaiak hirugarren ediziorako hitzaurrean tentsio horiek aipatzen ditu, hots, prozesu eratzaile batek topatzen dituen oztopoak. Sobietar Batasunaren eraikuntzan, edozein iraultzatan bezala, iraultza ez zen emaitza izan, prozesua baizik. Hau da, testuinguruak, lehentasunek eta iraultza barneko indar-posizioek baldintzatu zuten emaitza, horiek eragina baitute unean uneko iraultzaren prozesu eratzaile iraunkorrean.

La historia de la revolución soviética y su educación son la evidencia de las dificultades multilaterales que se presentan, de los errores que amenazan la realización de los procesos anhelados y de las confrontaciones inevitables de cambiar el mundo para cambiar la educación (Isch, 2019)

Sobietar Batasunaren hezkuntza-sistemari erreparatzean, kontutan izan behar dugu, lehenik eta behin, garai hartan Europako kontinentean eskolaren garapena ez zela gaur egungoa bezalakoa. Gaur egun jaun eta jabe den masa-eskola, hasieran aipatutako zutabeetan oinarritua, II. Mundu Gerraren ostean zabaldu zen gizarte-maila guztietara. Horrekin batera beste hainbat aldaketa etorri ziren, hala nola alfabetatze-prozesuak, eskolatzea derrigorrezko izatea eta abar. Hezkuntza garatzeko prozesua sakon aztertzeko betaurrekoak aldatu behar ditugu, beraz, eta jakina, kontuan izan behar dugu desberdintasun nabarmenak zeudela herrialde baten eta bestearen artean:

“Eskolatze-mailak, iraultzaren aurreko Errusian, Europako azken tokietako bat hartzen zuen. Urriko Iraultza Sozialistaren bezperan, eskola-adineko haurren 4/5 ez ziren eskolara joaten. Ikasten zuten haur gehienek lehen mailako heziketa baino ez zuten jasotzen. 1913an, Leninek mingostasunez idatzi zuen: "Errusian izan ezik, Europan ez dago hain herrialde barbarorik, non herri-masak hain espoliatuak izan diren irakaskuntzaren, ilustrazioaren eta jakintzaren zentzuan”( Kuzin eta Kondakov, 1977, 10. orri).

Eta, nola ez, ezinbestekoa da Sobietar Batasunaren konplexutasunari, hizkuntza- eta nazio-aniztasunari edota hiri- eta landa-eremuen arteko desberdintasunei erreparatzea. Tsarren Errusian 100 nazionalitate, herri eta talde etniko baino gehiago bizi ziren. Kasu gehienetan, analfabetismo maila handia zen edo ez zuten idazkera propiorik ere. Adibidez, 9 eta 50 urte arteko Tajikistango biztanleen % 2,3k, Kirgizistango % 3,1ek eta Turkmenistango % 7,8k bakarrik zekiten irakurtzen eta idazten. Hiriguneetako 1.000 biztanletik 61ek bakarrik zituzten lehen hezkuntza gainditzen zuten ikasketak, eta landa-eremuan 3k baino ez (Kuzin eta Kondakov, 1977)

Hortxe iraultza aurreko testuinguruaren argazki arina, garaiko egoera —jokalekua islatzen duena, mundu kuantitatiboaren eta kualitatiboaren arteko bidegurutzean, mikro eta makroaren artekoan, eraldaketen konplexutasunaren erakusgarri. Boltxebikeek, beste edozein esparrutan bezala, hezkuntzan ere izan zituzten erronkak ez ziren makalak izan. Liburuan ertz horietako batzuk jorratzen dituzte, eta jarraian batzuk izendatuko ditugu (ordenak ez du adierazten erronken garrantzia-mailaren araberako hierarkiarik, eta banaketak ez du esan nahi auziak zatikatzen direnik):

  1. Eztabaida nagusietako bat izan da izaki espirituala osatzean hezkuntza-sistemak —eragile sozializatzaile nagusietako bat— duen garrantzia. Jakina, nola bideratu sozialismoan gizakia eraikitzea, beste etika batean eta balio-sistema emantzipatzailean oinarrituta? Liburuan gaia mahai gainean jartzen da. Mende erdi beranduago, Paulo Freirek maisuki jorratu zuen alienazioaren gaia hezkuntzaren ikuspegitik. Ernesto Guevarak Kubako iraultzaren garaipenetik 6 urtera Sozialismoa eta gizakia Kuban (2005) entsegu laburra argitaratu zuen, antzeko kezka batetik abiatuta.
  2. Ildo berean, lan intelektuala eta manualaren arteko banaketaren inguruko eztabaidan datza liburuaren gako nagusietako bat; hau da, nola hautsi sozialismoan jakintzaren eta zereginen arteko banaketa, nola eskuratu harreman sozialen sakoneko ulerkera, eta horrek nolako isla izan dezakeen hezkuntzan. Irakaskuntza eskolaren aurrean  Krupskaiak formula argi zuen: Lan eskola (eskola politeknikoa).
  3. Formula argi izanda, eta lehen aipatu dugun Sobietar Batasunaren konplexutasuna kontutan izanda, gakoa ez da bakarrik zer, baizik eta nola: edukiak, espazioa, behar material/logistikoak edota profesionalak (gidaritza), Eskolaren egunerokotasunetik hasi eta Errepublika Federalen errealitatera arte; Hezkuntza Sistema nola antolatu bere osotasunean, behetik gora eta goitik behera.
  4. Prozesuak berak garrantzia zeukan eta, beraz, langileen demokrazia hezkuntzan eraikitzeko moduak ere landu zituzten SESBen. Zentralismo demokratikoaren printzipioei jarraituz bideratu nahi izan zuten prozesua, hau da, erabakien parte eta jabe hezkuntzako langileak ez ezik, komunitatea ere izan zedin. Makarenkoren Poema Pedagogikoa (2018) liburuaren oinarrizko korapiloa da hori, hain zuzen.

Finean, hezkuntza-sistema oso bat sozialismoa eraikitzeko baliagarria izan zedin —eta, gerora, jendarte komunista erdiets zezan— nola egituratu azaltzen ahalegindu zen Krupskaia liburu honetan. Eztabaida zinez interesgarria, hitzetatik ekintzetara salto emateko ausardiaz beterikoa, erronka kolosal baten aurrean kontraesanen konplexutasunean boga egiten duena

Baina zein izan zen Krupskaiaren lanaren emaria? Noiz gelditu ziren bere lanak eta ekarpenak ahaztuak? Zergatik bere ekarpenak ez dira ezagunak? Argigarria da itzulpen-prozesuan topatutakoak


Benjamin, W. (2021). Tesis sobre el concepto de historia y otros ensayos sobre historia y plítica. Alianza editorial.
Guevara, E. (2005) El socialismo y el hombre en Cuba. Ocean Sur.
Kuzin, N eta Kondakov, M. (1977). La instrucción publia en la URSS.Editorial progreso.
Makarenko, A. S. (2018). Poema pedagógico (Vol. 338). Ediciones Akal.
López, E. I. (2019) Cambiar el mundo para cambiar la educación. Opción.


Eusko Jaurlaritza