784 Zenbakia 2024-06-18 / 2024-09-16

Gaiak

Mugalur proiektua : ikerketa, lurraldea eta sorkuntza mugaren errealitatearen galdezkatzen

CASIRIAIN ITURRIRIA, Elena

Duela aste zenbait, martxo hastapenean, Beran nintzen Bortzirietako biztanle batzuekin muga solas. Bertsulari bat bazen mahai inguruan. Hitza hartzen du:

« Niri hori gertatu zait bertsotan, arraro sentitu naizen bertso saioa izan da hemen Saran egin kantan. Zergatikan? Gaiak baino gehiago, konturatzen zara erdaraz hitz pilo bat botatzen ditugula bertsotan ere. Ordun, klaro, Saran eztituzte ulertzen edo hango erreferentziak nik ez ditut ulertzen. Zailena egin zitzaidan kantatzea hemendik 15 minututara » (2024.03.01a, Beran, Joanes).

Beratar gazte bertsolariarentzat, Sara urrun gelditzen zaio, Bilbo aldiz hurbilago.

Nola eraman ote dugu hurbilekoa hain urrun? Eta nola hurbildu urrunekoa guregana? Euskal herriko mugaldean ibiltzen girelarik, nabari den diskurtsoa hau da: mugaz-gaindiko harremanak ttipituz doaz, « mugarik ez denetik gehiago », erran nahi baitu mugan, kontrola sistematikoa kendu zen unetik, Schengen akordioen ondorioz 1990 hamarkadan. Mugalde batean, kontrola sistematikoaren desagerpenarekin, mugaren desagertzea ikusten dugu iruditegi kolektiboan, muga pasatzen ahalbidetzen ditugunentzat. Horrek beraz errextu beharko zituen mugaren pasatzea eta « iparralde » eta « hegoalde » deitzen ditugun lurraldeen arteko harreman eta sareak. Baliteke kontrakoa egiten ari girela. Alta ez dira proiektuak falta, instituzioak ere hurbiletik interesatzen dira « mugaz-gaindikoa » deitzen den horri. « Mugaz-gaindi » sekulan baino gehiago posible da eta alta zerbait « nekea, zaila » bezala bizitzen dugu, oztopoz estalia gehienik azpimarratzen dena « oztopo administratiboa » delarik. Instituzioek berek ere erronka bat bezala bizitzen dute herritarrak « mugaz-gaindiko » abenturan sarraraztea. Iduri luke beraz ez dela mugan kontrola kentzea aski, muga horren desagertarazteko.

Dudarik ez da « muga » eta « mugaz-gaindikoa » hitzek berek dakarten kontraerrana, bixtakoa delarik « mugaz-gaindikoa » egiteko, « muga » bat behar dela, xedea ez delarik honen ukatzea, bainan alde bat eta bestearen elkartzea, amankomunak bilatuz eta desberdintasunetik aberastuz. Ez ote gaitu horrek ere egiten guztiz desberdinak? Anne-Laure Amilhat-Szary eta Marie-Christine Fourny, bi geografok zuzendutatako liburu batean, formula esankor honekin argi uzten dute Europa ez dela muga gabea: mugen ondotik, mugarekin[1].  Beraz, mugarik gabeko munduan bizi girelako teoria guztiz galdezkatzen ahal dugu eta horrez gain, lurralde mailako muga politikoaren presentziak sortzen dituen bertze hainbat motatako mugak badira izan kulturalak, hizkuntza mailakoak, sinbolikoak, mentalak etabar. Ez ote girea hainbat muga eraikitzen eta elikatzen ari gure diskurtso eta jokamoldeen bidez egunerokoan? Mikel Laboak kantatzen du: « frantses eginak gira joan den aspaldian ». Horrekin erran nahi ote dugu mugak sekulan baino eragin handiagoa duela gure izaiteetan, jokamoldeetan? Eta zer erran orduan euskaltasunaz?

Muga konzeptuaren inguruko galdera horiekin, ikerketa proiektu bat muntatu dugu gaurko joerak zein diren argitzeko, antropologiaren ikuspegitik. Honen funtsa da erakustea zertan gure mugaren bizipen eta iruditegiak eraikuntza sozial batetatik heldu diren. Sortzen, egiten eta ekoizten ditugu lurraldetasunak, molde dinamikoan, hauek aldatzen direlarik sozialki ditugun harremanen arabera. España eta Frantzia zatitzen dituen mugak berak formatuz aldatu du Europar Batasuna eta Schengen espazioaren sorrerarekin eta horrekin berriz negoziatzen dira lurraldetasunak, gure mugimendu, saretze, jokamoldeekin.

Gaur egun, Europar Batasunaren baitan diren mugak, « Europaren laborategiak » bezala begiratuak dira, zeintan europartasuna eraikitzeko leku aproposak liratekeen. Horretarako bereziki begiratua den datu bat, mugaz-gaindiko langileen datua da, erran nahi baitu egunero lanera joaiteko etxetik egiten den bidean bi Estatu nazioen arteko muga bat pasatzen dutenen zenbatekoa. Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak 4.000 mugaz-gaindiko langile kondatzen ditu gutti gora behera bere lurraldean bere 2021-2026 Plano Estrategikoan dioenaz[2]. Hartzen badugu MOT (Mission Opérationnelle Transfrontalière) frantses elkarteak ekoiztu mugaz-gaindiko frantses langileen mapa, Frantzia eta Españaren arteko dinamika orokorrean hartuta, ahula dela argi uzten du, beste mugei konparatuz[3].

Horrek erran nahi ote du ez dela mugaz-gaindiko dinamikarik Euskal herrian? Azkenean zeri deitzen diogu zuzen « mugaz-gaindikoa »? Nola definitzen dugu Euskal herrian? Nola bizitzen dugu bi Estatu nazioen arteko muga baten presentzia gure lurraldean? Euskal Herria mugalde bat ote da?   

MUGALUR: Ikerketa, sorkuntza eta lurraldearen arteko proiektu bat

Perspektiba hori segituz eta ikerketa lurraldearekin solasean jarriz, « muga », « mugaz-gaindikoa » eta « mugaldea » galdezkatzea proposatzeko sortu da MUGALUR proiektua. Hau, Euskal Herriko Unibertsitatea, Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseilua eta Cederna-Garalur elkartearen artean lankidetzan eramana da eta NAEN euroeskualdearen diru-laguntza jaso du 2023-2024 urtearentzat.

Tailer parte-hartzaileak mugaldean

Mugaldeko hainbat lekutan, tailer parte hartzaileak antolatu dira, bi aldetako biztanleak gomitatuz parte hartzera. 2023ko azaroan hiru egin dira, Urepelen, Orbaizetan eta Izaban. 2024ko martxoan berriz, Beran eta Saran egin dira bi tailer eta apirilean, azken biak Hendaian eta Amaiur-en.

Animazioarentzat, lurraldeko mapa bat eman zaie parte hartzaile bakoitzari eta bere bizi eremuaren marraztea galdegin, erran nahi baitu bizi tokia, lan lekua, nun dituen familia, aisialdi lekuak, erosketa lekuak etabar. Afektibitatea ere landu dugu, leku kuttunak edo atxikimendu berezi bat diegun leku horiek irudikatuz baita « etxea » deitzen ahal diogun eremua inguratuz. Bukatzeko « muga » hitzaren inguruko hausnarketa bultzatu dugu, hau irudikatzea galdetuz, izan mapan kokatuz, idatziz, marraztuz etabar. Bakoitzak bere mapa osatu du eta solas bat hasi da taldean, kondatuz bakoitzak bere mapak, harritzen zituzten elementuak azpimarratuz eta bizipen desberdinak agerian jarriz.

Ondotik, kalko papera bat jarri dugu maparen gainean eta bakoitzak irudikatu du zer aldatu nahiko lukeen bere mapan, ondoko 10 urteetan zer ikusi nahiko lukeen aldatzen edo zein den amesten duen bizi eremu lurraldea. Beste trukaketa momentu baten ondotik, gonbidatu da parte hartzaile bakoitza gerorako edo amestutako lurralde horri buruz joaiteko, ekintza proposamenak egitera. Guziak afitxa berean elkartu dira, bost atalen inguruan: gehiago egin beharko liratekeen ekintzak, guttiago egin behar liratekeenak, hasi behar liratekeenak, gelditu beharrak eta berdin segitu beharrak.

Tailer hauen xedea ez da bakarrik ikerketaren ildotik doana, datu bilketa bat. Honen proposamena, biztanleak elkartzea eta beren bizipenak, ideiak, iritziak trukatzea ere bada, MUGALUR proiektuak honen egiteko babes leku bat eskaintzen duelarik. Molde bat da ere erreflexibitate momentu baten hartzeko eta elgarrekin galdera batzuk pausatzeko gure buruari.

Zazpi tailerren ondorioz, bizipenen aniztasun horri argia jarri nahi diogu, fokoa mugaz-gaindiko langileetatik haratago jarriz eta muga gainditzeko manera guziak erakutsiz, izan fisikoki muga pasatuz edo ez, gure iruditegian ditugun espazioak kondutan hartuz.

Ikerketa eta sorkuntza

Lurraldearekin eta biztanleekin galderak argitan jartzeaz gain, MUGALUR-en xedea sortzaileekin ere lan egitea da. Tailer bakoitzera, ilustratzaile bat gomitatu dugu. Galdetu zaio tailerrean parte hartzea eta gertatzen zena entzunez, bainan ere bere bizipenak, gogoetak ekarriz, irudi batzuen sortzea, formatua libre utziz, marrazkia, tindua, satira tonotik edo abstraktutik pasatuz. Zazpi proposamen izan ditugu eta hauek ere mugaldea bizitzeko era desberdinak erakusten dituzte, hitzetatik haratago. Usu azpimarratzen dugu alde emozionala, sinbolikoa mugaren gaia aipatzean eta begirada sentsible batetatik, arteak mugaren bizitzeko molde subjektibo eta intimo horiek erakusten laguntzen gaitu.

Muga usu sormen lekua da, inspirazio leku ezaguna, izan bi Estatu nazioen arteko muga edo edozein beste motatako muga. Baina sorkuntza, artea, mugaren galdezkatzeko espazioa ere bada. Mugak paretak bilakatuak diren lekuetan gehienetan arteak xoko bat atxeman du salatzeko edo paretaren xedearen aldatzeko, bilakaera baten proposatzeko. Manera berean, MUGALUR-ek proposatzen du artearen erabiltzea gure galderak azaltzeko eta hobeki adierazten laguntzeko.

Galdera hauek jorratuko dira batez ere uztailean Baionan antolatzen dugun jardunaldi batean, « MUG’ARTEAN: ikerketa eta sorkuntza solasean mugari begira », Mugaz-gaindiko Uda Ikastaroen karietara, Euskal Hirigune Elkargoa eta Gipuzkoako Foru Aldundiak UIKrekin batera antolatzen dituenak.

Bururatzeko, urteko zikloari amaiera baten emaiteko, zazpi tailerretatik ateratako materialarekin, bilduma moduko mapa subjektibo eta sentsiblea sortzeko xedea dugu, ilustratzaile batzuekin lankidetzan. Horren harira euskarri bat sortuko dugu zeintan mugaldea bizitzeko eta galdezkatzeko modu desberdinak agerian jarriko ditugun. Mapa hau eta tailerretan sortutako material osoa parte hartzaileekin partekatuko da eta kontrastatuko, baita publiko zabalari ere bigarren momentu batean.

MUGALUR, ikerketa, sorkuntza eta lurraldearen artean kokatzen den proposamena da, mugaren errealitatea hobeki galdezkatzeko intentzioarekin.


[1] Liburua frantsesez titulu honekin agertua da: Après les frontières, avec la frontière. Honen itzulpen bat proposatzen dut testuan. Amilhat-Szary, Anne-Laure eta Fourny, Marie-Christine (zuz.), 2006. Après les frontières, avec la frontière : nouvelles dynamiques transfrontalières en Europe, Paris, Editions de l’Aube, 169 or.


Eusko Jaurlaritza