2019-2020an, UPV/EHUko ikasgeletan, Bitartez ikerketa-taldeko irakasleek –UPV/EHUko ikerketan sendotutako taldea, Euskal Unibertsitate Sisteman kalifikazio akademiko gorena jaso duena (A mota)– garatutako hezkuntza berriztatzeko proiektu batek agerian utzi zuen Kazetaritza, Publizitate eta Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleek zailtasunak zituztela kazetaritzako testuetan eta estalduretan matxismo-kasu jakin batzuk detektatzeko.
Gabezia horren aurrean, Angeriñe Elorriagak eta Iker Merchánek proiektu berri bat gidatzea erabaki zuten, ikasgelan ohikoa zen zerbait erredakzioetara eta kalera eramateko: matxismorik eza kazetaritza-testuetan kalitate-zantzua izatea. Izan ere, ikerketa-talde honek dioen bezala:
“Kazetaritza matxista bat kazetaritza txarra da. Kalitate kontua da, ortografia akats bat egitea edo ehuneko batean huts egitea bezala. Ez dago kazetaritza matxista ona.” (A. Elorriaga)
Horrela, UPV/EHUko Unibertsitatea-Enpresa-Gizartea (2023-2025) deialdiaren barruan –kalitatezko ikerketari laguntzen diona eta ezagutzaren transferentzia bultzatzen duena–, Bitartez taldeko irakasleen diziplina anitzeko talde bat eratu zen, Pikara Magazine Emakume Kazetarien Elkarteko arduradunekin batera –feminismoei buruz gehien irakurritako hedabidea, eta esperientzia luzea duena kazetaritzan kalitate-arazoak aztertzen–. Kazetaritza Matxistaren Behatokiaren proiektuan lan egitea zuen helburu, gutxienez bi urtez.
Behatokiaren zergatia funtsezko bost zutabetan oinarritzen da:
- Kazetaritzaren erantzukizuna
- Konpromiso publikoa
- Gizartearen eskaria
- Helburu komuna
- Elkargunea
Kazetaritzak errealitatea azaltzeaz gain, errealitatea eraiki ere egiten duenez, ezinbestekoa da benetako konpromisoa hartzea eskubide sozial guztiekin, besteak beste, genero-berdintasunarekin. Komunikabideek, gizarteari begiratzen dioten ispilu gisa eta aldaketarako funtsezko pieza gisa, kontatzen dutenaren gaineko erantzukizuna ez ezik, kontatzeko moduaren gainekoa ere izan behar dute.
Eskaera hori gizarte zibiletik bertatik dator; izan ere, 2022ko martxoaren 8an, emakume feminista kazetarien eta komunikazioko profesionalen plataforma independentearen bidez (“M8 Komunikatzaileak”), albiste matxisten behatoki bat sortzea eskatu zen, ikuspegi partzial eta diskriminatzaileak salatzeko.
Eta unibertsitate publikoak, kasu honetan UPV/EHUk, eragile aktibo gisa, ekarpen handia egin ahal du, ikerketan eta salaketan ez ezik, baita berdintasuna helburu izango duen komunikazioa errazteko irtenbideak eskainiz ere, eta zerikusia duten eragile guztien (komunikabideak, kazetariak, erakunde publikoak eta abar) arteko lokarri bihurtuz. Horrela, Kazetaritza Matxistaren Behatokia helburu partekatu hori lortzea ahalbidetuko duten komunikazio-politika eraginkorrenak definitzeko eta sustatzeko topagune gisa sortu den mekanismoa edo elementua da, eta gizarte zibilaren multzo zabalak mobilizatzeko duen gaitasunak baldintzatuko du.
Testuinguru horretan, pasa den martxoan, Kazetaritza Matxistaren Behatokia aurkeztu zen Bilboko Itsas Museoan, helburu didaktiko batekin: komunikabideetan estaldura sexistak ikusaraztea, arreta kazetaritzan jarriz, eta ez albisteetan.
Behatokiak webgune bat sortu du (www.periodismomachista.com), titular matxistak bildu eta matxismo motaren arabera sailkatzen dituena. Era berean, azaltzen da edukiak zergatik diren matxistak, hobetzeko proposamen bat egiten da, eta hedabideak erreakzionatu duen azaltzen da, ea titularra editatu, ezabatu edo informazioa azaldu duen. Hori guztia, komunikazioan aritzen diren profesionalek beren egunerokotasunean matxismoa saihestu ahal izateko eta herritarrek, oro har, eguneroko jarrera matxista horiek detektatzen ikas dezaten.
Matxismo motaren araberako kategorizazioa:
Proiektuak jasotako titular batzuk:
- «Leonor printzesaren dieta zorrotza, sasoian egoteko eta Gavi maitemintzeko»
- «Sara García, astronauta: “Den-dena gustatzen zait, sukaldean aritzea, ‘crochet’ egitea… edota nire arropa eta nire altzariak nik neuk diseinatzea"»
- «Mladenovic, Thiemen neska-laguna, irabazle binakakoetan Roland Garrosen»
- «86 urteko gizon edadetu bat inputatua, 82 urteko emaztearekin sexu-harremanak izaten saiatzeagatik»
- «Harvey Weinsteinen ibilbidea eten duten emakumeak»
- «Isuna maitasun-kantak abesteko goizaldean emakume bati deitzeagatik »
Ikertzaileen taldea (Angeriñe Elorriaga, Iker Merchán, Rosa Martín, Amaia Garcia, Maria Ruiz, Blanca Miguélez, Reyes Prados, Mónica Encinillas eta Andrea Larrinaga) eta Pikara Magazineko kazetari-koordinatzaileak (Mª Ángeles Fernández eta Teresa Villaverde) dira titular matxistak identifikatu, ebaluatu eta lantzen dituztenak. Proposamena herritarrei ere irekita dago, eta postontzi bat dute, hedabideetan antzematen dituzten estaldura sexisten kasuak helarazteko.
Webgunea euskaraz eta gaztelaniaz dago eskuragarri, eta laster ingelesez egotea du helburu.
Informazio bakoitza argitaratu den hizkuntzan jasotzeko aukera ematen du; izan ere, estaldura matxista izan daiteke, transkribatzeko erabili den hizkuntza gorabehera. Kontua, beraz, kazetaritza on bat egiten laguntzea da, eta, horretarako, ziurtzat jotzen den guztia zalantzan jarri behar da, lanbideko matxismoa seinalatu eta istorioak hobeto kontatu behar dira. Gainera, Instagram, TikTok eta Twitterren presentzia aktiboa du proiektuak.
Era berean, Behatokiak material didaktikoa sortu nahi du, Bigarren Hezkuntzako geletan eta komunikazio-fakultateetan erabil daitekeena, proiektuaren bigarren fasean.
Mónica Encinillas, Andrea Larrinaga, Amaia Garcia, Mª Ángeles Fernández, Angeriñe Elorriaga eta
Iker Merchán (ezkerretik eskuinera eta goitik behera), Behatokiko kideak.
(Kazetaritza Matxistaren Behatokiaren aurkezpena Bilboko Itsas Museoan, 2024ko martxoaren 7an).