Euskalkiei buruzko lanak azken urteetan ugaritu baldin badira ere, aitortu egin behar dugu hainbat hizkeren deskribapenak falta ditugula eta, partikularki, Ipar Euskal Herriko hainbat mintzoenak. Azken hamarkadetan argitaraturiko lanek bertako hizkeren ezagutza areagotu dute, baita interesa piztu ere. Horien artean aipatzekoak dira Gotzon Aurrekoetxea eta Xarles Videgainen ardurapean eraman den Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa, Iñaki Caminoren Nafarroa Garaiko zein Behereko monografiak eta berriki argitaraturiko Ipar Euskal Herriko berrikuntzen azterketa, Koldo Zuazok Saran zein Baigorri Ortzaizen eginiko hiztegiak, Lapurdiko barnealdeko euskara aztergai duen Irantzu Epelderen doktorego tesia, bertzeak bertze.
Halarik ere, nahiz eta gaitzeko aitzinamenduak egin diren azken hamarkadetan, dialektologoak bat datoz Ipar Euskal Herriko hizkerak hobeki ezagutzeko beharra eta premia azpimarratzeko (Zuazo 2006: 99): “Ipar Euskal Herrikoa da denetan ezezagunena, eta galbide lasterrean doazkigu alderdi hartako hizkerak. Edo berdintzen, galtzen ez direnak”. Hutsune hori hein batean betetzeko asmoz, gure etxeko euskarari argi pixka bat eman nahi izan diogu doktorego tesi honen bidez.
Dialektologiaren baitan kokaturiko ikerlan honek hizkuntzaren aldakortasun geografikoa du ardatz nagusia eta geografia-eremua, berriz, Lapurdiko itsas hegia. Tesi honen helburu nagusia Lapurdiko itsas hegiko ahozko euskararen deskribapena eta konparazioa ekartzea da, hots, kostatar mintzoaren lehenbiziko monografia aurkeztea. Horretarako, dialektologian usaiakoak diren irizpideak aintzat hartuz lekukoak hautatu eta grabatu ditugu, ahozko corpus baten sortzeko. Gainera, gure eskualdeko euskararen bilakaeraren berri ematen ahalegindu gara, XVII-XIX. mendeen bitarteko lekukotasunak lagun.
Lapurdiko itsasaldeko mintzoaren kokatzeko, isoglosak finkatzeko, ezaugarrien geografia-hedadurak zein eragin-eremuak aztertu ahal izateko, bilduriko datuak ondoko hizkerekin kontrastatzea ezinbertzekoa da. Hizkera baten azterketa dialektologiko egokia egin ahal izateko, funtsean, gure eremuan ageri diren hizkuntza-ezaugarri berriak ondoko eskualdeek ere partekatzen dituzten jakin behar dugu, eta, alderantziz, inguruko ibarretan ageri direnak gurean badiren edo ez diren.
Gure eskualdeko euskararen deskripzioa egiteaz gain, gogoan izan ditugu gure eremuko mendebalean eta hegoaldean kokaturiko herriak, hots, Nafarroa Garaikoak eta Gipuzkoako ipar-ekialdekoak. Datu hauek ez dira guk bilduak, bertze dialektologoek xeheki azterturikoak baizik. Era berean, gure eremuaren eskuinean, Lapurdiko barnealdeko eta Aturrialdeko euskarari buruzko lanak aintzat hartu ditugu. Hala ere, hutsune bat kausitu dugu –lexikoan bereziki zentratzen den Zuazoren (2018) ikerlana ere baliagarria izan zaigula ahantzi gabe–: Sara eskualdeko eta batez ere Arrangoitzeko mintzoen deskribapen falta. Hortakotz, ezaugarrien hedadura behar bezala aztertzeko, elkarrizketak Saran eta Arrangoitzen ere egitea erabaki dugu, bertako mintzairak xeheago ezagutzeko zein biltzeko eta jasotako hizkuntza-datu horiek berak Lapurdiko itsas hegian bildu ditugunekin kontrastatu ahal izateko.
Lapurdiko itsas hegiak hiru eskualderekin partekatzen ditu hainbat berrikuntza; hauek dira, ekialde zabala, Ipar Euskal Herria eta Euskal Herri erdialdea. Ez da beti aise berrikuntza batzuk nondik abiatu diren jakitea; badugu oraindik zer azter eta zer ikas hizkuntza dinamika linguistiko historikoez. Halarik ere, Donibane Lohizune berritzailea izan da, eta are gehiago, ondoko hizkeretan izan duen eragina nabarmentzekoa da. XIX. mende erdian Louis-Lucien Bonapartek bertan bildu datuak eta gureak erkatuz, azken mendean Lapurdiko hego‑mendebala eta mendebal-erdialdea kostaldera so egon direla agerian utzi dugu, baita Donibane Lohizune eskualdeko portu eta hiri euskaldunak izan duen eragina azpimarratu ere. Iraganean Lapurdiko itsas hegiko berrikuntza esklusiboak izan baldin badira, egun batasun handiagoa dakusagu Lapurdiko mendebalean.
Auzoekiko loturek eta harreman estuek hizkuntza-ohituran eragina dute, honela, hizkeren arteko berdintasunak edo desberdintasunak maiz salatzen ditu komunitateen arteko erlazioak eta praktikak. Lapurdiko itsas hegiko mintzoko ezaugarrien konbinazioa halako errealitate baten isla litzateke: Ipar Euskal Herrian gaindi kurritzen duten ezaugarriak ageri dira gure eskualdean eta, bertzalde, muga politiko-administratiboaren lausotasuna agerian uzten dute Gipuzkoako eta Bortzerrietako euskaldunekin partekatzen dituen hizkuntza-ezaugarri berriek. Funtsean, ezaugarri-konbinazio horrek egiten du berezi gure eskualdeko euskara; izan ere, ekialdeko hizkerekin duen lotura ukaezina baldin bada, erdialdeko hizkerei begira ere egon da.