Eusko Ikaskuntza egun garatzen ari den proiektuen artean, Euskal nortasuna(k) XXI. mendera begira: 2050 helburu izeneko ikerketa-egitasmoa agertzen zaigu. 2022an hasi eta 2024an amaituko den ikerketa honen helburua, egungo euskal gizartean euskal nortasuna nola ulertzen eta interpretatzen den antzematea eta nortasunaren izaeraren eta ezaugarrien inguruan dauden diskurtsoak ezagutzea da, eta, aurrera begirako erronkak identifikatuz, etorkizunean kokatuko gaituen euskal gizarte kohesionatua eraikitzen lagunduko digun nortasun kolektiboa eraikitzeko oinarriak proposatzea.
Ikerketa hau, neurri handi batean, 2006an Eusko Ikaskuntzak burututako Euskal nortasuna eta kultura XXI. mendearen hasieran lanaren segida da. Ikerketa hartan, nagusiki, mendearen hasieran euskal identitatea ezagutzeko kartografia kuantitatibo bat landu zen. Oraingo honetan, berriz, euskal nortasunaren parte sentitzen direnen diskurtsoetan euskal nortasunari buruzko gizarte errepresentazioak nola agertzen diren aztertu nahi izan da, Funtsatutako Teoriaren (Strauss eta Corbin, 2002) ikusmolde metodologikoa jarraitu duen metodologia kualitatiboa aplikatuz, gaiaren sozializaziorako konstrukto teoriko-propositiboa osatzera iritsi asmoz.
Euskonews aldizkari honen aurreko 781 zenbakian ikerketa proiektuaren metodologiari eta ikertutako arloei buruzko informazioa eskaintzen da. Artikulu honetan, berriz, gizarte errepresentazioen atal batean ikerketak eman dituen emaitza batzuk azalduko dira.
Ikerketa bost kategoria nagusiren inguruan jasotako diskurtsoen azterketan oinarritu da. Horrela, eta kategoria horiek abiapuntu, jaso den informazioa ordenatu eta analisia operazionalizatzeko, informatzaileen diskurtsoetan agertzen diren bost eratako gizarte errepresentazioak aztertu dira: euskal nortasun-elementuei buruzko gizarte errepresentazioak, euskal nortasunaren izaerari buruzkoak, euskal nortasunaren eragileei buruzkoak, euskal nortasunaren aldaketari buruzkoak eta euskal nortasunaren etorkizuneko erronkei buruzkoak.
Gizarte errepresentazioa kontzeptua ulertzeko, eta Jodelet-ek (1986) azaltzen duenari jarraituz, gizarte errepresentazioak inguratzen gaituen errealitate material, sozial zein ideala ulertzen edo/eta barneratzen laguntzen duten ezagutzak dira, eta berezitasun hauek dituzte:
- Herri jakintzarekin, ezagutza espontaneoarekin, sen onarekin edo pentsamendu naturalarekin lotuta daude.
- Norbere esperientzietatik eraikitzen dira, baita sozializazio prozesuan parte hartzen duten hainbat eragileren eraginaren bidez.
- Gizarte errepresentazio batzuk oinarri erreala dute, baina beste batzuk estereotipoak, aurreiritziak edo klitxeak dira.
- Taldean eraikitzen eta partekatzen dira.
- Elkarrekin komunikatzea, harremanetan sartzea eta elkar eragitea ahalbidetzen dute.
- Besteekin komunitatean bizitzeko, kohesioa mantentzeko eta elkarrekintzan aritzeko ezagutza praktikoa ematen dute.
Gizarte errepresentazioen berezitasun horiek kontuan hartuta, konstrukto teoriko-propositiboaren eraiketari begira ikerketaren analisian kontuan hartu diren galderak izan dira: Zeintzuk dira euskal nortasunaren gizarte errepresentazioak? Zeintzuk dira euskal nortasunaren inguruan adostasuna sortzen duten gizarte errepresentazioak? Eta desadostasuna sortzen dutenak?
Esan bezala, artikulu honetan ikerketak atal batean eman dituen emaitza batzuk aurreratuko dira, zehazki, euskal nortasunaren izaerari buruzko gizarte errepresentazioei dagokionean.
Euskal nortasunaren izaerari buruzko gizarte errepresentazioak
Komunitate baten nortasuna komunitate hori osatzen duen kideek partekatzen dituzten nortasuna ulertzeko moduen, nortasunari buruzko ideien edo/eta definizioen bilduma bezala ere definitu daiteke. Hori horrela, nola ulertzen, definitzen edota errepresentatzen dute ikerketan parte hartu duten informatzaileek euskal nortasunaren izaera? Informatzaileengandik jasotako informazioen arabera, zazpi dira euskal nortasunaren izaera definitzerakoan gehien errepikatzen diren ideia, definizio edo ulerkerak, ondoko irudian grafikoki adierazi direnak.
Irudia: Euskal Nortasuna badenari buruzko errepresentazioa.
Lehenengo ideia. Euskal nortasuna Etengabe aldatzen edo/eta egokitzen ari da. Euskal nortasuna zerbait bizia da, dinamikoa, garaira egokitzen dena.
Bigarren ideia. Euskal nortasuna Indibiduala eta, era berean, kolektiboa da. Euskal nortasuna sentimendu subjektiboa da, norberak eraikitzen duena, baina nortasun kolektibo bati, komunitate bati, talde bati edo sentimendu orokor bati atxikitzen edo lotzen zaiona. Euskal nortasuna sozialki eraikitako eta partekatutako ezagutza da, eta euskal nortasunaren subjektua subjektu kolektiboa da. Dena dela, euskal nortasuna soilik modu indibidualistan bizi dutenak ere badira, euskal nortasuna modu pertsonalean definitzen den zerbait bezala ikusten dutenak.
Hirugarren ideia.Euskal nortasuna Tradizionala eta, era berean, modernoa da. Tradizioak, sustraiak, aurreko belaunaldien irakatsiak, antzinako ohiturak edo historia erreferente garrantzitsuak dira euskal nortasunarekin bat egiten dutenentzat. Baina horrekin batera, euskal nortasuna modernoa dela esaten da. Euskal nortasunak modernizatzen jakin izan du.
Laugarren ideia.Euskal nortasuna Mundura irekia dago. Euskal nortasuna ez da egon eta ez dago isolatuta. Europako, mendebaldeko edo mundu globaleko parte da, mundura irekita dagoen nortasuna da, eta inguruko kulturen, hizkuntzen eta nortasunen eragina jasan du.
Bosgarren ideia.Euskal nortasuna Heterogeneoa da. “Euskalduna” izatea ala “vasco” / “basque” izatea, ikusmolde ezberdinak. Dena dela, gehienentzat euskal nortasuna ulertzeko, definitzeko edo pentsatzeko modu asko bizi dira elkarren alboan EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Eta hori horrela da, bizitzeko modu desberdinak daudelako (batez ere Euskal Herriko Iparraldean eta Hegoan); euskararekiko eta euskal kulturarekiko harreman mota desberdinak daudelako; eta kanpoko nortasun, hizkuntza eta kulturen eragina dagoelako. Beraz, euskal nortasuna ezin da klitxeen, estereotipoen edo ikur zehatz batzuen bidez definitu, ezta modu monolitikoan deskribatu ere.
Seigarren ideia.
Zazpigarren ideia. Euskal nortasuna eraikuntza da. Euskal nortasuna eraikuntza pertsonala eta kolektiboa da. Pertsonala da maila subjektibo eta boluntarista batean eraikitzen delako. Eta kolektiboa da jende askoren partehartzearen edo/eta ekintzaren emaitza delako. Eta inguruko kultura eta hizkuntzekin izan ditugun eta gaur egun ere ditugun elkartrukeek ere eragina dute eraikuntza horretan. Ideia hau, ideia gako edo zentraltzat har daiteke.
Beraz, euskal nortasuna indibiduala eta kolektiboa da; tradizionala eta modernoa; mundura irekia dago; heterogeneoa da; gatazkak eta tentsioek markatuta dago; etengabe ari da egokitzen edo/eta aldatzen; eta unean uneko faktore eta elementurekin eraikitzen da.
Euskal nortasunaren izaera baiezkoaren bidetik definitzearekin batera (hau da, euskal nortasunaren izaerari buruzko baieztapenak egiteaz gain) ukazioaren bidetik ere definitzen da. Horrela, informatzaileek euskal nortasuna zer ez den ere aipatzen dute, ondoko irudian grafikoki agertu moduan.
Irudia: Euskal Nortasuna ez denari buruzko errepresentazioa.
Lehenengo ideia. Euskal nortasuna Ez da nortasun esentzialista edo primordialista. informatzaileen arabera, euskal nortasuna ez da aldez aurretik, jaiotzatik, eta automatikoki gizakiek herentziaz jasotzen dituzten ezaugarrien multzoa. Hau da, badirudi gaur egun kanpo itxurak, ezaugarri fisikoek, abizenek edo gurasoen jatorriak garrantzi gutxi dutela euskal nortasuna definitzerakoan. Informatzaileen artean euskal nortasuna ematen duten esentziazko edo oinarrizko elementurik ez da aipatzen.
Bigarren ideia. Euskal nortasuna Ez da nortasun erlijiosoa. Informatzaile gehienen arabera, momentu honetan euskal nortasuna laikoa da. Dena dela, hainbatek dioenaren arabera, euskal nortasunean kristautasunak izan duen eragina uka ezina da. Kristautasunari loturiko hainbat balio humanistikoren eta eliza katolikoaren jardun eta errituen eragintza presente daude gaur eguneko euskal nortasunean.
Hirugarren ideia. Euskal nortasuna Ez dirudi nortasun materialista denik. Informatzaileei ez zaie galdetu, zuzenean, euskal nortasunaren ikur materialei, ereserkiei edo toki eta eraikin sinbolikoei buruz. Hori kontuan izanik, informatzaileen artean euskal nortasunari buruz hitz egiten denean, ez dira inoiz aipatzen monumentuak, eraikin enblematikoak, ondare arkeologikoak, ereserkiak, armarriak, ondare artistikoak edo esanahi berezia duten hitz edo toki fisiko zehatzak. Ikur materialei buruzko aipamenak ere oso gutxi dira (gehien aipatzen dena ikurrina da). Aldiz, ugariak dira euskal nortasuna ondare ez-materialarekin edo ukiezinarekin lotzen dutenak: hizkuntza, kultura, tradizioa, parte-hartzea, komunitatearen zentzua...
Esan bezala, hemen agertu dena ikerketaren atal baten emaitza nagusiak dira, euskal nortasunaren parte sentitzen den hainbat subjektuk adierazita, egun euskal nortasunaren izaera nola errepresentatzen den ideia nagusiak identifikatzeko eta irudikatzeko aukera ematen digutenak. Bide horretan, informazio baliagarria suertatzen da euskal nortasuna zer den errepresentatzearekin batera, zer ez den ere errepresentatzea, azken honek euskal nortasunaren irudikatzeak izan duen bilakaera eta eguneratzeari buruzko errepresentazioa osatzen lagundu baitezake.
Bibliografia:
Jodelet, Denise. (1986): “La representación social: fenómenos, concepto y teoría”. Serge Moscovici (koordinatzailea): Psicología social II. Pensamiento y vida social. Psicología social y problemas sociales. Paidós.
Strauss, Anselm L. eta Corbin, Juliet M. (2002): Bases de la investigación cualitativa: técnicas y procedimientos para desarrollar la teoría fundamentada. Editorial Universidad de Antioquia.