783 Zenbakia 2024-03-18 / 2024-06-18

Gaiak

Lankidetzazko gobernantza eta bera sostengatzen dituzten elementuak: komunitatea, parte-hartzea eta ehuntzea

ZILBETI, Maider

Lankidetzazko gobernantza hainbatetan entzun eta agian erabili ere egin dugun terminoa izan da azkeneko urteotan. Baina zertan datza eta nola alda ditzake lankidetzazko gobernantzak gure bizimoduak, gure erlazionatzeko moduak? Banakoak edo giza-talde ezberdinek erakunde publikoekin dituzte erlazioak aldatzera al dator lankidetzazko gobernantza? Eta non geratzen da erlazio hauetan sektore pribatua? Nork jarri behar du lankidetzazko gobernantza martxan eraginkorra izan dadin?

Entzun, errepikatu, baina honen inguruan ere galdera sorta handia sortu dezakeen bikotea osatzen du lankidetzazko gobernantzak. Seguruena, zeinen ahotan entzuten dugunaren arabera, esanahi eta intentzio ezberdinak antzemango genizkion lankidetzazko gobernantzari.  Edonola ere, gobernatzeko modu bat, politika egiteko beste era bat eta politika publikoak osatzeko zein praktikara eramateko bide berriak esploratzen ditu lankidetzazko gobernantzak. Gobernantzen, gure ordezkari gisa erabaki politikoak hartzen dituztenenganako konfiantza eta egitura politiko demokratikoenganako konfiantza urratu den honetan, sistema demokratikoek, beraien burua berritzearen apustua egin dute. Baina berritze hau, gizartearekin batera pentsatu eta aurrera eraman beharreko erabakiguneak leku ezberdinetan kokatzen aurrera eraman daiteke bakarrik. Lan konplexua egungo gizarte konplexu eta erronka erraldoientzat. Hurrengo lerroetan, lankidetzazko gobernantza, momentura arte landu diren esperientzia ezberdinetatik abiatuta, berrikusi eta landu behar dituen kontzeptu batzuetan pausatuko gara: komunitatea, parte-hartzea eta gizartearen ehuntzea.

Azken urteotan lankidetzazko gobernantzaren gauzatze ezberdinak ezagutu ditugu gure ingurunean zein eragilek bultzatzen duenaren arabera. Batetik, eta adibide gisa, erakunde publikoek bultzatutako etorkizunari begiratzeko espazioa izan da Etorkizuna Eraikiz, Gipuzkoako Foru Aldundiak azkeneko zortzi urteetan aurrera eramandako proiektua; edota udal mailan Tolosako Herritarren Batzarra, osasun mentala eta ongizate emozionalaren gaia landu zuena 23 tolosarrekin deliberatiboki, eta ondoren, proposamenak erakunde publiko iritsi arazi ziena ere ezagutu dugu. Bestetik herritarrek eta gizarte-eragileek aurrera eramandako ekimenen artean eta erakunde publikoen artean zubi lanak egiten dituen ikerketa-ekintza proiektua da UPV/EHUk garatu duen Gi2030 proiektua. Hirugarrenik elkarteek aurrera eraman dezaketen proiektuak ditugu, horien artean auzo ehuna, pertsonen arteko kohesioa indartzea ondarearen zaintzaren bidetik egitea proposatzen duen proiektua dugu (Ereñotzuko entitate txikiaren proiektua).

Beraz, gobernantza lankidetzatik pentsatzeko abiapuntu ezberdinak daude. Goitik behera (erakunde publikoetatik herritarretara) proposatzen diren espazio, ariketa eta metodologiak, modu sistematizatuan eta eskalagarrian aritzeko diseinatzen dira. Behin eta berriz eragile ezberdinekin formula bera aplikatzean datza. Aldiz, herritarrengandik abiatzen diren proposamenek, izan talde antolatu batetik, izan proposamena luzatzeko antolatu den talde batetik, honako hauek esperimentaziotik eta intuitibotasunetik asko daukate, agian teoriatik pixka bat ere. Honako hauek ehun soziala eta komunitatearen aktibazioa bilatzen dituzte egungo zailtasun eta erronkak lantzeko eta hau egiteko moduak lekuan lekukoak izaten dira. Honekin esan nahi da, ez dagoela eredu frogaturik herri eta auzo ezberdinetan aplikagarria izan daitekeena, baizik eta auzo eta herri ezberdinen ezaugarrien arabera: zein herrialde ezberdinetako pertsonak bizi diren, euskararen arnasgunea den, hirigunea edo landa eremukoa den, adineko jende asko bizi den, gazteen langabezi tasa handia dagoen, … aktibazioa aurrera eramateko moduak ezberdinak izango dira.

Komunitaterik gabe ezinezkoa da lankidetzazko gobernantza egotea. Beraz, erakunde publikoek demokraziaren berritzea lankidetzan lantzeko eskua zabaltzen dutenean, komunitateari zabaldu beharko liokete eskua. Komunitatea, iruditegi perfektuan, kohesio soziala duen gizataldea litzateke. Lurraldetasunari erreferentzia egiten dio ere komunitateak, eta baita ere barne antolamendu eta antolamendu politikoari (komunitate barruko botere erlazioei). Komunitatea gizartearen ehuntzearen ondorio gertatzen da, eta ezinbestekoa da ehuntze honetan etengabean lan egitea bizi dugun egunerokotasunaren ulermen komun bat izateko eta horrela, etorkizunaren irudimen komun bat eraikitzeko.

Komunitatean ere, elkar-ekintza eta parte-hartzea aurrera eramaten den heinean osatu, berregituratu eta iruditegi sinboliko bateratu eta berriak garatzen dira. Hortaz, parte-hartzea ezinbestekoa da gizartearen ehuntzearekin batera ulertzea. Hurrengo lerroetan bi kontzeptu hauen nondik norakoak ekartzen saiatuko gara:

Parte-hartzea komunitatea definitu eta sendotzeko prozesuaz izateaz gain, lankidetzazko gobernantzaren parte diren beste aktoreekin erlazionatzeko gunea edo espazioan datza ere. Ariketa ezberdinak proposatu daitezke prozesu parte-hartzaileen artean: deliberazio ariketak, era ezberdinetako ahalduntze eta gaitze ariketak, erakundeetara bideratutako proposamenak garatzea, erakundeekin komunikatzeko kanalak osatzea, … Hauek guztiak espazio edo gune ezberdinetan diharduten pertsonen arteko erlazioetatik eratortzen diren ariketak dira. Ariketa hauek ezinbestekoak dira etorkizun adostu baterako bidea egiteko, baina nola bermatzen da egunerokotasunean elkar-erlazioa ez duten pertsonen topagune izatea ariketa hauek? Gizartearen konplexutasunaren errepresentazioa izango direla eta ez direla gizartean jada lekua duten bazterketa mekanismoak errepikatuko?

Gizartearen ehuntzeak onura handiak dakartza egungo erronken aurrean: kolektibo ezberdinen arteko elkar komunikaziorako bideak bilatzen ditu. Ehuntzea ezinbestekoa da elkarbizitzarako eta elkar zaintzarako. Honako honek, hizkuntza, kultura, ohitura ezberdinak dituzten pertsonen arteko ehuntzea eskatzen du: elkar zaintzarako bideratuak dauden ordu, esfortzu, mimo asko; erakundeen lan eta konpetentzia eremutik ihes egiten diren enpatiazko eta zaintzazko lanak. Hortaz, ehuntzeak, gizartean jada txertatuta dauden baztertze mekanismoak kolokan jartzea eskatzen du halabeharrez. Modu honetan, ehuntzea, ezinbestekoa baldintza da lankidetzazko gobernantza aurrera eramateko. Lankidetzazko gobernantzaren ariketa nahiz eta erakunde publikoek bultzatutako ekimena izan, adibidez goian aipatu bezala Foru Aldundi batek martxan jarri arren lankidetzazko gobernantza aurrera eramateko gunea, bere aurrekontu eta laguntza teknikoarekin, honako hau ezinezko da aurrera eramatea gizartearen ehuntzerik gertatzen ez baldin bada.

Baina, erakunde publikoek ehuntzea indartzen lagundu al dezakete? Gizartearen  ehuntzea ardura publikoak diren gaiak ondo kudeatzeko ezinbestekoak dira: zaintza adibidez. Beraz, erakunde publikoek  ehuntzea bermatzearen ardura izan beharko lukete. Bestalde, egungo balditzetan, non erakundeekiko eta hauen lanarekiko konfiantza ez den ehuneko ehuna, nola iritsi daitezke erakundeak ehuntze eraginkorra aurrera eramatea?

Ehuntzerako ez dago metodologia magikorik. Froga eta akats etengabeko saioek osatzen dute ehuntze hau. Hori dela eta, lekuan lekuko erlazioak landu ahal izateko, lekuan lekuko kolektiboen ezaugarriak ezagutu behar dira eta hauek indartu. Lekuan lekuko behatzailea izan beharko dute erakunde publikoek ehuntzea bultzatu eta zaindu nahi baldin badute.

Bukatzeko, parte-hartzea eta gizartearen ehuntzea laguntzen eta bermatzen duen feminismoari ateak ireki behar dizkio lankidetzazko gobernantzak. Feminismoari ateak irekitzeak teoria, metodologia eta errealitatea behatzeko epistemologia eta honi lotutako esperientziak aplikatzea lekarke. Egun, gure bizitzaren konplexutasuna analitikoki ulertu eta politikoki eraldatzeko ezinbestekoak diren epistemologia, jarrera eta ekintza suposatzen dituzte feminismoaren ekarpenek, esaterako: ikuspuntu intersekzionala, harreman eta erlazio publiko-komunitarioak lantzearen urgentzia, zaintza erdigunean kokatzea, elkar-zaintza eta interdependentzia gure hausnarketaren pauso orotan eta erabaki orotan presente egitearen ezinbestekotasuna, ... Onarpen epistemologikoak, erlazionatzeko moduetan ere aldaketak ekarriko ditu. Lankidetzazko gobernantza feministak, egungo gizartearen arazo eta erronkei heltzeko ezinbesteko euskarri eta bultzada emango digu.


Eusko Jaurlaritza