783 Zenbakia 2024-03-18 / 2024-06-18

Gaiak

Euskal Herria lurralde bizia, muga lurraldea, klima larrialdi erronkaren aurrean

RUIZ, Asier MURUA, Itsaso

Oztopoak eta zailtasunak erronka bihurtzen, kohesioa eta partaidetza oinarri hartuta

Euskal Herria Europako lurralde bat da, Europar Batasuneko bi estatu kideren artean kokatua, Espainia eta Frantzia, hizkuntza propio bat duena, euskara, bai eta nortasun kultural eta sozial berezi bat ere, eta historikoki artikulazio politiko desberdinak izan dituena. Euskal Herriko lurraldeek eta bertako biztanleek harreman kultural, sozial eta ekonomiko estuak izan dituzte historian zehar, nahiz eta mugak bi lurraldeen arteko banaketa ekarri duen.

Euskal gizarteak gaitasun handia erakutsi du mugetatik haragoko harremanei heltzeko. Mugek zailtasunak eta oztopoak sortu badituzte ere, euskaldunek lotura naturala izan dute banalerroen bi aldeen artean. Ezarritako mugak gainditzeko trebetasun horrek kultura- eta gizarte-kohesio bakarrari eustea ahalbidetu du, aniztasunaz elikatuz eta nortasunaz indartuz, eta kapital sozial indartsua lortuz.

Mugak oztopoak dira elkar ezagutzeko eta elkarrekin aritzeko, baina aldi berean oztopoak gainditzeko dinamika eragileak ere bai, inteligentzia kolektiboa piztuz eta aukera berriak sortuz. Horrela bada, Euskal Herria herri erresilientea dela irakutsi du mugez haraindi, herri taupada mantentzeko gai izan delako.

Herritarrek Euskal Herriaren barruko harremanak sendotzeko eta elkarrekiko lankidetzan sakontzeko espazioak izateko interesa duten arren, Euskal Herriko lurraldeetarako gobernantza maila komun bat ez izateak lankidetza zaildu egiten du. Gainera, gobernantza maila propiorik ezak hainbat oztopo sortzen ditu gizarte, ekonomia eta lurralde kohesioa ahalbidetzen duen harreman normalizatu bat artikulatzeko.

Hori dela eta, hurrengo hamarkadetan Euskal Herrian elkarrekiko harremanak sendotzeko eta komunitate izaten jarraitzeko bi bide edo bi tresna izango ditugu: lurraldekohesioa eta klima aldaketa. Biak aukera eta tresna gisa baliatuz, lor dezakegu Euskal Herriko lurraldetasunean aurrera egitea.

Europar Batasunaren arabera, lurralde-kohesioa leku guztien garapen harmoniatsua bermatzen duen printzipioa da, eta bertako biztanleek beren lurralde-aktiboei ahalik eta etekin handiena ateratzea lortzea du xede. Esan bezala, lurralde-kohesioa aniztasuna eta desorekak ere Europar Batasunaren garapen jasangarriari lagunduko duen aktibo bihurtzeko bitarteko bat da. Horren bidez, Euskal Herriko lurraldeen ezaugarri diren aktiboak indartzeko dinamikak sortu ahal dira eta, horrela eskualdeek, hiriek eta herritarrek dituzten indarguneak elkarrekin pentsatuz eta baliatuz denon mesedetan erabili. Bestela esanda, lurraldekohesioaren ikuspegi funtzionala garatuz, Euskal Herriko garapen harmoniatsuan sakontzeko aukera daukagu.

Europan ezarri den kohesio kontzeptuaren arabera, lurralde bat kohesionatuta dagoela ulertzen da hiru ardatz hauen arabera: kontzentrazioa, konexioa eta kooperazioa.

Lehenengo ardatzari, kontzentrazioaren ardatzari, dagokionez, azpimarratu behar da ekonomia jarduera, bai Europar Batasunean, bai Euskal Herrian, hiri handiekin bat datozen gune handi eta espezifikoetan biltzen dela. Horrek onura ugari dakartza, baina baita desabantailak ere. Hori dela eta, lehenengo ardatz honen helburua da kontzentrazioek sortzen dituzten ondorio negatiboak murriztea eta, aldi berean, biztanleria guztiak ekonomia espezializatu eta produktiboen onura izan dezan bermatzea.

Bigarren ardatzari dagokionez, lehenik eta behin, herritar guztiei zerbitzu hauetarako sarbide egokia eskaini nahi die: laguntza medikoa, hezkuntza, interneten eta energiaren kalitate konexioak eta enpresen eta ikerketa zentroen arteko lotura sendoak. Bigarrenik, garraio sistema integratuetarako sarbidea ere eskaini nahi da, eta, horretarako, trenbideak eta kalitatezko errepideak, eraiki behar dira hiriguneen eta herrien artean.

Kontzentrazio eta konexio ardatzen arabera, horiek modu eraginkorrean garatu ahal izango dira, maila guztietan lankidetza edo kooperazioa erabiliz. Bereziki, konexioari buruz planteatzen diren helburuak lortzeko, sarritan beharrezkoa da eragile publiko eta pribatuen arteko kooperazioa lankidetza egitura sendoak sortzeko. Era berean, herrialde edo eskualde bereko tokiko agintarien, inguruko herrialdeen eta Europar Batasuneko beste agente batzuen arteko lankidetza funtsezkoa da helburuak lortzeko.

Kohesio-politika Europar Batasunaren inbertsio-politika nagusia da, garai hauetan bereziki arlo soziala eta ingurumenaren bermean jartzen da arreta gehien, baina gobernantza ireki eta parte hartzaileari ere bere tokia eman nahi zaio. Hala, Batasuneko eskualde eta hiri guztiei mesede egin nahi die, hazkunde ekonomikoa, enpleguaren sorrera, enpresen lehiakortasuna, garapen iraunkorra eta ingurumenaren babesa bultzatzen, iraunkortasunparametroen barruan.

Lurralde-kohesioarekin batera, bada beste arazo bat, aukera edo tresna bihurtuta, Euskal Herriko lurralde-kohesioa egoki elikatu ahal duena: klima aldaketa. Hain zuzen ere, Euskal Herriko lurraldeen kohesio politikak elkarrekin pentsatuz, modu partekatuaren bidez, klima aldaketaren erronka handi horri aurre egin dakioke, modu bateratu, antolatu eta eraginkorrago batean.

Edonola ere, kohesioaren ardatz horiek guztiak nola lurreratu behar diren inguruan eztabaida sortzen da. Zeintzuk dira bultzatu nahi ditugun ereduak, garapena bertzerik ikusten ez dutenak? Jasangarritasunaren izenean edozein gauza balio du? Non daude mugak? Nola lortu lurralde bizi, justu, inteligente eta ahaldundu bat? Kohesio-politikak eta bere aplikazioa nola izan behar duen inguruko eztabaida gizarteari ireki behar zaio, benetako dinamika partehartzaileak sustatuz.

Europar Batasunak, halaber, mugek eragiten dituzten oztopoez jabetu da eta egoera honi aurre egiteko Europako erakundeek baliabide handiak jartzen dituzte lurralde biziak, jasangarriak era inteligenteak sustatzeko, kohesio politika eta funtsen bidez. Horretarako, tresna ezberdinak jartzen ditu estatu kide eta tokiko erakundeen esku. Muga espazioen bizitasuna azkartzea eta lurralde gisa ahalduntzea Europako kohesioa sendotzen du.

Baina, esan bezala, gaur egun ezin daiteke lurraldeen etorkizunaz gogoeta egin klima larrialdiaren ondorioak aintzat hartu gabe. Parisko 2015. urteko akordiotik abiatuta, non planetaren beroketa mugatzeko jarduera globala ezartzen den, besteak beste, horri erantzutea da euskal gizarteak izango duen erronka nagusietariko bat. Begirada horrekin heldu beharko diogu Euskal Herriko lurralde kohesiori, baina herritarren parte hartzea ahaztu gabe.

Testuinguru honetan, beraz, datozen urteotan euskal lurraldeen etorkizuneko erronkei aurre egin nahi badiegu, elkar hobe ezagutzeko eta elkarrekin pentsatzeko dinamikak eta tresnak indartu beharko ditugu, denbora alferrik galdu gabe, gure gobernantza sistemek dituzten baliabideak eta Europa jartzen dabilen tresnak eta funtsak ahalik eta ondoen aprobetxatzeko. Alabaina, maila anitzeko gobernantza horretan herritarren parte hartze arduratsu eta aktiboa ere ezinbestekoa izango da, erakunde mailan hartu beharko diren hainbat erabaki herritarrok zuzenean aplikatu beharko ditugulako, eta gu guztion konpromiso soziala eta ingurumenari dagokiona ezinbestekoa izango delako, helburu handiak lurreratu eta errealitate bihurtzeko, komunitate erresiliente eta ahaldunduaren indarraren bidez.

Hori dela eta, Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuari begira, argazki bat atera nahi diogu Euskal Herritik lurralde kohesioaren kontzeptuari, Europa mailan landutako lurralde kohesioaren kontzeptutik zuzendua. Euskal Herriko lurralde-kohesioan sakontzeko proposamenaren oinarriak zeintzuk izan daitezkeen aztertu nahi ditugu, klima larrialdiaren testuingurua aintzat hartuta eta lurraldeen arteko elkar ezagutza eta hausnarketa bateratua sustatuko duen ekosistema parte-hartzaile batetik abiatuta. Era berean, XIX. Kongresuak aukera eskainiko digu lurraldetasunaren inguruaren eta lurraldeen arteko harremanaz gogoeta egiteko Euskal Herriko esperientziak aztertuz eta Europako beste eskualdeetako dinamikak eta esperientziei begiratuz.

Gogoetak oinarri sendoak izateko jendartearen bizipenetatik abiatzea proposatzen dugu, muga hurbileko eta diasporako jendarteak mugak gainditzeko eta haien arteko harremanak sendotzeko baliatutako praktika onak eta irakaspenak balioan jarrita. Bestalde, aukera emango digute mugek eragiten dituzten oztopoez eta benetako beharrez solas egiteko eta aukerak eta erronkak nola bihurtu ditzakegun elkarrekin partekatzeko, horretarako bideak eta tresnak baditugu eta.


Eusko Jaurlaritza