Emigrazio fenomenoa, Euskal Herriko historiaren kapitulu garrantzitsua da. Aztarnak arlo ezberdinetan utzi ditu, izan dadin politikan, ekonomian, artean edo literaturan. Fenomeno horrek Euskal Herriko familia gehienak hunki ditu eta anitz dira Ameriketara joan zirenekin (edo haien ondorengoekin) egun arte harremanak atxiki dituztenak (edo eten baten buruan harremanak berriro lotu dituztenak).
Pierre Lhande Jesuitaren zitazio batek garai haietan emigrazioaren inportantzia euskaldunen bizian eta haien imajinarioan ongi laburbiltzen du (nahiz eta sinplista eta murriztaile den): “Euskaldun autentiko bat izateko, hiru baldintza bete behar dira: izen euskaldun bat ukan behar da, Aitorren hizkuntza mintzatu behar da eta... osaba bat Ameriketan ukan behar da (Lhande, 1910).”
Artikulu honetan, emigrazio fenomenoaren datu orokor batzuk aipatu ondoren, honen zergatiak aipatuko dira, konplexuak eta anitzak direnak. Bestalde, herri berrian euskaldunak nola antolatu eta integratu ziren aztertuko dugu. Horrez gain, urteak joan arau euskal nortasun originala bat sortu dela ikusiko dugularik. Azkenik, gaur egungo diasporako euskal komunitateen erronkak zerrendatuko ditugu. Lan honetan, aitzina emanen den esperientzia gehienbat Estatu Batuetakoa izanen da, nahiz eta Hego Ameriketako euskaldunen esperientziaz aipamenak eginen diren ere.
Euskaldunak Ameriketara: Orokortasun batzuk
Azken bost mendeetan, Ameriketara bideratu den immigrazioak forma ezberdinak hartu ditu. Hara nola, Amerikaren deskubritzearen ondorioz (1492), euskaldun anitzek Koro espainolaren abentura transatlantikoetan parte hartu zuten, izan esploratzaile, itsasgizon, merkatari edo misiolari. Fase horretan, Ameriketako bidea hartu zuten gehienak profesionalak ziren, Araba, Bizkaia eta Gizpuzkoa probintzietakoak. Izen famatu zenbaiten aipatzeko, Bizkaiako Juan de Garay-k (1528-1583) Buenos Aires hiria sortu zuen 1580. urtean eta Cristobal de Oñate Arabarrak (1505-1567) Guadalajara hiria 1531an (Douglass eta Bilbao, 1975).
1830. urtetik goiti, historiografiak deitutako “emigrazione masiboa” hasten da. 1830 eta 1930 urte artean berrogeita hamar milioi europarrek Ameriketako bidea hartu zuten, horietan hogeitahamabi milioi Estatu Batuetara joan zirelarik (Moch, 1992). Euskal Herritik denbora hartan joan zirenen nombre zehatz eta segurrik ez badugu ere, usu 200.000 zenbakia minimotzat hartzen da (Alvarez Gila, 2004). Ohartarazi behar da Euskal Herriko populakuntza 1900 urtean milioi batekoa baizik ez zela, zenbaki honi bere garrantzia ematen diona. Fase berri horretan emigratu zuten euskaldunak klase sozial xumeagotakoak ziren, eta Euskal Herri osora zabaldu zen fenomenoa zen. Orokorki, euskal emigrante gehienak Argentina, Uruguai eta beranduago Estatu Batuetara partitu ziren.
1930. urtetik goiti, emigranteen zenbakiak beheiti egin zuen, nahiz eta leku zehatz zenbaitetatik (Behe Nafarroa eta Nafarroatik bereziki) jendeak Estatu Batuetara saldoan joaten segitu zuen 1960. hamarkada arte. 1936-1939ko Espainiako Gerla Zibilak milaka euskaldun erbestera joatera pusatu zituela gogoratu behar da ere. Gaur egun, euskaldunek Ameriketara emigratzen segitzen dute, baina ez proportzio beretan.
Historikoki, ikerlarien interesa gizon emigranteen esperientziari interesatu zaio batibat, emazteen esperientziari interes guti emanez, edo haien esperientzia gizonena bezala zela asumituz. Nahiz eta, ezin uka, kuantitatiboki gizon gehiagok emaztek baino emigratu zuten, azken horien presentzia ezin da baztertu, urteetan zehar emazteen proportzioa goitituz joan zela oharturik gainera (Etcheverry, 1892).
Hotel Vasco San Franciscon XX. mende hasieran.
Fenomenoaren zergatiak
Euskaldunak hain nombre handian emigratzera eraman dituzten arrazoinak anitzak bezain konplexoak dira (Camus Etchecopar, 2008).
Erran gabe doa, historian zehar Euskal Herriak ezagutu zituen krisi politiko (Gerla Mundialak, Karlistadak, Espainiako Gerla Zibila) eta ekonomikoek, bai eta hemeretzigarren mendeko garapen demografikoak euskaldun anitzen emigratzearen erabakian eragin zutela. Horrez gain, baserrien ondorengo sisteman premutasuna zen lege, haur gehienak baserritik urrun araziz. Baina kasu egin behar da fenomeno honen azalpen sinplistetan sartu gabe. Emigratzen zuten gizon eta emazteak ez ziren pasibo, haiek baino indartsuago ziren fenomeno batzuek kanpora buruz pusatu balituzte bezala; hein batean haien erabakien jabe zirelako.
Emigratzea, etxetik joatea, maiz ez zen erabaki marjinala. Emigrante anitzek, herria utzi eta, Euskal Herriarekin harremanak mantentzen zituzten, baserrira dirua bidaliz, etxeak eraikiz, diru zerbait bilduta herrira itzuliz. Emigratzeak ez zuen baitezpada moztura bat ekartzen eguneroko bizian. Opzio bat zen, beste batzuekin batera (ezkondu gabe baserrian egotea, premu zen batekin ezkontzea, apeztea, serora bilakatzea, hirira joatea), krisialdiei aurre egiteko gizarte baten eskuetan zena.
Hara nola ikusten den, konjuntura politiko eta ekonomiko onetan ere, euskaldunek emigratzen segitzen zutela. Emigrazio fenomenoak ez ditu Euskal Herriko xoko guziak berdin ukitu. Ibar batzuek migrazio tradizio handia ezagutu bazuten, beste batzuek aldiz ez hainbeste. Maiz, existitzen ziren sare sistemaren araberakoa baitzen. Nola esplika daiteke bestenaz Bizkaiako hainbat ibarretatik hainbeste euskaldun Ameriketara joan izana, aldi berean probintzia hori “boom” ekonomiko handia ezagutzen ari zelarik eta garapen bidean zen industria horri erantzuteko immigrazio uhain handia ezagutzen ari zela aldi berean?
Ñabardura guzi horiek kontutan harturik, uler dezakegu zergatik herrixka batetako gizon edo emazte batentzat San Francisco Estatu Batuetan edo Buenos Aires Argentinan ez zitzaien hain urrun egiten -imajinarioan-, baina Maule (Zuberoa), Hazparne (Lapurdi) edo Bilbo (Bizkaia) bai: pertsona honek ez zuen sarerik, ezagunik edo familiarrik langileria beharretan ziren hiru herri hauetan. Erran gabe doa arrazoi indibidual eta psikologikoek ere bakoitzaren emigratzeko erabakia baldintzatzen zutela ere. Aipamen bat egin beharrean, Ameriketatik partiturik Atlantikoa zeharkatzen zuten gutunek horretan rol handia jokatu zuten (Camus Etchecopar, 2022). Bai eta Euskal Herri osoan, XIX. mende erditsutik goiti, lan egin zuten immigrazio agenteek ere horretan hartu zuten parte, immigrante potentzialengana joanez, bidaia antolatzeko haien zerbitzuak proposatuz (kasuen arabera: lana aurkituz, paperak eginez, dirua aitzinatuz...).
Bidaiaren pagatzeko, diru zama handia bildu behar zen. Ondorioz, emigrazio masiboaren hasieran (1830-1860 urte artean) Ameriketara joaten zirenak etxe jabeen haurrak ziren gehienbat: Ameriketara joaten ziren gurasoek bidaia pagaturik edo premutasunaren ez hausteko ematen zitzaien konpentsazioarekin. 1860. urtetik goiti aldiz, Ameriketara joateko fenomenoa “demokratizatzen” da, etxeak alokatzen zituztenen haurrak ere partitzen hasi baitziren, emigrazio agenteek aitzinatu diruari esker. Domintxinekoa zen eta Behaskanen bizi zen Guillaume Apheça agenteak adibidez, 1853 eta 1913 bitartean 15.000 pertsonen bidaiaren prestaketan hartu zuen parte.
Horrez gain, herri errezebizaleek (Argentina, Uruguay, Estatu Batuak...) urteetan zehar hartu erabaki ezberdinek immigrazio arloan, izan immigrante europearrak erakartzeko edo oztopatzeko, aipatu behar dira. Hona non Argentinak, Rosas-en diktadura denboran (1830-1852) immigrazioaren kontrako neurriak hartu zituen. Une berean, herri auzoan, Uruguayen, Montevideotik legalki sartzea gobernuak errexten zuen, immigranteen hautaketan eta garraiatzean Hego Ameriketara buruz lan egiten zuten konpainiek lagundurik. Rosas-en erortzearekin Argentinan, euskal jatorriko Urquiza presidenteak mugak ireki zituen eta Juan Bautista Alberdi teorizatzaile politikoaren “gobernar es poblar” ideia aplikatu zuen. Hortik goiti, Argentina eremu zabal hori bilakatuko zen euskaldunen uhain handiena errezibituko zuen herria.
Ipar Ameriketako Estatu Batuetan, XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran indarrean zeuden legeek euskal artzain gai askoren immigrazioan eragina izan zuen, mendebaldeko terreno publiko handiak edozein pertsonaren esku izan baitzitezkeen. 1930. hamarkadatik goiti terreno publiko horien erabilpena herritartasun amerikarra zutenei murriztu zitzaielarik aldiz, euskal emigrazioa apaldu zen orduan.
Euskal artzainaren monumentua Renon.
Euskaldunak Estatu Batuetara
1848an, Kaliforniako UrreApaladaren berria zabaldu eta berehala, horra hurbildu ziren lehen euskaldunak Hego Ameriketatik jin ziren, ber-emigrazio baten ondorioz hots. Europako euskaldunak hortik gutira etortzen hasi ziren.
Hasiera batean, Europatik etorri immigranteek itsas ontzia hartzen zuten Kaliforniara. Baina, Estatu Batuetako ekialdea eta mendebaldea lotzen zituen treinaren eraikuntzarekin 1869an, immigranteak New Yorkera zihoazen itsas ontziz, eta gero treinez mendebaldera. Immigrante gehienak Ellis Island ugartetik pasatu ziren (12 milioi 1892tik 1954era), Estatu Batuetako immigrazio zerbitzuak hor baitziren. Ellis Island Hudson ibaiaren puntan kokatua da, New Yorken, “Statue of Liberty” ondoan.
Euskaldunek ez zuten arrakasta berezirik ezagutu minetan. Horren ordez, 1850 urtetik goiti abere negozioan (ardiak bereziki baina bai eta idiak ere) espezializatu ziren. Horietan Hiriburuko Domingo Amestoy edo Gipuzkoako Altuna anaiak, Hego Ameriketatik Kaliforniara ailegatu zirenak. Urre bilatzean fortuna egitea neke zela ulerturik, euskaldunak abere hazkuntza negozioan lanean hasi ziren, lur eta abere jabe handiak bilakatuz. Beren Kaliforniako baserrietan euskaldun anitz emplegatzen zituzten (artzain, neskato, sukaldari, laborari), Euskal Herritik jiniko immigrazioa uztartuz.
Aktibitate honek Euskal Herritik jiniko immigrazioa azkartu zuen, ardi jabeek haien familiarrak eta ezagunak deituz eta emplegatuz. Laster, Kaliforniako lurrak betetzen ziren ber, euskaldunak Kaliforniako estatu auzoetan instalatzen hasi ziren: Nevada, Idaho, Arizona, Colorado eta Utah-n.
Euskal imigranteek “immigrazio kadena” jarraiki zuten, familia edo/eta ezagunak zituzten lekuetara joanez. Horren ondorioz, tradizionalki, euskaldunen instalazioak Estatu Batuetan Euskal Herriko ezberdintasun geografikoak erreproduzitu zituen. Iparraldetar eta Nafartarrak Kalifornian, New Mexicon, Arizonan, Wyomingen, Coloradon eta Montanan ikusten badira gehienbat, Bizkaitarrak aldiz Oregon ekialdean, Idaho hegoaldean eta New Yorken instalatu ziren batibat. Hiru taldeak atzematen dira Nevada eta Utah-n (Douglass eta Bilbao, 1975).
Euskaldunen antolaketa Estatu Batuetan
Euskaldun guziak ez baziren artzain egon, artzain gehienak euskaldunak ziren 1960. hamarkada arte. Beste aktibitate konzentrazio batzuk ere aipatzekoak lirateke: baratze lanak San Francisco aldean eta esnetegiak Kalifornia hegoaldean (Bakersfield eta Chino aldean). New Yorken, euskaldun anitzek itsas aktibitateetan (portuan, itsas ontzietan) lan egin zuten. Orokorki, euskaldun gehienak leku ruraletan instalatu ziren eta laborari edo artzain ari izan ziren lanean. Horren ondorioz, geografikoki, kanpainetan barreaturik ziren, bata bestetik urrun.
Artzainen lana biziki bakartia zen. Hilabete anitz mendian pasatzen zituzten bakarrik ardi saldoarekin, txakur bat eta asto bat lagun. Astean behin edo bi astetarik behin, “campero”a jiten zitzaien janariaren ekartzera. Sierra Nevadako mendietan euskal artzain solitario horien aztarnak beti ere aurki daitezke, lertxundi arboletan zizelkadurak egin baitzituzten. Zizelkadura horiek hiru helburu nagusiei erantzuten zieten: lurraldea markatzeko, denbora pasatzeko edo beste artzainekin komunikatzeko. Gehienetan, artzainek haien izenak zizelkatzen zituzten, datarekin. Zenbaitetan mezuak irakur daitezke (amari zuzenduak, beste artzain bati, mementoko edozein pentsamendu), bai eta portretak ere: horietan emazte portreta anitz. Lan horiek laguntzen zituzten bakardadearen borrokatzen (Mallea, 2003).
Euskal ostatuak edo hotelak sortu ziren euskaldun kopuru adierazgarria kokatu zen leku guzietan. Treinbideak, sortzen eta antolatzen ari ziren herrien bihotzak ziren. Horren inguruan herriak antolatzen ziren. Euskal hotelak ere treinbide bazterretan kokatuak ziren hots. Lehen euskal hotelak Los Angeles eta San Francisco hirietan sortu ziren (lehen immigrazioa hara etorri baitzen), eta beranduago Kalifornia guzian eta estatu auzoetan sortuko zirelarik.
Hotel horiek inportantak ziren bertako euskaldunentzat. Lehen lehenik herri berrira ailegatu berriendako, lo egiteko leku bat hor atzematen ahal baitzuten. Hilabete eta hilabete mendietan egoiten ziren artzainek haien pausu hilabeteak hor iragaiten zituzten. Hotelen buru, maiz, bikote bat zen, senar-emazteak. Hotel horiek laguntza ekonomiko, sozial eta psikologiko ezinbestekoa ekarten zeien lekuko euskaldunei. Lan bat aurkitzeko leku garrantzitsuak ziren, hotel jabeek zituzten harremanengatik eta hortik pasatzen ziren euskaldun enplegatzaileak anitz baitziren. Sozialki ere rol handia bazuten, euskaldunak haien artean hor biltzen baitziren, igandetan usuenean, dantzaldietan, bazkari baten inguruan, hoteleko pilota plazan partidoei so eta beste. Hotel jabeak “aita” eta “amak” bilakatzen ziren jin berri ziren gizon eta emazte gazte horiendako. Jeronima Echeverriaren hitzetan, hotel horiek “home away from home” ziren edo “etxe bat etxetik urrun”. Hor emplegatzen ziren langileak emazte euskaldun gazteak ziren beti, eta langilerian aldaketa handia bazen, hor lanean ari zen emazte gazteak, maiz, haren senargaia hor aurkituko baitzuen eta elgarrekin baserrian instalatuko baitziren edo ardi kanpora joanen.
1950. hamarkadatik goiti, Euskal Herritik jiniko immigrazionearen beherapenarekin batean, eta imigranteen azken belaunaldia herri berrian egokitzen zen ber, euskal hotelak emeki emeki desagertzen hasi ziren eta egungo egunean beti zutik direnek haien aktibitatea kanbiatu behar izan dute: jatetxeak dira (ez hotelak), denei zabalik (Echeverria, 1999).
Euskal artzaina.
Euskal kultura: eremu pribatutik eremu publikora
Gaur egun, munduan zehar, berrehun euskal elkarte pasa zenba ditzakegu, hogeitabost herri ezberdinetan barreaturik (www.euskaletxeak.eus). Leku hauetan, euskal imigranteak eta haien ondorengoak biltzen dira euskal nortasuna mantendu nahian. Estatu Batuetan, euskal kulturaren mantentzean lanean ari diren berrogei bat elkarte daude. Estatu Batuetako euskal elkarteek federazio bat sortu zuten 1973an The North American Basque Organizations, Inc. edo NABO izenekoa. Argentinan ehun bat euskal elkarte daude gaur egun, gehienak FEVA federazioaren inguruan bilduak direnak (Federación de Entidades Vascas Argentinas). Izan dadin Argentinan edo Estatu Batuetan, nahiz eta euskaldunak hemeretzigarren mendetik goiti masiboki leku horietara immigratu, elkarte formal gehienak beranduago sortu zituzten (1940. hamarkadatik goiti Argentinaren kasuan eta 1950. hamarkadatik goiti Estatu Batuen kasuan).
1950. hamarkada baino lehen, Estatu Batuetan, euskaldunak informalki biltzen ziren, bata bestearen etxean, euskal ostatuetan. Kulturaren transmisioa etxean egiten zen. Geografikoki barreaturik izateak ere (haien aktibitatearengatik, artzaintza) ez zuen akzio kolektiboa errexten. Bestalde erran behar da artzain aktibitatea XX. mende hasieran Estatu Batuetan gizartearen partetik negatiboki ikusirik zela eta horrek ez zuela ondorioz nortasun harrotasuna laguntzen ere.
1950. hamarkadan hasirik, mugimendu orokor berri bat sortu zen Estatu Batuetan, “roots phenomenon” edo “erroak fenomenoa”. Beltzen mugimenduari jarraikiz, Europako talde etnikoek ere haien ezberdintasun eta aberastasun bereziak aitzina ematen hasi baitziren. Kultura minoritarioek hats berri bat ezagutu zuten, harrotasun bat irabaziz. Ondorioz, Estatu Batuetako leku ezberdinetan (Kalifornia, Nevada, Idaho, Oregon, Colorado, Washington, eta abar), euskaldunak biltzen hasi ziren. Elkarte formalak sortu zituzten (Euskal Elkarteak edo “Basque Clubs”), euskal jaiak antolatu zituzten, munduari haien kultura erakutsi nahian, eta euskal tradizioak bizirik atxiki nahian. Data horretarik goiti, euskal amerikarrak haien buruaz kontziente bilakatu ziren.
Aldi berean, hirietako Estatu Batuarrak bizi rurala erromantizatzen hasi ziren. Artzainaren figura erromantizatzen ari zen. Artzain aktibitatea euskaldunek monopolizatua baitzen 1960. hamarkada arte, euskaldunendako harrotasun pundu bat bilakatu zen, eta haien esperientzia amankomuna, artzaina euskal imigrantearen irudi estereotipikala bilakatuz.
Kontestu berezi horretan, Robert Laxalt-en Sweet Promised Land liburuak (1957an argitaratua) talde irudi baten sorkuntzan lagundu zuen. Talde etnikoaren boz eramaile literarioa bilakatu zen Laxalt. Robert Laxalt 1923an sortu zen, Carson Cityn, Reno ondoan, Nevadan. Aita, Zuberotarra zuen, Dominique, eta ama Behe Nafartarra, Thérèse. Liburu horretan Robert-en aitaren istorioa artzain gisa Estatu Batuetan kondatzen du, bai eta aitaren Euskal Herrilako bidaia 50 urte beranduago. Euskal amerikarrek beren esperientzia pertsonala aurkitu zuten liburu horretan.
1959. urtea arte, euskaldunek antolatzen zituzten jaiak “barbecue” edo barbakoa (ardi edo axuri jatea) jateak ziren, gehienetan urtean behin edo berritan artzainek antolaturik eta bertako euskal komunitateari zabalik. Besta pribatuak ziren hots.
1959an, Reno-Sparks (Nevada) inguruko talde batek beste motako euskal festibala egitea erabaki zuen (The Western Basque Festival), denei irekia, eta euskal nortasuna euskaldunak ez zirenei plazaratuko zuena (euskal dantza ikusgarri batekin, euskal kirolak zer diren erakutsiz eta beste), haien nortarsun harrotasunaren erakusle. Egun hartan parte hartu zuten euskaldun anitz haien komunitateetara itzuli ziren, horrelako festibal bat antolatzeko ideiarekin eta euskal elkarte formalen inguruan antolatu nahiz.
Gaur egun, euskal elkarte bakoitzak urtean behin (udaberri eta uda denboran) festibala bat antolatzen du. Besta gehienek modelo definitu bat jarraikitzen dute: meza euskaraz, euskal dantzak, euskal kirolak, “barbecue” bazkaria, dantzaldia, erakusketak euskal amerikar experientziaren oroigarri (artzainak). Festibala horien bidez Estatu Batuetako euskaldunek haien presentzia aldarrikatzen dute (Fernandez de Larrinoa, 1992).
1950. urtetik goiti agertu euskal elkarteen xedea bikoitza da: euskaldunen arteko sozializazioa segurtatzea (festak, bazkariak) eta kultura ondoko belaunaldiei pasaraztea (dantza, mus, pilota euskara irakatsiz). Nortasun euskal-amerikar bat emeki sortuz joan da. Ez osoki Euskal Herrikoa, ez eta ere Amerikanoa. Bilakaera originala, kontestu berezi batean.
Euskal Amerikar nortasun berezi baten sorrera
Euskal Herritik kanpo anitz dira euskaldun definitzen direnak. Nortasuna kontzeptu konplexua da, sentimendu batetik partitzen eta kontzientzia subjektibo batean oinarritua dena. Euskaldun izatea zer da? Nortasun kolektibo baten parte sentitzea eta besteengandik horrela ezagutua izatea. Aldaketa historiko eta sozialek euskaltasun honen edukia baldintzatzen dute. Izan dadin Euskal Herrian edo Euskal herritik kanpo, euskal nortasuna historian zehar bilakatu da eta nortasun horren manifestazio ezberdinak ikus daitezke. Hots, Estatu Batuetan, euskal nortasunak bide berezi bat hartu du, sinkretismo originala bat presentatzen duena: Euskal Herriarekin lotura azkarra aldarrikatzen eta aldi berean immigranteen eta haien ondorengoen esperientzia espezifikoak biltzen dituen nortasuna.
Euskal Elkarteen inguruan nortasun bikoitza aldarrikatua da, Euskal Herriko eta Estatu Batuetako esperientziak batzen dituena. Artzaingoa euskal immigrantearen irudi estereotipokoa bilakatu da, haien esperientzia amankomuna. Euskal aktibitate guzietan, euskaldun eta amerikar izateko harrotasunak adieraziak dira: Ikurriña eta Estatu Batuar bandera aurrean emanak dira. Orokorrean, euskal amerikarrek euskal nortasunaren irudi tradizionala bat promozionatu nahi dute. Biltzen diren bakoitzean, bazkari baten inguruan da, euskal musika entzunez, euskal dantzak dantzatuz, eta euskal jantzi tradizionalak jantziz.
Estatu Batuetako Erroldaren arabera, 60.000 bat pertsonek haien burua euskalduntzat definitzen dute gaur egun. 1980 urtetik geroz, erroldan, amerikarrek, haien euskal etnizitatea ager dezakete, honetan “euskaldun frantses” (French Basque), “euskaldun espainol” (Spanish Basque) edo “euskaldun bakarrik” (Basque) direnez zehaztuz (Douglass, 2003). Urteetan zehar, hirugarren kategoria hori hautatu dutenen euskaldunen kopurua emendatuz joan da (% 80a pasa gaur egun). Estatu Batuetako euskaldunek Euskal Herriko zatiketa politikoei ez diete garrantziarik emaiten gehiago. 1973. urtean sortu zen NABO erakundea sortu zelarik, Estatu Batuetako euskal elkarte ezberdinak batu zituen, leku ezberdinetako euskaldunak bilduz eta elgar ezagutzeko parada emanez. Euskal nortasun orokor baten sorrera erraztu zuen hots (Camus Etchecopar, 2007).
Festibalen instituzionalizazioa eta beranduago NABOren sorrera dela medio, bai eta teknologia berrien garapena lagun, euskal amerikarrek gero eta aukera gehiago dituzte elgar biltzeko eta komunikatzeko. Nahiz eta Euskal Herriarekin harreman estua izan eta gauza anitzentzat Euskal Herria erreferentziatzat ikusia izan, euskal amerikarrek euskal azpi kultura berezi bat sortu dutelako konzientzia dute (Argentinako eta beste herrietako beste euskaldunak bezala). Horrez gain, euskal diaspora orokorrean bere buruaz konzientzia hartzen ari dela ere erran daiteke.
Estatu Batuetako euskaldunek beste herrietako euskaldunak ezagutzeko eta haiekin harremanak sortzeko aukerek gora egin dute. Urtero, mus eta pilota txapelketetako irabazleak talde jarraitzale batekin batera nazioarteko finaletara doazte (herri ezberdin batean urtero). Lau urtetik behin Eusko Jaurlaritzak antolatzen dituen Munduko Euskal Kolektibitateen Kongresuetan herri ezberdinetako ordezkariak biltzen dira, eta aukera ona da elkar ezagutzeko eta haien artean zubiak eraikitzeko. Diasporako euskaldunen ahotan zortzigarren probintzia edo herrialdea osatzen dutelako ideia maiz entzuten da.
Emmett-eko dantza taldea.
Gerorako erronkak
Estatu Batuetako euskal elkarteak dinamika ezberdinekoak dira. Bederatzik haien euskal etxea eraiki dute: New York, San Francisco, Chino, Bakersfield (Kalifornia), Boise, Gooding eta Homedale (Idaho), Elko (Nevada), Ontario (Oregon). Bostek pilota plaza dute: San Francisco, Chino, Bakersfield, Elko eta Boiseko euskal komunitateek.
Kide kopurua desorekatua da elkarteen artean: 800 eta 50 kide arteko elkarteak dira. Elkarte batzuek bizpahiru aktibitate hilabetean proposatzen dituzte haien kideei, beste batzuek bat bakarrik antolatzen dutelarik urtean (udako jaia). Euskal elkarteak bide gurutze batean dira etorkizunari begira eta erronka zenbaitei aurre egin behar diete. Euskal Herritik etorritako imigrazioa agortua den kontestu honetan, euskal elkarteak belaunaldi aldaketa prozesu batean dira. Aldaketa hori elkarte batzuek xarmanki pasa dute, beste batzuek zailtasun batzuk ezagutzen dituztelarik. Kasu batzuetan, belaunaldi gazteek ez dute interesik elkartearen segitzeko, beste kasu batzuetan aldiz belaunaldi zaharreko kideek ez diete errexki gazteei edo ideia berriei lekua uzten.
Estatu Batuetako euskal elkarte guzien kide kopurua batuz, 6.000 zenbakira heltzen gara. Alta, ikusi dugu 60.000 bat pertsonek beren burua euskalduntzat ematen dutela errolda federaleko zenbakien arabera; elkarteen inguruan biltzen den jendea kopuru honen %10a baizik ez da. Euskal elkarteetako zuzendariek errealitate hau kontutan hartu behar dute, eta jende horiek erakartzeko manera bati pentsatu.
Boiseko euskal etxea.
Gaur egun, Estatu Batuetan, modan da Amerikanoa izateaz gain, norberak bere erroak beste nonbait dituela erratea. Askok beren burua euskalduntzat dute puntu honek haien bizian signifikazio handirik izan gabe. Baina ber denboran, posible da, zenbaki honen beste parte bat gogo onez euskal elkarteetara hurbilduko litzatekeela proposatutako aktibitateak ber pentsatzen balituzte. Hortan datza erronka handia eta horretan lanean ari dira euskal elkarte asko.
Euskaltasuna ez da errazki etortzen den sentimendua Estatu Batuetan sortu den haur batentzat. Nortasun hori eraiki behar da. Euskal elkarte gehienek dantza talde bat dute eta hauxe da, anitzetan, gazteei proposaturiko aktibitate bakarra. Baina euskaldunen haur guziak ez dira baitezpada dantzariak edo dantza maitaleak. Horrez gain, eskoletako kirol aktibitateek bai eta ere lagunek euskal aktibitateei konpetentzia handia egiten diote. Ondorioz, azken urte hauetan euskal elkarteak aktibitate berriak integratzen hasi dira, tradizionalak ez direnak, euskal gazteria euskal elkarteetara erakartzeko. Euskaldunen artean football amerikano partido baten ikustera joatea, golf zoingehiagoka batean parte hartzea; hainbat ideia dira gazte horien lagun bilakatzeko eta haien artean komunitate zentzu bat eraikitzeko.
1970. hamarkadatik geroz, NABOk euskal amerikar gazteendako uda leku bat antolatzen du. Bi astez, 10-15 urte arteko euskal jatorriko ehun bat gaztek euskal dantza, euskal musika, pilota, euskara klaseak hartzen dituzte, bai eta joko eta ateraldi ezberdinetan parte hartzen. Aktibitate hauek haien euskal nortasunaz harro izaten laguntzen ditu. Iniziatiba horiei esker, gazteak ohartzen dira euskal elkartea ez dela haien guraso edo aitatxi eta amatxirekin lotua den zerbait, baizik eta gogo onez parte hartzen duten leku bat, haien lagunekin, izan dadin aktibitate tradizionalen inguruan edo aktibitate “modernoago” batzuen inguruan.
Uda Leku Estatu Batuetan.
Alvarez Gila, “Las Nuevas Euskal Herrias Americanas”, In Historia de Euskal Herria: historia general de los vascos, vol. 4, 2004, pp.319-339.
Camus Etchecopar, Argitxu. The North American Basque Organizations.Vitoria-Gasteiz, 2007.
Camus Etchecopar, Argitxu. A Historical Comparative Study of Basque Institutions in the United States. Tesia doctorala, University of Nevada. Reno, 2008.
Camus Etchecopar, Argitxu. “When connecting with the home country was slower: letters sent by a Basque immigrant woman in the US to “home” (1921-1967),” In AEMI Journal, volume 19-20, 2021-2022, pp. 13-22.
Douglass,William A. eta Jon Bilbao. Amerikanuak: Basques in the New World. Reno, 1975.
Douglass, William. “Calculando la etnicidad mediante el censo de EEUU: el caso vasco.” In La Vasconia Global, Ensayos sobre las Diasporas Vascas. Vitoria-Gasteiz, Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco, 2003, pp. 264-279.
Echeverria, Jeronima. Home Away from Home: a History of Basque Boardinghouses. Reno, 1999.
Etcheverry, Louis. “L’émigration dans les Basses Pyrénées pendant soixante ans”. Association Française pour l’Avancement des Sciences II, 1892 : 1092-1104.
Fernandez de Larrinoa, Kepa. Estatu Batuetako mendebaldeko urrutiko Euskal Jaiak. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 1992.
Lhande, Pierre. L’émigration basque. Paris: Nouvelle Librairie Nationale, 1910.
Mallea Olaetxea, Joxe. Speaking Through the Aspens: Basque Tree Carvings in California and Nevada. Reno: The North American Organizations, Inc., 2003.
Moch, Leslie Page. Moving Europeans: Migration in Western Europe since 1650. Bloomington: Indiana University Press, 1992.