
Gaiak
Kultura eskubideak: nondik nora?
Euskal kultur erakundeko Cifre doktoregaia
Kultura politiken testuinguruan, kultura eskubideak lehen baino gehiago aipatzen dira. Usu argiki zehaztuak izan gabe, kultura politiketan agertzen diren diskurtsoek gero eta maizago bereganatzen dute gaia. Kultura eskubideak oinarrizko giza eskubideak dira, beste giza eskubideetatik bereizi ezinak direnak. Euskal Herrian ere gai honek bere garrantzia hartzen du, izan dadin eragile kulturalen aldetik edo politika sailean ari direnen aldetik. Baina politika kulturalek edo kultura eragileek, gai honetaz zerbait dakitenean eta horri buruz hitz egiten dutenean, gehienetan, ez dute zuzenbideko funtzionatzeko eredua eta hiztegia erabiltzen. Horren ordez, norbanakoaren «duintasunaz», «errespetuaz» eta «gizatasun harremanaz» hitz egiten dute. Baina zertaz ari gara kultura eskubideetaz hitz egiten dugunean? Kultura eskubideak lege esparru batetik kanpo erabiltzeko onak ote dira? Praktika kulturala baten baitan identifika ditzakegu? Ene antropologiako tesi ikerketaren baitan aurkitzen ditudan galdera hauek nazioarteko eta Euskal Herriko kultura eskubideen presentziaz gogoetatzera eramaten naute eta hortaz arituko naiz artikulu labur honetan.
Kultura eskubideak: nondik datoz?
Eskubide kulturalei buruz hitz egiteko, lehenik eta behin, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala idazteko arrazoietara itzuli behar da. Hubert Faes-en arabera, bi azalpen nagusi daude: alde batetik, bigarren mundu gerla bezalakorik ez berriz gertatzea, beste aldetik, aitzinetik izandako Aldarrikapenen, eta batez ere Frantziako iraultza garaiko Giza eta Herritarren Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren oinarriak, eguneratzea (2008). 1948an, Nazio Batuen Erakundeko (NBE) 58 Estatuek Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala onartu zuten Parisen izan zen Biltzar Nagusian. Kultura eskubideak, une horretan, sartu ziren nazioarteko panorama politiko eta juridikoan. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 27. artikuluarekin lotuak dira. Bertan, komunitatearen bizitza kulturalean askatasunez parte hartzeko eskubidea aipatzen da, bereziki honako hitzekin:
- Pertsona orok du eskubidea komunitatearen bizitza kulturalean askatasunez parte hartzeko, arteez gozatzeko eta aurrerapen zientifikoan eta honek dakartzan onuretan parte hartzeko.
- Pertsona orok du bere edozein ekoizpen zientifiko, literario edo artistikoren ondoriozko interes moral eta materialak babesteko eskubidea.
Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna (EZPNI) eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Ituna (EESKNI) onartu arte itxaron behar da, eskubide kulturalek muga juridiko bat izateko, Estatuek berretsi ondotik. Zuzenbidearen funtzionamenduan eta eskasetan sartu gabe, azpimarratzekoa da itun horiek ez dutela komunitatea eta kultura zer diren definitzen. Komunitate terminoaren kasuan, definizio desberdinak aurkitzen dira zuzenbidean. Eta horrez gain, maiz ikuspegi liberal baten bidez interpretatzen dira eskubide kulturalak juridikoki (Hance, 2021). Horrek, komunitateen eskubide kulturalen gauzatzea zailtzen du, taldearen eskubideak pertsonaren eskubideen bidez pentsatzen baitira, kondutan hartu gabe talde eskubideak ezin direla osoki babestu pertsona eskubideen bitartez (Hance, 2021). Alta, eskubide kulturalak eskubide indibidualak eta kolektiboak dira aldi berean.

Kultura eskubideak: zertan dira Euskal Herrian?
Nahiz eta kultura eskubideak 1948an idatziak izan diren, ez dira oraindik ezagunak bilakatu gure jendartean. Estatu frantsesaren kasuan, 2015eko agorrilaren 7ko NOTRe Legearen[1] 103. Artikuluak, kultura eskubideei leku berezi bat eman zion. Aitzin, Frantses errepublikak ez zuen, lurralde elkargoekin batera, kultura ekintzak kultura eskubideen errespetuan gauzatzeko beharrik. Bost urte geroago, Akitania Berriako CESERak txosten bat atera zuen eskubide kulturalak eta praktika amaturrei buruz, Droits culturels et pratiques en amateur : exigence éthique, ambition démocratique. Pour une transition culturelle de l’action publique en Nouvelle-Aquitaine izenekoa. («Eskubide kulturalak eta praktika amaturrak: exijentzia etikoa, anbizio demokratikoa. Akitania Berriko ekintza publikoaren kultura trantsizio baten alde»). Honetan, eskualdeko elkarte eta erakunde gehienek kultura eskubideak ezagutzen ez zituztela erakutsi zuen.
Euskal Herriaren kasuan, elkarte eta erakunde kulturala edo politiko ezberdinek interes handia erakusten hasi dira azken urteetan. 2017an, Euskal kultur erakundeak kultura eskubideei buruzko gogoeta abiatu zuen, eta, ondotik, bere «etnopolo» labelaren proiektu zientifiko eta kulturalean integratu zuen, kultura eragileen parte hartzeari buruz gogoetuz. 2019an, Nafarroako Gobernuak bere legedian, «Foru legea, urtarrilaren 15ekoa, Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzkoa» sartu zuen. 2022an, Eusko Ikaskuntzak «Eskubide kulturalak: parte-hartze eta gobernantzarako politikak» ikerketa-egitasmoa abiarazi zuen, «Euskal Herritik eta euskal kulturatik birpentsatzeko asmoa duena, besteak beste» (Retolaza Gutierrez, 2023), eskubide kulturalen jarduera-eremuaz hausnartzeko eta honen ulertzeko.
Azken urteetan, Euskal Herriko erakunde, elkarte eta gobernuen interesa agertu da kultura eskubideekiko. Baina oraindik ezezagunak egoten dira jende askorentzat, batez ere zuzenbidearen arlotik heldu baitira. Alta, kultura eskubideak bakoitzak kulturan duen parte hartzeaz ari dira.
Kultura eskubideekin, nora?
Kultura eskubideen jatorria ulertzen delarik eta eremu juridiko-politiko batean kokatuak direla ohartzen garenean, zaila da egoera jakinetan haien identifikatzea. Nola ezagutu adierazpen legal edo politikoak eguneroko parte hartze kulturalean? Alde batetik, eskubide kulturalak gainerako giza eskubide oinarrizkoekin pentsatu behar dira, hala nola diskriminazio eza, hezkuntzarako eskubidea, adierazpen askatasuna, etab. Bizitza kulturalean parte hartzeko eskubidean oinarrituz eta giza eskubideen interdependentzia kontuan hartuz, kasu praktikoetan eskubide kulturalen errespetua ziurtatzeko galderak honako hauek izan litezke: pertsona batzuk, beren sexuagatik edo beste arrazoi batengatik, praktika kulturala batetik kanpo geratzen ote dira? Zein dira kulturan parte hartzeko oztopoak? Maider Marañak azaltzen duen bezala, kultura eskubideen babestea «pertsona guztiei, diskriminaziorik gabe, bizitza kulturaleko eremu guztietara etengabe sartzeko, parte hartzeko eta eraldatzeko aukera emango dieten baldintzak sustatzea, eta hori askatasunatzat ulertzea» da (2022). Azkenean, kultura eskubideen erronka nagusietariko bat, pertsona oroei ber eskubideak segurtatzea da alde batetik, eta bestaldetik, kultura bakoitzari adierazpen askatasuna uztea, aniztasun kulturala bermatzeko.
Azpimarratzekoa da ere kultura eskubideen esparrutik pentsatzeak, kultura oinarrizko eskubideen ikuspegitik gogoetatzera eramaten gaituela, hauek guziak segurtatuak direla kasu emanez. Ondorioz, kultura praktika batzuk «kaltegarriak» bezala kontsidera daitezke, ez baitituzte eskubide kulturalak errespetatzen. Horrek, hainbat kultura praktiken onarpena galdezkatzen du eta, nahiz eta nazioarteko hitzarmenek eta legeek kultura aniztasuna babestu, batzuen iraupena ere zalantzan ezartzen dute.
Gogoeta hauek, kultura eragileek egunero bizi duten egoeretara garamatzate. Adibide konkretuak hartzen direnean, erronka berri batzuk azaleratzen dira, komunitate bat zer den definitu nahi baita. Kultura eskubideek gero eta leku handiagoa hartzen dute gogoeta amankomunetan, Euskal Herrian dauden euskal kultura eta identitatearen irudikapen ezberdinak galdezkatuz, modu kolektibo batean. Kultura praktika baten definitzea garrantzitsua agertzen da: zer da kulturala eta zer ez? Nola kontutan hartu kultura praktika intimo eta pertsonalagoak, (etxean bakarrik kantatzea edo etxeko errezeta sukaldatzea bezala), ikusezinak direnak, baina norberarentzat edo komunitatearentzat garrantzitsuak? Ze aukera dute politika kulturalek parte hartze anitza kondutan hartzeko? Zein rola eman behar zaie?
Kultura eskubideek konpondu beharreko arazo askori pentsatzera eramaten gaituzte, izan dadin zuzenbidearen edo politika kulturalen aldetik edo nortasunari lotuta, pertsona eta komunitate baten arteko harremanaren aldetik. Eztabaida kolektibo eta parte hartzailea sustatzera gomitatzen dute, kultura eskubideen eredu berria baita, ez «pertsonentzat» pentsatzea baina «pertsonekin» pentsatzea. Beste manera batez esanda, jendeak bere behar eta nahi kulturalak hautatzeko eta definitzeko askatasuna ukan behar du. Paradigma aldaketa horrek, Euskal Herrian eta beste leku batzuetan, kultura politikekin eta praktikekin harreman modu berri bat asmatzeko aukera bat eskaintzen du.
Bibliografia
CESER Région Nouvelle-Aquitaine, 2020. Droits culturels et pratiques en amateur : exigence éthique, ambition démocratique. Pour une transition culturelle de l’action publique en Nouvelle-Aquitaine.
FAES Hubert, 2008. « Droits de l'homme et droits culturels », in Transversalités, 108. zenbakia.
HANCE Clea, 2021. « Les enjeux de la reconnaissance juridique d’un intérêt commun indivisible des communautés en matière de patrimoine culturel », in In Situ. Au regard des sciences sociales.
MARAÑA Maider, 2022. «Eskubide kulturalen erronkak ingurune digitaletan» in Euskonews, 775. zenbakia.
RETOLAZA GUTIERREZ Iratxe, 2023. «Eskubide kulturalak eta gobernantza-ereduak» in Euskonews, 777. zenbakia.
[1] Errepublikaren lurralde antolaketa berriari buruzkoa

