779 Zenbakia 2023-06-15 / 2023-09-13

Gaiak

Euskaragaz egizu Match!

MURO ARRIET, Koro

Gero eta biztanle gehiagok daki euskaraz. Zalantzarik gabe, hizkuntza gutxituak dituzten eskualde askotan arrakasta eta erreferente izan duen hezkuntza- eta hizkuntza-politikaren emaitza. Eta ehunekoa handitu egiten da 16 eta 24 urte bitarteko biztanleriari erreferentzia egiten diogunean.

Ezagutza-datuak onak badira, erabilpen-datuak ez dira hain onak, batez ere eremu formaletatik aldentzen bagara. Badirudi, gazte horiek handitzen doazen heinean, euskararen erabilera galdu edo ahuldu egiten dela.

Horri gehitu behar diogu demografikoki gazteak gero eta gutxiago direla eta etorkinen portzentaia handitzen doala gure herrialdean. Euskararen etorkizuna gazteenen esku badago, Euskal Herrian bizi proiektua garatu nahi duten pertsona guztiak hartu behar ditugu kontuan.

Egoera horren aurrean, Bilboko gazteek euskararen erabilerari dagokionez dituzten benetako jarrerak bertatik bertara egiaztatzea erabaki genuen. Jakin nahi genuen zergatik ez zuten euskara erabiltzen hezkuntza-eremutik kanpo edo eremu formaletik kanpo, hizkuntza ezagutzen zuten pertsonen kasuan, eta zer oztopori egin behar dieten aurre euskara ezagutzen ez dutenek edo ikasten ari direnek.

BBK Kunaren laguntzarekin, Euskaragaz egizu Match! ikaskuntza-komunitatea jarri genuen martxan, euskararen ezagutza-maila desberdina zuten 16 eta 24 urte bitarteko gazte batzuekin; heren bat, gutxi gorabehera, Bilbon edo Bizkaiko herriren batean jaiotakoak ziren, eta D eta B ereduetan eskolatuak; beste heren bat, Euskadin jaiotakoak edo gazterik iritsitakoak eta B ereduan eskolatutakoak guraso atzerritarrekin; eta hirugarren herena, atzerrian jaiotakoak eta Euskal Autonomia Erkidegoan 2 eta 5 urte bitarte bizitzen daramatenak.

Programaren helburu nagusiak hauek ziren: batetik, euskararen inguruan aurreiritziak, estereotipoak eta oztopoak eraistea; bestetik, pertsona bakoitzak euskararekiko duen ikuspegia eta harremana aldatzea; eta, azkenik, euskararen etorkizunean inplikatzeak duen garrantziaz jabetzea.

Metodologia

Aurkeztutako helburuak lortzeko, GizarteLAB gizarte berrikuntzarako metodologia erabili da, Eusko Ikaskuntzak diseinatu eta garatutakoa.

GizarteLABek gazteen gaitasun sozialak garatzen ditu, ikaskuntza kolektiboa sustatuz eta erronkak elkarlanean gaindituz. Proposatzen duena da ahuleziak ebaluatzea, irtenbideak prototipatzea eta esperientziak eskalatzea; bertan, gizarte-berrikuntzako ereduak, prototipo-metodologia arinak, berrikuntzarako gaitasunen garapena eta harreman-ebaluaziorako metodologiak bateratzen direlarik. Bereziki azpimarratzen du gaitasunak garatzea eta gazteen ikuspegitik ekimen esperimentalak diseinatzea.

Era berean, gazteen arteko giroa konfiantzazkoa eta elkarrekiko errespetuzkoa izatea bilatu da uneoro.

Bost tailerretan zehar, hizkuntzarekin lotzen ditugun aurreiritziak, estereotipoak eta emozioak landu ziren; diagnostiko bat egin zen euskara erabiltzeko edo ikasteko aukerekin, oztopoekin eta irtenbideekin; etorkizun desiragarria irudikatu zuten eta denon artean sortatuko kontakizun bat eraiki zuten; beren proiektuak diseinatu zituzten hizkuntzaren erabilera sustatzeko eta ikaskuntza errazteko, eta prototipoak eraiki zituzten.

Balorazioan, parte-hartzaileek gehien estimatu dutena sortutako giroa, dinamika parte-hartzaileak eta kontakizun komun baten eraikuntza izan dira.

Tailerretan, hizkuntzarekin lotzen ditugun aurreiritziak, estereotipoak eta emozioak landu ziren.

Ondorioak

Gazteei buruz galdetu gabe hitz egiteko joera orokorra dago. Balio-gabeziak leporatzea eta helduok eragin ditugun egoeren erantzule egitea. Eta, nola ez, erakunde helduek egindako gazteria-politikak, euskara-politikak, hezkuntza-politikak... daude, helduen ezagutza sakona biltzen dituztenak, baina gazteei benetan sentitzen, nahi eta behar dutena galdetu gabe eginak direnak.

EAEko haur eta gazteen artean euskararen ezagutza handia izatea, zalantzarik gabe, euskal hezkuntza-sistemaren arrakasta handia da. D hizkuntza-ereduaren ezarpen zabalari esker, gure gazte eta nerabe gehienek euskara dakite. Baina zerbait huts egin du sisteman, gazte askok lotzen baitute euskara ikastea esperientzia txar batekin (traumatikoa ez denean). Izan ere, eskolaren eremuan hizkuntzaren bidez maiz gertatzen den segregazioa ere aipatu da.

Euskararen erabilerari buruzko azken ikerketen arabera, gazteek ez dute euskararen aurrean diskurtso argi eta zehatzik erakusten. Familiak euskaldunak dituzten gazteen kasuan, erreferentzia gehiago izan ditzakete; baina, gehienentzat, hezkuntza-eremua da euskararen inguruan ideiak, balioak edo erreferentziak jasotzeko bide bakarra.

Eragile garrantzitsu bat, askotan ahaztu egiten dena, hizkuntzaren karga emozional itzela da. Parte hartu zuten gazteek euskara emozioekin (positiboak eta negatiboak), oroitzapenekin (positiboak eta negatiboak) eta esperientziekin (positiboak eta negatiboak) lotu zuten. Gure gazteek hizkuntzaren etorkizunarekiko inplikazio handiagoa izatea nahi badugu, agian arreta jarri beharko genuke hizkuntzarekiko lotura afektiboan.

Tailerretan egindako diagnosian, askotan azaldu da hizkuntza ikasteko zailtasuna edo  hainbat eremutan (hirietan batez ere) euskaraz komunikatzeko oztopoak; hala ere, azpimarratu behar da ez dela inoiz zalantzan jarri ez euskararen balioa, ez euskara bizirik mantentzeko beharra (ikasiz eta erabiliz).

Adiskideek, harreman informalek, mundu digitalak eta aisialdiak pisu handia dute gazteen nortasuna eraikitzeko orduan. Horregatik, ezinbestekoa da gazteak seguru, eroso eta gustura sentituko diren guneetara hurbiltzea hizkuntza.

Argi dago, era berean, gazteen artean euskararen helburu funtzionala nagusitzen dela, Euskadin lan egin ahal izateko beharrezkoa den aldetik; horrek, nolabait, nortasunaren eta kulturaren alderdia kaltetzen du.

Beharrezkoa da erreferentzia euskaldunak sortzea gazteen mundu errealean, talde politizatu, feminista eta ekologistetatik haratago, baina hauek baztertu gabe. Euskarazko kultura eta ikus-entzunezkoen sorkuntza sustatzea, bai kantitatean bai kalitatean, urrats ezin hobea litzateke.

Ezinbestekoa da, halaber, komunikazio-funtzioan sakontzen duten eta oso motibagarriak diren euskara irakasteko moduetan berrikuntza sakonak egitea.

Azkenik, adin horretako gazte talde batekin lan egiten denean, baliteke hizkuntzaren testuinguru historikoa eta bilakaera bistatik galtzea. Euskararen balio eta ezaugarri bereziak eta historian zehar izan duen ibilbidea azpimarratu beharko lirateke, egungo sistemaren lorpenak eta ahuleziak kontuan hartzeko.

Baliteke tailer hauekin gazte talde honen euskararen inguruko jarreretan muturreko aldaketarik lortu ez izana. Baina bai antzeman ditugula xehetasun txikiak, perspektiba aldaketa arinak eta, batez ere, euskara jarduera dibertigarri batekin lotzeak, non gazteek entzunak, seguruak eta epaitu gabeak sentitu diren. Bada zerbait, gure ustetan.


Eusko Jaurlaritza