
Gaiak
Gazteak Mugaz Gaindi: lurralde-kohesioa eta integrazioa ardatz dituen lankidetza-proiektua
Europako integrazioaren testuinguruan, mugaz gaindiko lankidetzak funtsezko zeregina du lurralde-kohesioaren sustapenean. Euskal Herriaren kasuan, lankidetza honek aukera praktiko ugari sortzen ditu lurraldearen barne mugak gainditzeko, komunitateen arteko harremanak sendotzean baitago oinarrituta. Artikulu honetan, lurralde-kohesioaren eta mugaz gaindiko lankidetzaren garrantzia aztertuko ditugu, Eusko Ikaskuntzaren Gazteak Mugaz Gaindi proiektuaren bidez, gizarte-berrikuntzatik abiatuta mugaren bi aldeetako herritarren arteko lankidetza nola indartu dezakeen erakutsiz.
Europar Batasunaren lurralde-kohesio politikak herritarren bizitza hobetzeko eta Europaren integrazioa sustatzeko ahaleginaren erakusgarri dira. Politika horien helburua gobernantza-maila desberdinen arteko ekintzak modu eraginkorragoan koordinatzea da eta garapena modu iraunkorrean bideratzea. Testuinguru horretan, funtsezkoa da Europako erregio mugakideen arteko harremanak eta lankidetza sustatzea.
Europako erregioen arteko lankidetza Interreg ekimenaren bitartez bideratzen da eta berau da lurralde-lankidetzarako arau espezifikoak ezartzen dituen tresna. Lankidetza horiek gutxienez bi estatu kideren arteko erregioen arteko proiektuak sustatzen dituzte mugako eskualdeetan eta helburu dute eremu mugakide horietan erronka komunei erantzutea, hazteko duten potentziala aprobetxatuz Europar Batasun osoaren garapenean laguntzeko helburuarekin.
Ondorioz, Europako lurralde-lankidetzak aukera ugari ematen ditu erregio mugakideen eta lurralde transnazionalen arteko lankidetzarako. Lankidetza-politika horiek estrategikoak dira lurralde-kohesioa indartzeko eta integrazio eraginkorragoa eta bidezkoagoa lortzeko.
Gizarte-berrikuntzaren bidez mugaz gaindiko lankidetza indartuz
Gizarte-berrikuntzak funtsezko zeregina du mugaren bi aldeetako pertsonen arteko lankidetza indartzeko, konbentzionaletik harago pentsatzeko eta jarduteko moduak sustatzen baititu. Gizarte eta ingurumen-arazoetarako irtenbide sortzaileak garatzeko baliagarria da, gizarte-beharrak modu integralean kontuan hartuta. Euskal Herriko mugaz gaindiko lankidetzaren testuinguruan, gizarte-berrikuntzak aukera ematen du mugaren bi aldeetako eragileen artean ideiak trukatzeko, lankidetzan aritzeko eta konponbideak elkarrekin eraikitzeko. Herritarren parte-hartzea sustatzean, sareak sortzen dira eta mugaz gaindiko komunitateen arteko elkarrekiko konfiantza indartzen da.
Gizarte-berrikuntza mugaz gaindiko lankidetzan aplikatzeak hainbat proiektu arrakastatsu ekarri ditu historian zehar. Proiektu horien artean, tokiko ekonomia sustatzen duten enpresa-ekimen bateratuak daude, baita kultura- eta hizkuntza-aniztasuna sustatzen duten hezkuntza-programak ere. Gainera, gizarte-berrikuntzak aukera ematen du gizarte-erronka espezifikoei heltzeko, hala nola migrazioari, klima-aldaketari eta gizarteratzeari, mugaz gaindiko errealitateetara egokitutako konponbideen bidez.

Euskal Herri osoko gazte talde bat bere lurraldearen etorkizunerako eszenatoki eta prototipoak diseinatzen aritu da.
Gazteak Mugaz Gaindi proiektuaren esperientzia
Gazteak Mugaz Gaindi proiektua da gizarte-berrikuntzak gazteen potentziala katalizatzeko eta ekimen eraldatzaileak abian jartzeko duen moduaren adibide nabarmena. Proiektu honek mugaren bi aldeetako gazteak elkartzeko gune partekatu bat sortu du, ezagutza eta bizitza soziala, ekonomikoa eta kulturala sustatzeko helburuarekin. Bost hilabetez, Euskal Herri osoko hogeita hamar gaztez osatutako talde bat bere lurraldearen etorkizunerako eszenatoki eta prototipoak diseinatzen aritu da.
Proiektuan zehar, Eusko Ikaskuntzak garatutako GizarteLAB Gizarte Berrikuntza programa erabiliz ekimen esperimentalak ezartzeko gaitasuna eman zaie gazteei. Bizi-mapak, etorkizuneko mapak eta enpatia-mapak bezalako metodologiak erabiliz, mugaz gaindiko gazteriarekin lotutako gaiak aztertu dira, ahulguneak identifikatuz, konponbideak lagunduz eta esperientziak eskalatuz. Gainera, prototipatze azkarreko teknikak erabili dira ideiak ekintza zehatzetan gauzatzeko, parte-hartzaileei esperimentatzeko eta ikasteko aukera emanez, egin daitezkeen pilotuak ezarriz.
Proiektu honen berezitasuna parte-hartzaileen profilean ere egon da, gehienak Z belaunaldikoak izan baitira. Helburu nagusia belaunaldi horrekin konektatzea eta kultura eta irudimen-erreferente partekaturik ez zuen pertsona-talde baten osatzea ere izan da. Proiektuak kulturan aukera berriak irekitzearen garrantzia erakutsi du, modu kolaboratiboan esploratu, eztabaidatu eta sortzeko plataforma bat eskainiz. Espazio inklusiboa eta askotarikoa eskaintzean, ahots berri horiek askatasunez adierazteko aukera izan dute, eztabaida publikotik baztertuta edo entzun gabe sentitzen zirenak ahaldunduz.
Laburbilduz, mugaz gaindiko lankidetzak eta gizarte-berrikuntzak funtsezko zeregina dute lurralde-kohesioan eta integrazioan. Mugaren bi aldeetako pertsonen arteko lankidetzaren bidez, irtenbide berritzaileak sortzen dira erronka komunei aurre egiteko eta mugetako hazkunde-potentziala aprobetxatzeko. Gazteak Mugaz Gaindi bezalako proiektuek erakusten dute herritarren parte-hartzea bultzatzean, sareak sortzean eta elkarrenganako konfiantza sustatzean, gizarte-sarea indartzen dela eta etorkizun kohesionatuagoa eta oparoagoa sustatzen dela. Bai Euskal Herrian, bai Europar Batasuneneko gainerako lurraldeetan, martxan jartzen diren lurralde-kohesiorako politikek ekimen GMG bezalako ekimenak babesten eta sustatzen jarraitu behar dute, eskualdeen garapen eta integraziorako duten balioa aitortuz.

