
Gaiak
Eskubide kulturalak eta gobernantza-ereduak
Eusko Ikaskuntzak 2022ko urtarrilean abiatu zuen “Eskubide kulturalak: parte-hartze eta gobernantzarako politikak” ikerketa-egitasmoa, eskubide kulturalen inguruko eragin-esparrua eta gogoeta-ildoa Euskal Herritik eta euskal kulturatik birpentsatzeko asmoa duena, besteak beste. Eskubide kulturalen markoak parte-hartze kulturala eskubidetzat du, eta besteak beste, parte-hartze kulturala hiru dimentsiotan garatzeko eskubidea bermatu behar dela aipatzen du: herritarren parte-hartzea, praktika profesionala eta gobernantza kulturala. Parte-hartze kultural horien nolakotasuna ere birdefinitzen du eskubide kulturalen markoak. Izan ere, Euskal Herrian egin izan dira parte-hartze kulturala neurtzeko hainbat ikerketa edo inkesta, eta horietan guztietan parte-hartzea definitzeko ariketarik ez da egiten. Ikerketa horietariko batzuetan parte-hartzea norabide bakarreko jarduntzat hartzen da, alegia, kultur ekitaldietako publiko edo hartzaile izatearekin lotzen da. Ez dago beste nolakotasun batzuetako parte-hartze kulturalen inguruko diagnosirik eginda.
Norabide horretan eragiteko eta ikertzeko asmoz, Euskal Herrian eskubide kulturalak eta parte-hartze kulturalak alderik alde bermatzeko zer muga, zer zailtasun eta zer oztopo dauden identifikatzeko eta biltzeko trukerako espazioak sortzen ari gara, euskal kultur esparruaren eta euskal kultur ekosistemaren askotariko geruzetan edo adarretan diharduten kultur eragileen ekarpenak jasotzeko. Hau da, parte-hartze kulturalaren inguruko diagnosi bat egiteko bidean, kultur eragileen bizipenetatik eta jardunetik eratorritako galderak, gakoak eta proposamenak jasotzeko urratsak egin nahi ditugu.
Testuinguru horretan antolatu genuen “Eskubide kulturalak eta gobernantza-ereduak” mintegia 2022ko azaroaren 18an, Martin Ugalde Kultur Parkean, Andoainen, eta hainbat elkarte edo kolektibotan dihardugun kultur eragileak elkartu ginen, eskubide kulturalen eta gobernantza-ereduen inguruan hausnartzeko: Ahotsenea, Bertsozale elkartea, Ekida, Euskal Editoreen Elkartea, EIZIE, Elkar Fundazioa, Iruinkokoa, Jakin, Laba, Lanartea, Pantailak euskaraz, Txalaparta…

Lehen mintegi horretan kultur politiken eta gobernantza-ereduen inguruko gogoeta abiatu genuen, besteak beste, honako galdera hau abiapuntu izan genuela: zer lankidetza-mota eraikitzen dira kulturako eragileen eta agintarien artean? Administrazio publikoarekiko elkarlan edo lankidetza aukera horiez galdetzean, gogoeta-mahai guztietan antzeko kezkak plazaratu ziren:
Burokratizazioaren labirintoa
Edozein kultur ekitaldi antolatzeko elkarte-egitura izan beharra dago, eta prozedura huts horrek izugarri zailtzen du parte-hartze kulturala, izugarri oztopatzen du dinamika kultural herritarra. Eta kasurik onenean, elkarte-egitura edo egitura administratibo bat izateko aukera dagoenean, burokratizazioak parte-hartze kulturalaren nolakotasuna eta eraginkortasuna zailtzen ditu: gero eta prozedura burokratiko korapilatsuagoak, gero eta plataforma digital korapilatsuagoak, azpiegitura eta baliabide publikoen erabilerarako zailtasun administratiboak, espazio publikoaren erabileraren burokratizazioa (eta penalizazioa), espazioen erabilerarako gehiegizko neurriak eskatzea (aretoetako neurri profesionalizatuak, babes-planak, kale erabileraren tasak…), eta abar. Halako betebehar eta urrats administratibo konplexuek parte-hartze kulturala zailtzen dute, eta kulturarako sarbideak mugatzen dituzte. Gainera, egitura zein betebehar administratibo horiek guztiak are zentzugabeagoak dira euskarazko kulturgintzaren jardunean, kultura gutxitua izanik, beste edozein kultur hegemonikoren parametro zein logiketatik oso bestela eraikitzen eta egituratzen delako. Hala izanik ere, ogasunean edo bestelakoetan kultur hegemonikoetako sortzaileen eskakizun bertsuak bete behar dituzte euskal sortzaileek, nahiz eta abiaburuko egoera zeharo ezberdina izan.
Hierarkiak deseraikitzeko premia
Kultur eragileen eta agintarien artean eraikitzen diren lankidetza-mota gehienak diru-laguntzak dituzte oinarri gero eta gehiago, eta, ondorioz, hierarkikoak dira. Badirudi hitzarmenen politika desagertzeko bidean dela eta diru-laguntzen sistema indartzen ari dela. Kultur dinamikak sustatzeko estrategia gehienek diru-laguntzak dituzte oinarri, eta halako estrategia batek epe motzeko begirada baino ez du elikatzen, eta epe laburreko ekimenak saritzen ditu, prozesu iraunkorragoen eta eraldatzaileagoen kaltetan. Hortaz, diru-laguntzen egungo sistemak ez du administrazio publikoarekin elkarlanerako zirrikitu askorik uzten, besteak beste, goitik beherako hartu-emana eraikitzen duelako diru-laguntzen sistema horrek, baita kasu batzuetan mendekotasunezko harremanak eraiki ere.
Sailen arteko koordinaziorik eza
Euskal Herriko administrazio gehienen egitura konpartimentu bereizietan antolaturik dago, eta zubigintzarik gabeko halako egitura batek parte-hartze kulturala sustatzeko neurriak garatzeko estrategia partekatuak diseinatzea zailtzen du. Hau da, Euskal Herriko lurralde guztietan, udaletatik hasi eta lurralde-gobernura arteko erabakigune gehienetan, sail hauen arteko koordinazio gutxi egon ohi da: Kultura, Hizkuntza eta Hezkuntza. Sailen arteko koordinazio ezak are gehiago zailtzen du euskal kulturaren inguruko politikak zein dinamikak abian jartzea, angelu-itsu ugari sortzen direlako sailen mugako espazio horietan guztietan. Sarritan hizkuntza biziberritzea helburu duten sailetatik jasotzen dira diru-laguntzak, eta ez kultura sailetatik. Hortaz, administrazio publikoek euskal kultura batez ere hizkuntza-praktikatzat hartu ohi dute, ez kultur praktikatzat, eta horrek eragin erabatekoa du kultur ekimen horiek gizarteratzeko zein babesteko erabilitako diskurtso zein baliabideetan, baita jasotako baliabideen neurrian zein moldean ere. Eta hizkuntza-praktikatzat hartzeak ere kultur ekimen batzuk lehenestea dakar beste kultur jardun batzuen aldean, askotan ez baitago kultur ikuspegirik edo kultur norabiderik dinamikak sustatzean (ikuspegi soziolinguistiko soila baizik).

Kulturaren funtzio soziala hauspotzeko premia
Kulturaren ikuspegi merkantilista gailendu da, eta irabazien arabera neurtzen dira kultur ekoizpenak, eta administrazioek maizegi kultura entretenimendu gisa aurkezten eta programatzen dute. Zentzu horretan, gobernantzatik haratagokoa behar du izan eztabaidak, gizarte ereduaren inguruko eztabaida ere zeharkatu behar duelako, eredu kapitalista bera auzitan jarri behar duelako, galdera hau erantzuteko bidean: zer kultur eredu elikatzen ari gara? Zer gizarte eredu elikatzen ari gara kultur eredu horren bitartez? Kulturaren funtzio sozialaren auzia gizarteratu beharra dago, bestelako kultur dinamikak eta kultur diskurtsoak elikatzeko bidean.
Bost auzi horiez gain, beste hainbeste ideia, ñabardura, bizipen eta hausnarketa bildu genituen mintegian. Horiek guztiek helduleku garrantzitsu izango zaizkigu eskubide kulturalen inguruko egitasmoa kokatzeko, birdefinitzeko, eta hurrengo urteotan Euskal Herriko parte-hartze kulturalaren inguruko argazki osoago bat eraikitzen joateko.