777 Zenbakia 2023-02-15 / 2023-04-12

Gaiak

Emakume bertsolariaren figura berriak txapelketan

LARRAÑAGA ARRIOLA, Jexux

Antropologoa

Sarrera

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia, 2022ko abenduan ospatu zen Iruñean, Nafarroako erresuma zaharreko hiriburuan. Erresonantzia sinboliko handiko ospakizuna izan zen, lurralde mailako izaera eta esanguratasun politikoa bereganatuz. Berton, bertsolaritza lehiaren goreneko unea, euskararen eta identitate ospakizun gisa bizi ahal izan genuen hainbat euskal herritarrok. Ez bertsozaleak bakarrik, jendarte zabal batengan irismen gaitasuna duen gertakaria denez, gertaera totala[1] bihurtzen da Txapelketaren final eguna.

Izan ere, Txapelketa garaikideak lortzen duen zabalkundea, ikusgarritasun eta oiartzuna, ikus-entzunezko, sareko hedabide, eta teknologien bitartekaritza bidez lortzen du, eta bereganatzen duen arreta masiboaren onurez, bertsogintza ekosistemaren unibertsoa distiraz azalarazten du gizartera. Txapelketa nagusia, ahozko jardun eraikiaren kultur adierazpide[2] estetiko goi mailakoa da. Herrigintzaren ardatzean zurtointzen den kultur adierazpidea, ahozko sorkuntza garaikidearen arte abangoardian kokaturik dago, eta arnas luzeko ibilbidean, ospakizun eta komunitate festa izateko bokaziotik berresten da aldiro.

1. Ahalduntze bidea

2009ko Txapelketan Lujanbiok txapela bereganatu zuenean, eraldaketa historiko baten abagunean kokatu gintuen, ordura arte, txapelaren identitateak ordezkatutako kultur hegemoniko tradizional eta maskulinoaren eredua itzulipurdikatu egin baitzuen. Lujanbioaren txapelak, emetasun kultural berria zekarren, emakumearen identitate subjektibo berriaren azaleratze eta atxikimendua, molde kultural malguagoan uztartua, eta horren testigantza eman zuen, gobara-ren aipamena egin zuenean agurreko bertsoan. Itxuraz kontrajarriak ziren bi sinbolo (txapela eta gobara), gurutzatu zituen bere agurreko bertsoan eta euskararen zentralitatea berrestu herrigintzaren ardatzean.

Geroztik, gobararen adierazkortasun kulturalak erakutsi digu emakume bertsolariaren ahotsetik, bestelako kultur-subjektibitatea[3] plazaratzeko aukera eta beharra zegoela, emakume bertsolaria beraren ahots subjektiboa lehenetsiko zuen jarrera eta nahian gorpuzturik. Hara, azkeneko Txapelketetan, Lujanbio bera izan da emakume bertsolari bakarra finalisten zortzikotean, azken oholtzarako uneari begira jarri ezkero. Lehiaren eredu tradizionalaren emakume salbuespenezkoa izan da bera, Txapelketa Nagusiaren testuinguraketaren urte luzeetan (2005-2017), gizonezkoen jabego tradizionalaren eremu publikoan (2009an) gailentzea lortu zuen arte, paradoxikoki, eremu maskulinoan eta gizonen-lehia eremuan. Haatik une historikotzat jo genuen txapelketaren historian, izan ere, harrezkero bertsolaritzaren subjektu hegemoniko patriarkala galdekatuta eta interpelatua gelditu zen.

Geroztik, eraldaketa historiko horren aurrerabidea etenik gabea izan da, eta horren ondorioa da, 2022ko Txapelketa Nagusian, hiru emakume izan direla final handiaren egunean oholtzaratu direnak. Txapelketaren historian lehen aldiz hiru emakume oholtzaratzeak, emakumearen iraunkortasuna, kalitatea, trebezia eta doaia zeinen indartsua izan den erakusten digu, eta aldi berean aldaketa kulturalak[4] erdiestea zein nekeza eta motela gertatzen den kulturan.

Hara, Txapelketaren sorkuntza balioa eustea eta iraunaraztea, kultur iruditeriaren eraldaketa ekarri du, haatik, egungo emakumearen txapelketa ordezkaritza, subjektu aktibo, politiko eta sozial gisa bermaturik gelditu da.

2. Genero ikuspegia

Emakume bertsolariaren ekarpena, genero berdintasunaren aurrerabidean dago, emakumea oholtzarako presentzia lortzeaz gain, egitura hegemoniko patriarkalaren sistema errepresentazionala arrakalatzeko ahalegin ideologikoa gaineratu behar zaiolarik. Hara zelan, 2022ko txapelketa, aro pospatriarkalaren abagunetzat jo daiteke honezkero, hiru emakume oholtzaratzeko abaguneak, diskurtsoa zabaldu eta inklusiboagoa izateko aukera erreala ekarri duenez, eta emakumeen ordezkaritza bermeak, benetako berdintasunerako eskubidean aurrerapauso irmoa egin duenez.

Emakumeen ahotsak txapelketara ekarri duen pentsamendu norabidearen eraldaketak, ikuskera berrien zuntzak ikusarazten dizkigu, entzuleriaren amets eta desio partekatuetan ahots propioa eransten diola. Emakume bertsolariaren subjektibotasun kulturalaren ekarpena izan da: pentsamendua, irudimena eta gorpuztutako emozioen zirrara berri bat.

Subjektu ahots berri horrek jada, ez du esentziazko identitaterik bilatzen, ezpada bertsolari sortzailearen kokapen berria eraikitzeko abagunea, emakumearen ahots propiotik aritzeko eszena kulturalaren agertokian eta kultura praktiken iruditegi berriak sortzeko. Izan ere, genero hierarkiek gurutzatzen dute gizon emakumeen arteko eguneroko harremana, eta hierarkia horien baitan jokatzen da gizarte eraldaketarako emantzipazio eta askapen borroka.

Emakume bertsolariaren diskurtso ekarpena, sistema tradizional patriarkalaren interpelaziotik etorri da, sortzaile gisa duen zereginean lehentasun garrantzitsutzat barneraturik duenez gero.

Emakumearen presentziaren eta ahotsaren txapelketako eszena berritasuna, gizartean ematen diren subjektibotasun-prozesu berriekin loturan dator. Bere ahalmen sortzaileak etengabe sortzen dituen genero harremanen, zein kultura-aldaketen esperientzian oinarritutako iruditeria berriak, errealitate politiko berrien sorkuntzan laguntzen dute.

3. Bertsolariaren ahotsa: gudu zelai

«Emakumeen ahotsa eta gorputza oraindik gudu-zelai direla esan liteke, emakume bertsolariak ez hegemonikoak ez izatearen arrazoi nagusietako bat haien gorputza bera izanik, eta ahotsa ere gorputz gisara ulertuz»  (Artetxe Sarasola, M. 2019)

Bertsolaritza eta gizartearen artean elkar eragin zuzen bat dagoela nabaria da, bertsoak eta bertsolaritzak badu bere testuinguruan eragiteko gaitasuna eta alderantziz, testuinguruak eragiten dio bertsolariari. Ez da gaitegia soilik, edukia, forma, teknika, sormen ekintza beraren estetizazioa, ahots-gorputzen eragin osoa dago ekintza komunikatiboaren izaeran. Hein handienean, gizartearen adierazlea da bertsolaritza, haatik, genero-ikuspegia, neurgailu egokia izan daiteke eraldaketa diskurtsiboak atzemateko orduan, egungo bertsolaria bide urratzaile lan etengabean ari baita, batzuetan, euren diskurtsoak iritzi publikoaren aurretik doazelarik. Edozelan, bertsolariaren ahots diskurtsiboa, gure  kulturaz eta gizarteaz ari da.

Bertsolari bakoitzak gaiaren aurrean hartzen duen kokapenak garrantzi handia dauka, zein ahotsetik kantatzen duen, izan ere, txapelketa honetako diskurtsoak, formulazioak eta kokapenak modu nabarmenean aldatu direla ikusi dugu, bide berriak irekiz aritu ziren egun osoz oholtzaratutako zortzi bertsolariak. Eraberritze erreferentziak ugariak izan ziren bakarkako eta ganbarako lanei begira jarri ezkero. Bertsolariaren ahots diskurtsiboa ezaugarritzeko ganbarako eta bakarkako gaiak izan litezke egokienak, irakurketa sozial zabalagoa egiteko aukera eman dezaketenak direlako.

Entzun genituen ahotsak, subjektu sozial anitzen lekutik mintzo diren ahotsak izan ziren, migratuarena, bazterrekoa, langilea, prekarizazio egoera jasaten duena kasu, bestetasun sozialetik eta subjektu anitzen larrutik ari diren ahotsak dira gehienak. Bertsolariek hartutako ikuspuntuak herritarren interesgune eta kezken adierazle dira, eta askotan, bazterreko subjektuen ahotsak jasotzen dituzte.

Bertsolariek garatutako diskurtsoetan entzun genituen adibidez, baldintza prekarioak direla eta grebara jotzen duten langileak, zaintza lanetan ari direnen lan baldintza eskasak, denda txikien jabeen zailtasunak, nekazari edo abeltzainen eraman ezinak, teknologiaren gehiegizko erabilera, hondakinen kudeaketa, ingurogiro arazoak, genero indarkeriaren kasuak, zahartzearen arazoak, orotar, kezkagai diren gai sozialak, subjektu anitzen ahotsetik garatu zituzten.

Nabarmena da honezkero ahots horiek gehiago azaleratzen direla bere subjektibotasuna ukatuko zaion kategoria menperatu batek gorpuzten dituenean. Tourainek  (2009) azaltzen du, subjektuak gaur egun ondoen gorpuzten duen kategoria, emakumeen kategoria dela, kategoria horri subjektibotasunerako eskubidea zein eskubide politikoak, luzaroan ukatu zaizkiolako.

Gizonek, emakumeen subjektibotasunaren aitortza luzaroan egin ez izanak subjektu kategoria pribilegiatu bihurtzen ditu. Gaur, emakumeek, beren bizitza, emakume-bizitza gisa eraiki ahal izatea helburu nagusitzat jotzen dute, ahizpatasuna bultzatuz. Hara, bertsogintzan egindako aurrerabidean, emakumeak dira honezkero eraldaketa kulturala bultzatzen eta behartzen ari direnak oholtza gainean, eraikuntza pertsonalaren norabidean bizi-praktika anitzen iruditeri berriak proposatuz. Txapelketaren bertsogintzak erakutsi digu emakume bertsolariaren figuraren berritasuna lanketa baten ondorioa dela. Subjektua eraiki ahal izatea da, hain zuzen, kulturaren helburu nagusia, eta ondorio zuzena da, emakumeek nagusitzen diren diskurtso eraldaketan sarturik gaudela honezkero. Bestela esanda, emakumeek dagoeneko hartu dute beren ahots propioaren hitza.

Baina aldi berean, subjektu diskurtsibo hori, herri bateko, kultura bateko eta iragan bateko kide izatearen kontzientzia duen taldean gorpuzturik dago. Komunitate zein herri bateko kide izatearen muturreko kontzientzia iraunkor eutsi duen subjektu kolektiboaren ezaugarri kulturalaren ondorioa da. Eta ezaugarritze horren muinean hizkuntza bera dago. Aipagarri da hemen euskararen gaiak berariaz izan zuen zentraltasuna agurreko bertsoaldietan.

4. Emakumearen figura

Egungo emakume bertsolariaren diskurtso ekoizpena, hizkuntza, generoa eta boterearen arteko harremanak galdekatzeko eremu diskurtsibo aproposa dela erakusten digu. Diskurtsoa arrakalatzeko agentzia gaitasunak, emakumearen figura[5] bistaratzen du txapelketan. Agerpen hori, kultura-aldaketarako estrategia diskurtsiboan ulertzea eta onartzea berebiziko garrantzia dauka, figuraren izaera, politikoa eta soziala delako, eta bere ahots-gorputzaren eragin performatiboan txertaturik dagoelako. Hizkuntza, generoa eta boterearen arteko harreman gatazkatsuetan gurutzaturik.

Kulturgintzara begira dagoen proposamen eta proiektu etiko-estetiko-politiko gisa bistaratzen da txapelketaren eszena performatiboan. Bere ahotsaren birsorkuntzaren arrazoia, arrazoi poietikoak[6] blaitzen duela. Ekoizten duen arrazoia, goputzek zeharkaturiko ahots[7] kokatua da, kulturaren elkarreraginezko prozesu komunikatiboan birsortzen dena. Ez da soilik emakumearen gorputza baizik subjektuaren lekua, bere kokapena eta duen erreferentzialtasuna kulturgile gisa. Izan ere, subjektua izendatzeko gaitasunak berebiziko garrantzia dauka emantzipazio borroken agentzia gaitasunean.

Agentzia gaitasuna, diskurtso bultzagile izateko arduratik gorpuzten dela ikusi dugu, subjektibotasun dinamika berrien eragile izateko kulturan. Zeren, bertsoaren jolas performatiboa eta bizi dugun errealitatea elkarri lotuta bizi ditugu, hainbeste ezen, errealitatea bera, hizkuntzaren eta jolasaren irudi gisa har daitekeen, eta ez alderantziz. Zentzu honetan, errealitate diskurtsibo-fikzionalak, errealitate sozialak gauzatzen lagungarriak direla esango genuke, errealitate politiko berriak bultzatzeko agentzia gaitasuna duten neurrian.

Iraganari begira, emakumearen isiltasunak izandako bilakaera historiko soziala dago, presentziarik ezak eragindako hutsunea[8] edo ez-izana. Orainari begira, ahots garaikideak egin duen ahalegin biderkatuaren aintzatespen beharra. Aitortza horrek, jardun berriak eraikitzeko abagune sorkarian kokatzen du egungo emakume bertsolaria, eta aldi berean, emakumea beraren figura berriak sortzeko aukeren biderkatzailea bihurtzen du.

5. Ondorioa

Azken urteetako emakume bertsolariaren txapelketaren parte hartzeak, berarekin  ekarri du, emakumeek euren egoeratik eta ikuspegi errealetatik kantatzeko abagune berri bat, hots: iruditegia eraldatuz batera euren hitza funtsatzen duen arrazoi poietiko-estetikoaren lehentasuna, arrazoi politiko bihurtzeko aukera. Eta ondorioz, kultur eredu tradizionalak ainguratutako subjektu patriarkalaren nagusigoa higatuz, errealitate politiko berriak sortzeko abagune berri bat zedarritu bertsolaritzaren erreferente kulturgilean.

Hara, egungo txapelaren berritasuna eraldaketa balioan dago, diskurtsoaren aurrerabideak txertatzen duen genero harremanen esangura politikoan. Halaber, egungo emakume bertsolariaren hautua, tradizioak irudikatu duen subjektu patriarkalaren errotiko eraldaketan datza, eta guzti horrek, honezkero, bertsoaren subjektibotasun femenino berri baten aurrean jartzen gaitu.


Oin oharrak:

[1] Marcel Mauss-ek “gertatze sozial osoa” kontzeptua erabili zuen, geroago bai Durkheim eta Weber-ek erabili zuten. Txapelketa Nagusiaren ekitaldi hori, goi mailako gertaera estetikotzat jo dugu: kultur testuingurua trinkotu eta pitzarazten duen gertatze soziala, bete-beteko dimentsio antropologikoa du.

[2] Errealitateari begiratzeko ikuspegiak azaleratzen ditu. Bertsoak, uneoro interpretatu egiten du bizitza. Hala dio Harkaitz Zubirik:  “Jendearengana iristen den kultura bakarrik da eraginkorra, zentzu horretan, jendearen larruazalera, burmuinera, sabelera, atxikitzen den kultur sorkuntzak bakarrik aldatzen ditu arimak”. Kulturgintzari begiratzeko betaurreko berriak. Bertsolaritzatik ikasten, JAKIN (2018) 231: 11-37.

[3] Kultur subjektibotasuna herri edo gizarte bati dagokion errealitate baten interpretazioan, balorizazioan, hautematean, oinarritzen da. Zentzu horretan subjektibotasuna, kultura bakoitzaren oinarrian dago. Gizakiaren kultura-funtzionamenduan eta kultura-ekoizpenetan sortutako gizarte-munduari atxikitako irudikapenen isla da. Sortzetikoa da kulturan, zeren giza gertaerek kokatzen gaituzte bizitzeko eran eta esanahi-sistema jakin bati dagokionez. Hara, harreman-sistemek, gizarteko rolen interakzioan gorpuzten dira uneoro, gizabanakoen arteko sozializazio harremanak eratuz, eta ondorioz, gizabanakoa, bere inguruak eraikitzen dituen irudikapen sozialez zipriztindurik bizi da.

[4] Hala dio Lorea Agirrek (2010) emakume bertsolariek ekarritako kultura aldaketaz ari dela: “Orain, hainbat erresistentzia eta praxi txikiren bitartez, kontestua aldatzen ari dira, halako disonantziak, aldiro-aldiro sortuz, eta orain ahots propioz, hizkera propioz eta gaitegi propioz dihardute, eta are bertsogintza bera ere aldatu dute. Aldatu bi zentzutan: bertsolaritzaren sistema bera, eta bertsoaren sormena bera”.

[5]  Tourainen subjektuaren berezitasuna gatazkatik sortutako subjektu izatean datza. Tourainek ez du subjektua gizarte roletan txertakuntza bidez tipifikatzen – sozializatzen – baizik, norbanakoak eta taldeak, gatazkan bihurtzen direla subjektu planteatzen du. Norbanako zein taldeak, gatazkaren orientabideen kontrolaren bidez bihurtzen dira subjektu, gizarte-bizitzaren araudiak irauliz. Baldintza hori ez dator berez emana eta irabazi beharra dago.

[6] Arrazoi poetikoaren kontzeptua Maria Zambrano (1905-1991) filosofoaren ekarpen teorikoa da, Harentzat, arrazoi poetikoa, ezagutza-metodoa zatekeen, jakintza desberdinez osatua, arrazoi berri sortzailearen ekoizpenek ondua. Bizieraren dimentsio guztiak (arrazoizkoak zein arrazoizkoak ez direnak) bateratzea jomugan zukeen. Zanbranoren ustez, Mendebaldeko kultura ondoezaren arrazoia, giza bizitzaren oinarrizko alderdien ahanzturan legoke. Alderdi horien ahazturak, hitzaren beraren galera ekarriko zukeen.

[7] Jone Miren Hernandez, Gorputz bat ikusten dut zure ahotsean. Gorputz generizatuak bertsolaritzaren soinu-bidean (2019) artikuluan aztertzen du ahotsak, genero-bereizkeriarako tresna izatetik, bertsolaritza feministaren garapenerako tresna gisa egin dezakeen ekarpena.

[8] Emakumea luzaroan plazatik kanpo egon izanak, haren bazterreko izaera erakusten du bertsolaritzaren historia sozialean. Alabaina, egungo emakume bertsolariek badute taldearen balioa eta kolektiboaren babesa. Berdintasunaren aldeko borroka, hautu indibidualista eta hiperliberala izatetik harago dago. Egungo emakume bertsolaria, feminismoaren subjektuaren borrokarekin gurutzaturik dago, nola bere eraikuntza nahiaren desioan, hala herrigintzari eratortzen zaion ekoizpen diskurtsiboaren eduki kulturaletan, Hizkuntza eta generoaren arteko, elkargunean gorpuztutako ahotsa da berea.

Bibliografia:

Agirre, Lorea (2010): Zapia eta txapela: emakume bertsolariak tradizioarekin negoziatzen eta eredu berria sortzen: negoziazioak eta disonantziak: mututasunetik emulaziora, eta emulaziotik ahots propiora. Balioen Filosofia eta Antropologia Sozialaren Saila, EHU. Bertsolaritzaren Datu basea BDB. Online

Artetxe Sarasola Miren, Labaka Mayoz Ane (2019): Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen. UEU

Badiou, Alain (2009): Subjetivación y proceso subjetivo. Teoría del sujeto, Prometeo, Buenos Aires, Argentina: 263-286

Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finala. BERRIA, 2022-XII- 20

Hernandez J. Miren (2014): «Begiek entzuten dutena. Emakume bertsolariak euskal kulturaren begiradapean», in Diskurtsoak, Eraikuntzak, Gorputzak. Gorputzen eta binarismo sexualaren eraikuntzaz, Udako Euskal Unibertsitatea eta Euskal Herriko Unibertsitatea, Bilbo, 137-154.

______________________(2019): Gorputz bat ikusten dut zure ahotsean. Gorputz generizatuak bertsolaritzaren soinu-bidean in Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen. UEU.134-153.

Touraine, Alain (2009): El sujeto, el otro y los otros. La mirada social. Un marco de pensamiento distinto para el siglo XXI: 197-221

Zulaika, Joseba (2004): La cancion de Bilbao: Maialen. Bertsolari aldizkaria,  96, 2014 negua,8-19.

------------ (2019): What is a sex of a bertsolaria? Female improvisational poets: challenges and achievements in the twentieth century, Reno: Center for Basque Studies, University of Nevada, 2019, 414-172


Eusko Jaurlaritza