
Gaiak
Angoulemeko Nazioarteko Komiki Jaialdiaren 50. edizioa
Urtarrileko azken asteburuan, 26tik 29ra, Angoulemeko Nazioarteko Komiki Jaialdiaren 50. edizioa egin da (Festival International de la Bande Dessinée).

Lau egunez, egileak, profesionalak eta zaleak elkartu ziren hirian, Europa osoko argitaletxeen azken nobedadeak ezagutzeko. Eta hiriko espazioetan urtero egiten diren erakusketak, era bikainean antolatzen direnak, aurten apartak izan dira: Junji Itó, Philippe Druillet, Ryoichi Ikegami, Julie Doucet, Margueritte Abouet, Colours!, Elle résiste, elles résistent… Erakusketa bikain hauetaz gozatzeko aukera izateagatik bakarrik merezi du Angoulemera bidaiatzea. Gainera, 50. urteurrena zela eta, Hajime Isayamaren L'Attaque des Titans, erakusketa berezia egin zen.
Gazteenei eskainitako auzo oso bat, Manga City bat, sortzaile handienen eskola magistralak, hitzaldiak, bost karpa handi, dozenaka sortzaile, ehunka erakusketari, milaka pertsona…
Zaila da komikigintzatik kanpoko norbaiti Jaialdiaren nondik norakoa azaltzea; Frantziako Angouleme hiriak komikia arnasten du txoko bakoitzean: eraikin askotako fatxadak, kaleen izenak burbuila moduan, zaborrontziak, kale-argiak, dena janzten da binetaz… eta urtarrileko azken asteburuan bederatzigarren artearen maitaleen paradisu, meka eta helmuga bihurtzen da.
Baina hiriak burbuilen inguruan hazten jakin du, eta bertako herritar eta eragile gehienak inplikatzen, komikia bere egunerokoan txertatuz, bere Nazioarteko Jaialdi ospetsuaren iraupenetik harago. Europan erreferente den BDko eskola bat du, museoak, dokumentazio zentroak eta horiekin lotutako sormen ekimen ugari, start-upak, argitaletxeak eta eratorritako industriak ugari dira inguruan.

Eta Euskal Herrian sortzaile asko eta zaletu gehiago daudenez, ez da zaila komikiarekiko grinak lotzen dituen euskaldun talde handi batekin topo egitea urtero Angulemako kaleetan zehar.
Batzuk standetan aritu ziren lanean, hala nola Joseba Larratxe Josevsky, Joana Maiz Félès argitaletxearekin aurkezten zuena; edo Marko nekaezina, La brigade des souvenirs, Dupuis-ekin promozionatzen, zirt-zart saio bitan partaide gisa eta Bamboo-ko standean ere ikusi genuena; Bertol Arrieta zarauztarra ere ikusi ahal izan genuen Bang-ek argitaratutako L’Écume des nuages lanarekin.
Bitartean, beste batzuek, euren lanen eskubideen salmenta negoziatzen zuten Frantziako eta Belgikako argitaletxe batzuekin, hala nola Xabier eta Martin Etxeberria anaiek, Harrietek, Mikel Begoñak edo Iñaki Holgadok.

Norbait ahazteko arriskuan egon arren (aldez aurretik barkamena eskatzen dut), Angoulemeko kaleetan zehar aurkitu genituen batzuk aipatzera ausartuko naiz: Dani Fano, Julen Ribas, Belatz, Aritz Trueba, Garluk Agirre, Koldo Azpitarte eta Astiberri eta Harriet argitaletxeetako arduradunak, Xabiroiko ohikoak, lagunak eta zaleak. Izan ere, bakarti samarra den lanbide honen poz eta atsekabeak konpartitzeko topagune ere bada hau.
Beraz, Angoulemeko Jaialdia presarik gabe dastatu behar da, zentzumenak gozatuz, kulturan, liburu berri eta antzinako originalaren usainean pausatuz, kaleko hotza eta lagunen beroa sentituz. Eta amaitu, beti, irribarre batekin eta hurrengo urtean itzultzeko promesarekin.