2018an lantzen hasi ginen Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan izeneko proiektuaren helburua zen nafar gizartearen aniztasuna eta kohesio-bideak aztertzea, gizarte demokratiko baten biziki garrantzitsuak baitira urte hauetan guztietan presente izan ditugun hiru kontzeptuok: aniztasuna, kultura demokratikoa eta bizikidetza. Aurreko urteetan egindako lanaren arabera, aurtengo jarduerak hipotesi orokor batetik abiatu dira: Nafarroan planteatutako bizikidetza-gatazka ulertzera garamatzan haria nazio identitateari eta gizartearen polarizazio ideologikoaren mailari lotuta dago. Gatazka hori gainditzeko, hiru gairen inguruan hausnartu behar zela uste zen: gizarte-konfiantza, euskararen balizko politizazioa eta Nafarroako Administrazioaren zeregina.
2022ko hipotesiak eta helburuak
Aurten, baina, gazteen pentsamoldeetan sakondu nahi izan dugu. Iazko proiektuan aurreikusten genuen langai modura aztertzea nola antzematen zituen gazte belaunaldiak nafar gizartearen arlo politikoaren polarizazioa, euskara eta nafar identitatea; hiru horiek izan baitira aurreko proiektuetan bizikidetzarako oztopo gisa gehien aipatu diren gaiak. Eta, horrez gain, nolako proposamenak egiteko gai diren, aldagai batzuek kontuan hartuta. Xeheago esanda, helburutzat izan dugu ikustea ea belaunaldi aldaketak Nafarroako politikan eta gizartean bestelako egoera bat marraztu ote dezakeen. Hartarako, nafar lurralde osoko gazteak, batetik, eta, bestetik, politizatuen eta ez politizatuen ikuspuntuak kontuan hartzea, azken batez, gizarte eta politika esparruetara, bereziki Nafarroako Administraziora, zuzendutako proposamen posibleak biltzea.
Nafarroako gazte ez politizatuak
Beran eta Tuteran egin ditugu gazte ez politizatuekin bilera bana. Horien helburu zehatza izan da Talde eragileak erabili duen hipotesia kontrastatzea; hartarako, Nafarroa Iparraldeko eta Hegoaldeko gazteen arteko diskurtsoen alderaketa eta belaunaldi berriekin bizitzeko aukerak aztertzea.
Berako gazte ez politizatuen taldean, euskal hizkuntza euskal herritartasunaren muina dela uste dute eta haren egoeraz kezkaturik agertzen dira, batez ere. Aitortzen dute ez dutela Hegoaldeko nafarrekin harreman handirik, gehiago jotzen dute Gipuzkoara, aisialdirako, esate baterako. Belaunaldi berriak ekar lezakeen aldaketaz, gizartean irekitasun edo enpatia handiagoa beharko litzatekeela diote. Baina, batez ere, egungo gizartea oso indibidualista dela iruditzen zaie eta biziki kezkatuta agertzen dira hori dela eta. Ez dira oso itxaropentsu agertzen bizikidetzaren aukeraz eta ez dute argi etorkizun hurbilean hobera egingo denik.
Tuterako gazte ez politizatuen taldeko kide gehienek euskararen balizko inposaketari aurre egin nahi diote, horixe baita euskararen balizko zabalpenak eragiten dien sentimendua. A eredu posible bat soilik hautazkoa izatearen alde daude, inola ere euskara ikastera behartzearen alde, euskara ez baita Nafarroako hegoaldeko bizilagun gehienen hizkuntza. Taldeak, oro har, dio bi nazio identitateen arteko elkarbizitzari eutsi dakiokeela, baina galdera honen aurrean: Zer pentsatuko zenukete Tuteran Euskadira batzeko erreferenduma egingo balitz eta gehiengoz baiezkoak irabaziko balu? Kide batek bakarrik planteatzen du bera egongo litzatekeela anexioari baiezkoa emanen lioketenen artean. Gainerako kideek horrelakoak adierazten dute: “Nik borrokatu egingo nuke” edo “Kalera irtengo nintzateke” bezalako adierazpenak egiten dituzte.
Oro har, bi taldeen arteko osagarritasun bitxia dago Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko harremanei dagokienez: Berako taldeak nolabaiteko nagusitasuna adierazten du Hegoaldearekiko, eta Tuterako taldea iparraldeaz kexatzen da gutxiagotasun-sentimendutik, defentsa-sentimendutik adibidez. Nazio identitate jakin batekin bat egiten duen edo desberdina denarekiko errespetuzko jarrera izateko beharra da bi taldeek komunean duten beste gaietako bat, baina Berako taldeko gazte gehienak nafar eta euskal herritar sentitzen dira, biak ala biak. Tuterako taldeko kideak, aldiz, nafar sentitzen dira funtsean, eta, oro har, nafar eta espainiar. Euskararen zeregina da desberdintasunik argiena. Berako taldea euskaraz bizi da; eta logikoa iruditzen zaio euskara Nafarroa osoan ofiziala izatea, nahiz eta ez duten nahi inposaketa izan dadin. Euskarari zaion mesfidantzaren errudun egiten dute, batez ere, diskurtso politikoa. Tuterako taldea, aldiz, haserre ageri da euskara jakitera behartzeko ideiarekin. Mehatxatuta eta diskriminatuta sentitzen dira Administrazioak euskara lan-meritu gisa baloratzeko egiten dituen ekimenen aurrean. Izan ere, euskara nafar lurralde osoan ofizial izatearen aurka daude.
Aurten gazteen pentsamoldeetan sakondu nahi izan da.
Nafarroako gazte politizatuak
Gazte politizatuekin lau bilera egin dira, baina, garrantzitsuena laugarrena izan da, bertan jaso behar baitziren eragile politikoei eta nafar Administrazioari egindako aholkuak edota proposamenak.
Bilera honetako edukiei lehen begiratuan nabarmentzekoa da politizatutako gazteek ez dutela homogeneotasun handirik ekimen politikoa irudikatzeko orduan, alderantziz baizik. Hain zuzen ere, ideologizatuta daudelako, oso heterogeneoak dira haien proposamenak, eta estuki lotuta daude haien jarrera politikoari.
Bigarrenik, jarduera zehatzen proposamen gehienak Nafarroako Administrazioari egiten zaizkiola ageri da. Hau da, kritikak edo jarduera-proposamenak planteatzean, badirudi taldeak badakiela Administrazioa izan daitekeela “eraginkorra”, eta alderdi politikoen ardurapean uzten dute gizarteari helarazten zaizkion diskurtsoen inguruko arazoa.
Hirugarren ondorioa da esparru politikoko protagonistei “aholkuak” edo jarduteko beharra planteatzean, askotan, aholku horien edukia bertsua dela Espainiako konstituzionalismoarentzat eta euskal nazionalismoarentzat. Hau da, elkarri akats berdinak egozten dizkiote.
Eta laugarrena da Administrazioari egindako ia proposamen guztiek taldeko kide baten baino gehiagoren berrespena jasotzen dutela. Nahiz eta agian gehiegi deduzitzea den, esan liteke Administrazioak, berez, neurri horietako asko har ditzakeela espektro politikoaren zati handi baten onespenarekin.
Hauexek izan dira atxikimendu gehien jaso duten proposamenak:
- Nazio identitateari dagokionez, “Pertsonak lehenestea eta ez identitateak” Espainiako konstituzionalistei zuzendua. Bi diskurtso nazionalistei zuzenduta, ordea, aholku errepikatuenak dira enpatia sustatzea, botoak lortzeko identitatea ez erabiltzea eta topaguneak sustatzea. Administrazioari dagokionez, neurri onartuena da herritarren batzarrak antolatzea eta ekitaldi ludiko eta kulturalak antolatzea, Iparraldeko eta Hegoaldeko herritarren arteko ezjakintasuna leuntzeko.
- Lurralde-harremanetan, bi nazionalismoei egiten zaien proposamen nagusia diskurtso integrala kaleratzea da, hots, Nafarroako lurralde osoa kontuan hartuko duena, eta “biktimismoa” alde batera uztea. Eta Administrazioari, berriz, baliabideak deszentralizatzeko eta sareak eta topaguneak sortzeko eskatzen zaio.
- Euskararen kudeaketan, eta ghettoak sortzeko arriskuari dagokionez, bi nazionalismoen diskurtsoari gehien atxikitzen zaion ideia da “ezagutzak ez duela pisurik”, dogmatismotik aldentzeko dei gisa ulertu daitekeena. Ondoren, atxikimendu handiena sortzen duten ideiak hizkuntza-zonifikazioari buruzkoak dira. Espainiako konstituzionalismoaren eta euskal nazionalismoaren kasuan ere, adostasun handiena sortzen du zientzia gehiagotan kontuan hartzeko eta propaganda-maila txikiagoa izateko aholkuak. Eta, azkenik, Administrazioari baliabideen arteko lehentasunak ezartzea proposatu zaio, batez ere Erriberan, euskararen gutxieneko historia ezagutzea eta aisialdia oinarrizko euskara-mailan sustatzea, baita Erriberan ere.
Ondorioak lau aldagairen inguruan sailkatuta
- Aldagai geografikoa. Talde guztiek onartzen dute geografiak bereizitako bi Nafarroa daudela. Baina, gainera, aldagai geografikoa, zeharka, aldagai politiko bihurtzen da. Hegoaldea Iparraldea baino “espainiarragoa” omen da, eta gazte batzuek argudio horrekin justifikatzen dute, nolabait, Hegoaldeaz duten ezagutzarik eza. Eta Hegoaldekoak, jakina, ez dira sentitzen Iparraldekoen berdinak: diskriminatuta sentitzen dira.
- Aldagai politikoa. Ez dirudi gazteriaren politizazioa erabakigarria denik bizikidetza balioesteko orduan, baina gogoeta gehiago eragiten du. Beraz, hurrengo hausnarketetarako gai bat da pentsatzea zenbateraino sartzen duen politizazioak arrazionaltasun-elementu bat eztabaidan, eta ez alderantziz, askotan kritikatzen den bezala. Bestalde, nafar identitatea ez da talde bakar batean ere garapen teoriko handia sortzen duen gaia. Aurreko urteetan bezala, nafar izatearen harrotasuna agertzen da berriro, baina definizioaren heterogeneotasuna oso zabala da eta, funtsean, informatzailearen ideologia politikoa adierazten du. Eta, azkenik, nafar Administrazioari egindako proposamenak ere ideologia politikoaren menpeko agertzen dira, neutraltasuna eskatzen baitzaio bertan eraginik ez duten indar politikoetako kideen aldetik.
- Hizkuntza-aldagaia. Talde guztiek diote eremu politikoak duela euskararen inguruko gizarte-krispazioaren errua. Baina euskararen inguruan hartu beharko liratekeen neurriei buruz gogoeta egiteko orduan, berriro agertzen dira taldeko kide bakoitzak modu batera edo bestera atxikitzen duen diskurtso politikoaren eraginak. Hau da, gazte informatzaileak ez dira ondo jabetzen euskarari buruz egiten dituzten baieztapen asko esparru politikoan izandako eztabaiden isla direla. Izan ere, ezin dugu esan gazteek aurreko belaunaldiekiko diskurtso desberdina dutenik euskarari buruz.
- Belaunaldien aldagaia. Ez dirudi bizikidetza politikoa denik Nafarroako gazteen kezkarik handienetakoa. Gazte politizatuak batez ere haren eraikuntzan laguntzeko prest ageri dira. Baina talde guztietan sortu da egungo gazteria oso “indibidualista” delako ideia; hau da, atxikimendu edo engaiamendu falta handia erakusten du bere ongizate pertsonaletik harago doazen kolektibitatearen gaiez.
Pentsa liteke Nafarroako gazteriak hurbilduko gaituela etorkizunean bizikidetza handiagoa eta hobea eta polarizazio gutxiago izanen dituen agertoki batera? Zaila da esatea epe laburrean jauzi kualitatiboa egin daitekeela nazio identitateari, kulturari edo hizkuntzari buruzko eztabaida sozial eta politikoaren ezaugarrietan.