
Gaiak
Hezkuntzaren bertsio digitala
Irakaslea. Gizarte Antropologian doktorea
Sarrera
Aldaketa teknologikoekin batera, aldeko jarrera sustatzeko moduko narratiba eta diskurtsoak eraikitzen dira aurrerabidearen izenean. Funtzio legitimatzailea beteko duten eraikuntza diskurtsiboak dira. Merkatu interesaren zerbitzupean, diskurtso bakarraren norabidean jokatzen dute, diskurtso hegemonikoan ondo txertaturik. Esaterako, hezkuntzaren esparruan, non eremu digitalaren garapen beharrak tekno-diskurtsoen ugalketa ekarri duen; aldi berean baina, arrazoi teknologikoa hezkuntza prozesuen gidaria bihurtzen den neurrian, pedagogia giza eraldatzailea eta pedagogia kritikoari muga jartzen zaio. Haatik, aurrerabide teknologikoa galdekatzea ez da jarrera primitibista edo hutsala, hezkuntzak ekonomia digitalaren auzian zein funtzio betetzen duen hausnartzea baizik, edonola, testuinguruan jartzeko bidezko ariketa.
Gizarte eredu digitala
Dagoeneko egiaztatu liteke merkatuaren bidez salgarriak diren hezkuntza egitasmo, programa, zerbitzu eta digitalizazio premiek, teknologia digitalen narratiba goraipatzen dutela, ortzimuga tekno-utopikoaren lilura hezkuntzara txertatuz. Hainbat praktika merkantilista, sistemak jasaten duen sakoneko krisiaren soluziobide “neutrala” bailitzan aurkezten da, epe motzerako arrazoi teknologikoaren soluziobide.
Komunikazio digitalaren eredu hegemonikoak baina, kapitalismo global garaikidearen kidetasuna aspalditik zuen. Elkar elikatu izan diren neurrian, neoliberalismoari funtzionala zitzaion gizarte-eredu digitalaren eskaintzan zetzan bere arrakasta, azal abegikor eta erakargarriaren mozorropean. Egungo gizarte ereduaren bizierek, bizkortu baino ez dute egiten norbanakoen datu bidezko kolonizazio kultural eta mugarik gabea. Esan liteke, Silicon Valleyko megakorporazien nagusitasun digitalak gaina harturik bizi garela kapitalismo teknologikoaren gizartean, eta nola ez, ondorioz, sistema hori hezkuntza interesetara indarrez hedatzen dela. Hezkuntzaren muinak beharko zukeen funtzio eraldatzailea ez baizik gizarte eredu neoliberalaren funtzio erreproduktiboa indartua ateratzen da. Hala egiaztatu liteke hezkuntza esparruaren hainbat praktika, megakorporazioen nagusitasun teknologikoan harrapaturik, hots, plataforma komertzialen mendean.
Mendekotasun egoera
Hezkuntza tresnatzat erabiltzen diren korporazio teknologikoek ezarritako baldintzen onarpena, hezkuntza zereginaren ohiko betebehar bihurtu da. Miloika erabiltzaileen datuak korporazio digitalen esku jartzen ari dira egunerokoan. Mendekotasun-egoera sustatzen dituzten lan praktikak, errutina pedagogikoetan arinki txertatzen ari dira. Pandemiosteak eragindako hezkuntzaren digitalizaziorako mihiztatze globalaren nagusitasuna, Google eta Microsoften eskuetan dago gurean, hezkuntza digitaleko korporazio teknologiko garrantzitsuenak bihurtu eta, euren nagusitasuna gizarte garatuen mundu osoan ezarri dutela. Korporazio teknologiko horiek hezkuntza digitalaren bidez biltegiratzen eta prozesatzen ari diren datu digital mugagabea, gizarte kontrolerako informazio baliotsu gisa eskuratzen dute.
Hezkuntza munduko datu-biltegiratzeak, kapitalismo digitalaren industriak egiten duen bezala, Big Daten algoritmo masiboen prozesamenduen bidez funtzionatzen du. Horregatik, hezkuntza-digitalizazioko prozesuetan sortzen den morrontza digitala, aztertu, bideratu eta agerian jarri beharko da luze baino lehen hezkuntza komunitatean, eta oro har, gizartearen aurrean. Hain zuzen, hezkuntzatik eratortzen diren datu bilketa erraldoi horiek, oso informazio-iturri desiratua bihurtzen direlako kapitalismo teknologikoaren zabalkunderako. Hezkuntzaren bertsio digitala ugaltzen doalarik, hezkuntzaren merkantilizazioa ere areagotzen ari da, hezkuntzak gizartean betetzen duen funtzio erreproduktiboa logika neoliberaletik elikatzen duela.

Hezkuntza tresnatzat erabiltzen diren korporazio teknologikoek ezarritako baldintzen onarpena,
hezkuntza zereginaren ohiko betebehar bihurtu da.
Hezkuntza politika
Hezkuntza-politikaren eraldaketa sakonik gabe, kapitalismo digitalaren botere korporatiboa indartzen jarraituko du, gobernantza digitalaren imaginario sozio-teknikoa aldatzen hasi ezean. Ikuspegi sozio-tekniko burujabearen beharra agerikoa da, makrodatuen hezkuntza politikak darabilkien teknologia praktiken aurrean irizpide bateratu eta kritikoz aritu ahal izateko. Hezkuntzaren erantzuna, datuen burujabetza bidetik etorri beharko da. Merkataritzaren testuinguruan, hezkuntza sistema bera, produkzio-moduen logikatik ulertu ezkero, hezkuntzaren balioa, kapitalaren logika berari lotzen zaio. Hezkuntza-politikaren eredu horrek mendekotasun anitzetara garamatza (datuena, hizkuntzarena...) haatik, logika neoliberal digitalizatzaileak, hezkuntzaren bidea, kontrolerako eta negozio berrietarako eremu ezin hobea bihur arazten du.
Hala bada, hezkuntzaren bokazio publikoa ezin da izan garaikidetasunaren arrazoi teknokratikoaren zerbitzurako tresna, alderantziz, salaketa-prozesu demokratizatzailea indartzeko bidea baizik; hara, morrontza digital orokortuari muga jar lekioke, eta, aldi berean, gizartea sozialki eraldatzeko gaitasunean oinarritutako hezkuntza aukera berriak sortu, datuen burujabetza ez ezik, trantsizio ekosozialaren hezkuntzaz arduraturik. Hor baitago etorkizunerako gakoa: gertuko komunitate trinkotuak bizitzaren norabide burujabea jorratzeko gaitasunean.
Hain zuzen, egungo tekno-diskurtsoak azpimarratzen duena da teknologiak hezkuntza-prozesuetan duen nagusigoa arrazoi ekonomiko digitalaren araberakoa dela, arrazionaltasun teknologikoak liluratzen duela, hots, globalerako balioak, kontrolerako irrikak eta merkaturatzeko gaitasunak.
Pedagogia kritikoaren beharra
Esandakoengatik, tekno-diskurtsoen erabilera ez da neutrala, oinarritzen duen teknologiei darien zilegitasun modernoaren diskurtsoa baizik. Proposamen pedagogiko giza eraldatzaileari ez, baizik teknologia premiari lerratzen zaio. Pedagogia kritiko, sozial eta eraldatzailea, erredukzionismo teknologikoan agortuz. Narratiba hori eremu pedagogiko osoan nagusitzen den neurrian, eredu neoliberalak ezartzen duen arrazionaltasun teknokratikoaren mesederako baino ez da izango, hots, teknokraziarako hezkuntza proposamena.
Pertsona kritikoak hezi nahi baditugu, ezingo dugu kolonizatzen gaituzten teknologiarekiko akritikoak izan. Hezkuntza digitalizazioaren printzipioen ezarmena beharrezkoa zaigu hezkuntzan, merkatu interes pribatizatzailea eta homogenizatzailetik at jokatu ahal izateko. Hara, justizia eta kohesio sozialaren alde lan egiten duen hezkuntzak, ezin lezake multinazional teknologikoen software eta hardwarearen erabilera masiboa sustatu. Areago, azpiegitura eta baliabide teknologikoei zentzu pedagogiko osoa eman ezean, arrakala soziala areagotuz doa kohesio eta berdintasuna sozialaren kaltetan. Hezkuntzak betetzen duen funtzio sozial eta eraldatzailearen ahalmenagatik, ezinbesteko baldintza da teknologia burujabetzaren sustapena eta erabilera. Berandu baino lehen bideratu beharreko funtsezko hezkuntza betebeharra da. Herritar aske eta arduratsuak hezteko, erabiltzaileen askatasuna bermatu eta ardura soziala berezko ezaugarrien berdintasun printzipiotik garatu beharko du hezkuntzak (Esnaola, 2021).
Ondorioz
Honenbestean esan beharrean gaude gure Hezkuntzaren Digitalizaziorako sistemak eta azpiegiturak ez dituela Eusko Jaurlaritzak garatzen. Hara nola, gure ikasleen pribatutasuna eta etorkizuna, megakorporazio handien negozio ereduen eraginaren menpe nola dagoen. Haatik, esanguratsua da oso, Hezkuntza librezalea taldeak berriki (2021eko Abenduan) Eusko Legibiltzarrean egindako agerpenean azaldutako printzipioen betebeharra, hezkuntza sisteman hausnartu eta neurriak bideratu daitezen. Printzipio horiek, hitzez hitz, honela laburbildu dituzte:
- Gure ikasleen datuak enpresa pribatuen esku uzteak ikasleon pribatutasunaren bermatzea ezinezko egiten du. Entitate publikoek bultzatuta gure ikasleak produktu bilakatzeak inplikazio larriak ditu.
- Bost urteko bizitza bakarrik bermatzen duten Chromebook gailuetan inbertsioa egitea arduragabekeria da, zaharkitzapen programatua berrerabilpenaren kontra baitoa.
- Gure ikasleek erabiliko dituzten gailuetan euskararen presentzia enpresa pribatuen interes eta gidalerroen menpe uztea gure hizkuntzaren kontrako erabakia da. Are eta gehiago, Chromebook gailuetan, gaur egun, hainbat atal ez daude euskaraz.
- Ikasleak behin eta berriro tresna berdinen erabilerara mugatzea, hezkuntza digitalaren murriztea da. Gaitasun digitala, Europa eta Euskal Herriko hezkuntza legeen arabera, ikasleek lortu beharreko oinarrizko gaitasuna da, eta tresna horietara mugatzeak ez du inola ere hau bermatzen.
- Hezkuntza komunitatearengan tresna hauekiko dependentzia sortzeko arriskua arazo larria da. Enpresa pribatuen produktuen erabiltzaile eta bezero potentzialak sortzen ari gara, instituzioek bultzatuta.
Hara nola, jakintza kolektiboa zein bestelako estandarrak bultzatzen dituzten alternatibak egon badirenez, unea izango da hezkuntzaren digitalizazio zentzudun, jasangarri eta arduratsu baten alde egiteko (Hezkuntza librezalea). Google eta Microsoft erabiltzea ez da konpetentzia digitala lantzea, ezta teknologia pedagogikoki integratzea ere, ikaslea merkataritza objektu eta instrumentalizatzeko bidean jartzea baizik. Errazkeria zein mendekotasuna dakarren hezkuntza praktika, bere egitekoaren funtsaren aurka doa. Haatik, hezkuntzak duen berezko hezitzaile izaeragatik, jakintza arduratsua eta kolektiboa sustatu beharko da, tokian tokiko garapenari lotutakoa, komunitate eraikuntzaren eta behar sozialen zerbitzura egongo den teknologia burujabea hezkuntza proposamenetan garatu ahal izateko.
Erreferentziak:
- Alfabetización digital crítica en el uso de datos: un gran desafío para 2021, El diario de la educacion, 2021-01-18
- Esnaola I: Hezkuntza eta bere digitalizazioa, NAIZ, 2021-04-18
- Hezkuntza librezalea
- Teknologia, testuinguru digitala eta konpetentzia digitalak hezkuntzan, Euskonews 748zenb, 2020-03-18