Boise eta euskaldunak
Boise, Euskal Herritik urrun egon arren euskaldunok hain bertoko eta gure sentitzen dugun Idahoko hiriburua, “zortzigarren euskal probintzia” bezala ezaguna zaigun Gernika-Lumorekin senidetuta dagoen hiria da. Egun Idahoko estatuan euskal jatorriko 12-15.000 pertsona bizi dira. Aho batez esan daiteke Boiseren historia eta euskal diasporako euskaldunen historia eskutik helduta joan direla Kaliforniako American River-en 1849. urtean urrea aurkitu zenez geroztik. Lehen euskaldunak 1890. urtean iritsi ziren Idahora, De Lamar eta Silver Cityn zilarra aurkitu zenean. Hasiera batean meatze lanetan aritu baziren ere, geroago artzantza lanetan murgildu ziren.
Lehen etorkinak dirua egin ostean Euskal Herrira itzultzeko ideiarekin etorri baziren ere, askok Idahon geratzea erabaki zuten. Idahon jaiotakoen belaunaldia, bigarren belaunaldi bezala edo “tartekoak”[1] moduan ezagutzen dena, kultura amerikarrean hezi zen. Esate baterako, etxe askotan ez zuten hizkuntza transmititu, baina bai euskal musika, janaria edo erlijio katolikoa. Bestalde, euskal kulturaren etorkizuna kinka larrian zegoela ikusirik, 1949an, bertako euskaldunek Boiseko Euskal Etxea (Euzkaldunak) eraiki zuten, euskal kultura zaintzeko eta irautarazteko asmoz. Belaunaldien arteko transmisioa da diasporan errotzen den euskal kulturaren eta harreman transnazionalen katebegia/funtsa/oinarria/sustraia/erroa: “izan zirelako gara, garelako izango dira”.
“Belaunaldi etnikoa”[2] edo “egungoak”[3] izenez ezagutzen den hirugarren belaunaldiak kultur nortasuna berrezartzeko lan handia egin du. Euskal kulturaren instituzionalizazioa eta prestigioa, diasporen arteko harremanak, eta Euskal Herriarekiko atxikimendua dira belaunaldi honen ezaugarri nagusiak. Kulturaren biziberritze eta instituzionalizatze horren adibide dira azken sei hamarkadetan sortutako euskal erakundeak: 1960an, Oinkari Basque Dancers taldea sortu zen. 1973an, North American Basque Organizations (NABO). Basque Museum and Cultural Center (BMCC) 1985ean eta 1998an guraso talde baten eta Eusko Jaurlaritzaren ahaleginarekin Boiseko Ikastola, gaur egun Euskal Herritik kanpo euskarazko Haur Hezkuntzako programa bakarra eskaintzen duena. 2003an Cenarrusa Fundazioa euskal historia eta kultura sustatzeko eta Boise State University-ko Euskal Ikasketen programa eraikitzen laguntzeko sortu zen erakundea da. Bi urte geroago, 2005ean, Boise State University-n Euskal Ikasketen programa ezarri zen. Garrantzitsua da azpimarratzea Euskal Ikasketen programa sortzeko ideia eta hastapenak 1970eko hamarkadan hasi zirela.
Ikasleekin Euskal Museora egindako irtenaldian.
Euskal Ikasketak Boise State Unibertsitatean
Boise State University-ko Euskal Ikasketen programak ezinbesteko zeregina du Unibertsitatean 2005az geroztik. Hizkuntza, arteak, historia, politika, literatura eta ekonomia barne hartzen dituen diziplina anitzeko programa da. Bere zutabe nagusiak curriculuma eta pedagogia dira. Euskal kultura eta euskararen irakaskuntza programaren nortasunaren funts nagusiak dira. Kultura, identitate, genero, klase eta erlijio-aniztasunaren konplexutasunek eta askotariko dimentsioek Euskal Ikasketen ildo akademikoa markatzen dute. Euskal Ikasketen eginkizuna bat dator unibertsitatearen balio partekatuen adierazpenarekin. Hots, helburu nagusia da hezkuntza testuingurune berritzaile eta eraldatzaile batean eskaintzea eta ikasleak arrakastarako eta munduari aurre egiteko prestatzea. Horretarako mundu global eta transnazional honi aurre egiteko gai izango diren ikasleak hezten ahalegintzen gara Euskal Ikasketen programan[4]:
- Mundu-ikuskera askotarikoa eta jakintsua eskaintzea.
- Bere ikasketa-eremu nagusiaren nazioarteko dimentsioak ulertzen laguntzea.
- Beste hizkuntza eta/edo kultura batean modu eraginkorrean komunikatzen irakastea.
- Kultura arteko sentsibilitatea eta moldagarritasuna azpimarratzea.
- Gaitasun globalak bere eguneroko bizitzaren parte izatea.
Boise State Unibertsitatea, 200 ikasketa programa eskaintzen dituen eta 24.103 ikasle biltzen dituen Idahoko unibertsitaterik handiena da. Euskal ikasketen saila, 1940. urtean sortu zen eta gaur egun World Languages izena duen departamentuaren barruan dago kokatuta. Bertan 12 hizkuntza irakasteaz gain, hiru graduko ikasketa-tituluak eskaintzen dira 17 Minor[5], eta 24 ziurtagirirekin batera. Hizkuntzen departamentua 17 sailek osatzen duten Arte eta Zientzien fakultatearen atal bat da.
Bernard Etxeparek “euskara jalgi hadi plazara” olerki ezagunean aipatu zuen xedea ezbairik gabe aurkitzen dugu hezur-mamituta Boise State Unibertsitatean.
Euskal programa finkatu zenetik, 7.600 ikaslek hartu dituzte bertan eskainitako eskolak. Ikasle hauetatik 25-30ek osatu dute Euskal Minorra.
Euskal ikasketen lantaldearen ardatz nagusia Nere Lete (MFA) eta Ziortza Gandarias Beldarrain (Ph.D) irakasleek osatzen dute. Hauekin batera asteburuetan euskal kulturari buruzko ikastaroak irakasten dituen irakasle taldea ere bada euskal ikasketen programaren arrakastaren arrazoietako bat. Lantalde orokorra Lete eta Gandarias irakasleez gain, Boiseko irakasle gehiagok ere (Department of World Languages, History Department) osatzen dute, eta hauekin batera AEBetan barrena beste unibertsitate batzuetan euskal gaiak irakasten dituzten irakasleak ere gonbidatzen ditugu gure artean eskolak ematera (University of Nevada, Reno, North Carolina State, Michigan State, Indiana University NorthWest, University of Oregon, University of Missouri, Metropolitan State University of Denver, California State University Bakersfield, Elmhurst University, University of California Santa Barbara). Irakasle taldearen gehiengoak doktoradutza titulua du eta gainontzekoek master mailako tituluak dituzte. Lantalde honek 50 izenburu ezberdinetako eskolak eskaini eta irakatsi ditu.
Euskal ikasketen sailak hizkuntza eta euskal kulturako ikasketen ziurtagiria eta euskal minorra eskaintzen ditu. Eskolak beste zenbait sailekin adostu ondoren, unibertsitate osora zabaltzen dira eta ikasleek hautazko gai bezala aukera ditzakete. Lankidetza estuan aritzen gara antropologia, historia, literatura, komunikazioa, soziologia, zientzia politiko, genero ikasketa eta abarrekin.
Euskal ikasketen sailak ikasleei komunitatean praktikak egiteko aukera ere eskaintzen die, bai unibertsitateko irratian, Boiseko ikastolan eta bai eta Boiseko Euskal Museoan ere. Ikasleei Euskal Herrian euskara eta euskal kultura ikasteko aukera ere eskaintzen zaie USACen eskutik (University Studies Abroad Consortium). Hizkuntzako ikasleek maiz barnetegietara jotzen dute unibertsitateko dirulaguntzekin edota Etxepare euskal institutuaren laguntzarekin.
Ziortza eta Nerek Korrika 21a prestatu zuten Boise State Unibertsitatean.
Emaile euskaltzale eta eskuzabalei esker diru-laguntzak eskaintzen ditugu Euskal Ikasketetan. Basque Soccer Friendly antolakuntzaren irabaziak Pete Cenarrusa Memorial Beka eta Jimmy Jausoro Memorial Beka sortzeko erabili ziren. Cenarrusa eta Jausoro jaunak Boiseko Euskal komunitateko eragile eta kide maitatuak izan ziren. Warren Pepperdin jaunak Pia Unamuno Anchustegui beka sortu zuen bere amonaren oroimenez. Ascuaga familiak berriz, Frank eta Winifred Ascuaga “Family Memorial” diru-laguntza ematen du. John Elorriagaren dohaintza eskuzabalari esker, Basque Studies-ek Ipar Ameriketako beste unibertsitateetako irakasleak asteburuko eskolak irakastera gonbida ditzake. Ansotegui-Fereday Memorialak Donostia eta Bilbon euskara eta euskal kultura ikasten ari diren ikasleei laguntzen die. Beka guzti hauek euskal komunitateak eta familiek Euskal Ikasketen programarekin duten engaiamendua eta atxikimendua erakusten dute.
Gure programa Idahoko euskal komunitatearen historia eta memoriarekin lotuta dago. Euskal munduaren eta mundu globalaren arteko zubia gara. Iragana, oraina eta etorkizuna lotzen dituen hari akademikoa.
Bilbliografia:
BIETER, J.; BIETER, M. (2000). An Enduring Legacy. The Story of Basques in Idaho. Reno: University of Nevada Press.
LAXALT M., M. (2018). Lekuak. The Basque Places of Boise, Idaho. Reno: Center for Basque Studies Press.
RUSSO, S.; OSBORNE, L. (n.d). The Globally Competent Student. The NASULGC Task Force on International Education. Retrieved November 29, 2021, from www.aplu.org › globally-competent-student-russo-and-osborne
[1] LAXALT M., M. (2018). Lekuak. The Basque Places of Boise, Idaho. Reno: Center for Basque Studies Press.
[2] BIETER, J.; BIETER, M. (2000). An Enduring Legacy. The Story of Basques in Idaho. Reno: University of Nevada Press.
[3] LAXALT M., M. (2018). Lekuak. The Basque Places of Boise, Idaho. Reno: Center for Basque Studies Press.
[4] These five characteristics are taken from the article “Globally Competent Students” written by Sandra L. Russo and Leigh Ann Osborne (n.d) for The National Association of State Universities and Land-Grant Colleges (NASULGC).
[5] Espezializazioa