768 Zenbakia 2022-01-19 / 2022-02-16

Gaiak

Elitea eta Unibertsitatea Hego Euskal Herrian

DIAZ EGURBIDE, Jon

Sarrera

Ipar-Hegoa eta Manuel Robles Arangiz Fundazioen eskutik eliteen eta unibertsitatearen arteko harremana analizatu da Hego Euskal Herriko Eliteak, Boterearen azterketa liburuan. Nafarroan eta Euskadiko Autonomi Erkidegoan gizarte-eliteak zertan diren azaltzea izan da ikerketa honen asmo nagusia. Liburu hau Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari talde-lan zabal baten emaitza da, diziplinartekotasun eta aniztasunaren ikuspegitik abiatuta, egungo euskal elitismoaren egoera zein den azaltzen duena.

Hego Euskal Herriko Elite-Boterearen ikerketa egiteko, Britainia Handiko The Sutton Trust eta Social Mobility Commission Gobernu-Erakundeek Elitist Britain dokumentuan landutako eredua jarraitu da. Ikerketa honen asmo nagusia gizartearen mugikortasuna neurtzea da, zehazkiago esanda, gizarte-egitura hierarkikoan gertatzen diren mugimenduei buruzko azterketa burutzea eta elitearen neurriz gaineko presentzia instituzioetan azaltzea.

Ikerketa-prozesuak bi zati izan ditu. Lehena, boterea eta ospea duten subjektuak identifikatu eta hautatzea; eta bigarrena, datuak bildu eta analizatzea. Horretarako, beharrezkoa izan da gaur egun goi mailako lanpostuetan diren subjektu guztien prestakuntza akademikoa ezagutzea. Behar hau betetzeko gardentasun eta informazio publikoko atari guztiak aztertu dira, eta emaitza positiborik lortu ez denean, behar den informazioa posta elektronikoz eskatu da. Azterketa burutzeko erabili den ikerketa oinarria prestakuntza akademikoa izan da, unibertsitate ikasketak hain zuzen. Datu estatistikoetatik abiatuta, Euskadiko eta Nafarroako erakundeetan ospe eta botere handiko kargua duten subjektuen unibertsitate prestakuntza aztertzen da. Guztira 3.950 erregistro baino gehiago aztertu dira eta lortutako emaitzek unibertsitate pribatuetako batean ikasi duten subjektuen gehiegizko errepresentazioa erakusten dute.

Hego Euskal Herriko Eliteak, Boterearen azterketa.

Hego Euskal Herriko eliteak

Aztertutako subjektuen bilaketa elitearekin lotuta dago, goi-mailako estatus sozioekonomikoko taldeak osatzen dituztenekin bakarrik, boterea dutenak, beren erabakiekin gizartearen bizimodua baldintzatu eta gure etorkizunean eragin dezaketenak. Elitea definitzeko orduan zenbait eredu soziologiko dauden arren, ikerketa honek iturri britainiarrek erabiltzen dituzten oinarri kontzeptualak hartzen ditu kontuan. Klaseen arteko bereizketa egiterakoan, hiru oinarri ezarri dira biztanleriaren egiturak zehazteko: kapital ekonomikoa, giza kapitala eta kapital kulturala.

Ikuspegi soziologikotik gizarte-klaseari eta eliteari egozten zaizkien ezaugarriak aztertuz gero, kontuan hartu behar da azken hamarkadetan aldaketa nabarmenak gertatu direla. Klasearen kontzeptuaren bilakaera ez da aldatu baldintza sozioekonomikoetan bakarrik, hau da, errenta-parametroetan, eta maila altuko lanpostuen identifikazioa zalantzazkoa bihurtu da lan-merkatuaren egungo geruzetan. Azken azterketek kontuan hartzen dituzte etxebizitzaren errenta eta balioa, hau da, soldata handiak eta jabetzak. Gizarteko gutxiengo batek bakarrik betetzen dituen baldintzak. Elitist Britain 2019 txostenaren arabera, populazioaren % 5ek baino ez ditu oso soldata altuak. Antzeko emaitzak lortu dira Euskal Autonomia Erkidegoan; izan ere, EUSTAT-en arabera biztanleriaren % 4k bakarrik lortzen du 60.000 eurotik gorako errenta, eta % 1ek 100.000 eurotik gorakoa.

Azterketa hau burutzeko bildu den izen-zerrenda eliteari lotua baldin badago ere, batik bat, estatus sozioekonomiko goreneko taldeek osatzen dutenengana mugatu da. Zerrenda honetan bildu dira eliteari egozten zaizkion eremu eta arlo gehienak: elite politikoa, elite ekonomikoa eta elite kultural edo intelektuala. Elite politiko eta ekonomikoa oso eremu zabala da gure ikerketan, eta aise betetzen ditu baldintza horiek. Ikerketa honetan Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden botere organo guztiak aztertu eta goi mailako kargu publiko guztiak hautatu dira. Erakunde publikoetan prestigio- eta botere-kargua duten gizabanakoetan kontzentratzen da azterketa.

Aztertutako arlo nagusiak hauek dira, elite politikoari dagokionez: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Foru Gobernua, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiak eta lau probintzia-hiriburuetako hautetsiak. Administrazio publikoan burutza eta goi zuzendaritzako lanpostuak betetzen dituztenak ere aztertu dira, aholkulari eta kontseilariekin batera. Elite ekonomikoaren eremuan arestian aipatutako gobernu eta aldundietako enpresa publiko guztiak aztertu dira - 192 enpresa, 41 foru aldundietakoak eta 25 Nafarroako Foru Gobernukoak. Ekonomiaren arloan, Eusko Jaurlaritzako eta foru-aldundietako enpresa publikoetako zuzendari eta kargu guztiak ere sartu dira, iturri eta diru-laguntza publikoen bidez sortutako edo lagundutako erakundeak dira.

Amaitzeko, elite kultural edo akademikoa aztertu da, bertan komunikabide eta kultura elkarte ezagunenak, museo, argitaletxeak eta ikerketa-erakundeak aztertu dira, baita idazle eta artista entzutetsuenak ere. Aztertu beharreko aldagai nagusia unibertsitate-eredua izan da, publikoa edo pribatua. Aztertutako unibertsitate pribatuak Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitatea dira. Eta unibertsitate publikoak, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Euskal Herriko Unibertsitatea.

Unibertsitate pribatua datuetan

Familia eta harreman-sareak giza kapitala aztertzeko oinarria da, eta unibertsitatea da bizitza profesionalean garatuko diren harreman-sare berrien egoitza. Eliteak harreman-sare bat eraikitzen du, eta sare hori hezkuntza pribatuaren bidez garatzen da nagusiki. Goi-mailako hezkuntzak gizarte-mugikortasunean duen eragina aztertzea da, zehazki, gizarte-egitura hierarkikoan gertatzen diren mugimenduak, eta erakundeetan eliteak duen presentzia azaltzeko orduan. Txosten honek euskal komunitateko gizarte-mugikortasunaren auzia aztertzen du; izan ere, gizarte-klaseak zeresan handia izaten jarraitzen duen herrialde bat marrazten du. Egun unibertsitate pribatuek arrakasta-ehuneko handiagoa islatzen dute ospe handiko lanpostu bat lortzeko orduan.

Euskal Herriaren biztanleen % 11k bakarrik du goi mailako unibertsitate pribatuetan ikasteko aukera, hala nola Nafarroako Unibertsitatean, Deustuko Unibertsitatean edo Mondragon Unibertsitatean. CRUEren arabera, unibertsitate pribatuan ikasten duen estatuko batez besteko ehunekoa % 5,9koa da, eta EAEn unibertsitate pribatuetan ikasten duen ehunekoa Estatuko batezbestekoaren bikoitza da. Baina Nafarroan ehunekoa are handiagoa da. Erkidego honetan ikasle gehienek unibertsitate pribatua aukeratzen dute, publikoan baino 8 puntu gehiago. 2018-2019 ikasturteko graduko ikasle berrien matrikulari buruzko datuek adierazten dute EAEko ikasleen % 27,5 unibertsitate pribatuan matrikulatzen direla eta % 72,5 unibertsitate publikoan. Nafarroako Foru Komunitatean, ordea, unibertsitate pribatua aukeratzen duten ikasleen portzentajea % 53,9 da eta publikoa % 46,1 (Educabase, 2019). Unibertsitateko matrikulazio-datuek azken hamarkadan izan duten bilakaerak erakusten duenez, nahiz eta matrikula datu orokorretan krisiaren eraginez atzerakada izan, unibertsitate publikoaren eta pribatuaren artean dagoen ehunekoen aldea nabarmen jaitsi da (Eustat, 2020). Unibertsitate pribatuaren alde egun ezartzen diren hezkuntza politikak agerian jartzen du aginte instituzioen babes-joera hau.

Ikerketa lan honen emaitzek aztertutako hiru unibertsitate pribatuetako batean ikasi duten subjektuen neurriz gaineko edo gehiegizko errepresentazioa erakusten dute. Datuen arabera unibertsitate pribatuetako ikasketak bukatu dituztenen arrakasta-portzentajea handiagoa da ospe eta botere handiko postua lortzeko orduan. Berez oso populazio-talde txikia da, unibertsitate pribatuetan ikasteko aukera duena, eta, gainera, askotan gainditu egiten ditu unibertsitate publikoan ikasitako kopurua. Ez da ahaztu behar Europako eskaintza pribatuaren ehuneko handienetako bat duen hezkuntza-eredua dela gurea, bai unibertsitate-ikasketetan, bai unibertsitatez kanpokoetan.

Bibliografia:

Bane, M.J. y Jencks, C. (1985). La escuela no es responsable de las desigualdades sociales y no las cambia. En Sociología de la educación. Textos fundamentales, Narcea, 278-288.

Carasa, P. (2001). De la burguesía a las Élites entre la ambigüedad y la renovación conceptual. Ayer,  nº 42, 213-237 orr.

Coller, X. (2008). El sesgo social de las élites políticas. el caso de la España de las autonomías (1980-2005). Revista de Estudios Políticos, nº 141, 135-159.

Coller, X., Santana, A. y Jaime-Castillo, A.M. (2014). Problemas y soluciones para la construcción de bases de datos de políticos. Revista Española de Ciencia Política, nº 34, 169-198.

Diaz Egurbide, J.; Iztueta P.; Etxeberria, J.; Lukas, J.F.; Altonaga, B.; Altuna, L.; Artetxe, K.;  Gezuraga, M.; Imaz, J.I.; Varela, M.; Corres, I.; Garmendia, J.; Iurrebaso, I.; Santamaria-Goikuria, I. eta Etxaniz, I. (2021):  Hego Euskal Herriko Eliteak, Boterearen azterketa. Manu Robles Arangiz Institutoa eta Ipar Hegoa Fundazioa, Bilbo.

Educabase (2019). Estadísticas de la educación, desarrollo académico. Estudios de Grado. http.//estadisticas.mecd.gob.es/EducaDynPx/educabase/index.htm?type=pcaxis&path=/Universitaria/Indicadores/2018/2_Academico/1_Grado&file=pcaxis&l=s0

Eustat (2018). 18 urteko eta gehiagoko biztanleria, errenta pertsonalaren geruzaren, lurralde historikoaren eta sexuaren arabera.

Eustat (2020). Aumenta el número de estudiantes de las universidades vascas en el curso 2018/2019 por segundo año consecutivo, nota de prensa 20/07/2020.

Feliu, R. La distribución social del poder. La élite navarra en el cambio de siglo. Tesis de Sociología, UPNA.

Hernández, J. y Perez, J.A. (dirs.) (2020). La Universidad española en cifras 2018-2019. Madrid. Conferencia de Rectores de las Universidades Españolas (CRUE).

Imizkoz, J.M. (1996a). Élites, poder y red social. Las élites del País Vasco y Navarra en la Edad Moderna, Bilbo, Argitalpen Zerbitzua UPV-EHU.

Iztueta, P. (1996a). Irakaskuntza Katolikoa Hego Euskal Herrian. Jakin, 95, 64-85.

Iztueta, P. (1996b). Euskal Intelligentsia kimatuaren orbelak. Donostia. Kutxa Fundazioa.

Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades (Ed.) (2019). Datos y cifras del Sistema Universitario Español. Madrid, Ministerio de Ciencia e Innovación.

Ministerio de Educación y Formación Profesional (2020). Sistema estatal de indicadores de la Educación. Instituto Nacional de Evaluación Educativa.

Passeron, J.C. (1964). Les héritiers. les étudiants et la culture. Éditions de Minuit.

Santos, I. (2008). Una aproximación a la red social de la élite del poder económico en España. XI Jornadas de Economía Crítica.

Savage, M. et al. (2013). A new model of social class? Findings from the BBC’s Great British Class Survey experiment. Sociology, vol. 47, no 2, p. 219-250.

The Sutton Trust and Social Mobility Commission (2019). Elitist Britain 2019. Goverment Publishing Service.

Wright, C. (1956). La élite del poder. Barnes & Noble.


Eusko Jaurlaritza