748 Zenbakia 2020-03-18 / 2020-04-22

Gaiak

Teknologia, testuinguru digitala eta konpetentzia digitalak hezkuntzan

IRUSKIETA, Mikel ARROYO-SAGASTA, Amaia CAMACHO, Abel MARITXALAR, Montse

Teknologiaren garapenak ez du etenik. Badirudi hainbat motako datuen bilketa (eta hein batean jakintza) negozio bihurtu dela eta enpresa handien eta pribatuen esku nabarmen geratzen ari dela. Datuen bilketa eta garapen mota horrek gure identitate digitala (eta bestelakoa) arriskuan jar dezake eta oro har arrakala digitala areagotu egin du, eremu publikoaren edo jendartearen esku dauden aukerak eta baliabideak murrizten direlako. Hezkuntza alor garrantzitsua da, hain zuzen ere, jendarte gehiena barnebiltzen duelako eta eremu horretan sortzen diren datuak, beharbada, asialdian produzitzen direnak baino esanguratsuagoak izan daitezkeelako, helburu jakin batzuetarako. Hori dela eta, hezkuntzan teknologia eta konpetentzia digitalak lantzea garrantzitsua da, formazio egokia ematen ez bada, arrakala digitala areagotu baitaiteke, gure ikasleen nortasun digitala beraien heziketatik at dauden helburuen menpe utziz. Artikulu honetan, IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan arrakala digitala murrizteko eta ikasleen heziketa, komunikazio-gaitasuna eta nortasun digitala garatzeko behar den formazioaz arituko gara. Era berean, helburu horri begira  HEZikt graduondokoan orain arte egin ditugun ekimen garrantzitsuenen berri eman eta etorkizunean zer asmo dugun azalduko dugu.

1. Sarrera

Argi dago, garapen teknologikoa hezkuntzan modu egokian txertatzeko eta teknologiaren ahalmenez eta arriskuez jabetzeko,  irakasleen eta ikasleen heziketarekiko ardura eta hezkuntza bera helburu duten eta asmo publikoa duten mota ezberdineko erakundeek lidergoa hartzeko behar handia dagoela enpresa erraldoi eta interes pribatuen aurrean, gero eta handiagoa eta nabariagoa den arrakala digitala murrizteko, bai baliabideen garapenean, bai baliabide horiek erabiltzeko kasu arrakastatsuen azalpenean.

Artikulu honetan azalduko dugu IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan sustatzen eta garatzen ari garen formazio ahalegin anitza: formala eta ez-formala, testuinguru digitalean beti ere. Gure ikuspegiaren berri honako testuinguruetan ematen ari gara:

Bukatzeko, etorkizun laburrean landuko ditugun bideak honako hauek dira:

  • Webgunea indartu, CC lizentziadun era guztietako material gehiago gehituz.
  • Hezkuntzako eragileekin hitzarmenak indartu eta kolaborazioak sustatu. Esaterako, Hik hasi aldizkariarekin lankidetza hasi nahi dugu.
  • HEZikt graduondokoa amaitu duten ikasleekin lankidetzan jarraitu eta CC lizentzia duten ikastaroak sustatu, esaterako, konpetentzia digitalak lantzeko MOOCa euskaraz eta dohainekoa sustatzen ari gara.

Ezinbesteko suertatzen da eskolak eta hezkuntzak jendartearekin bat egin beharra, egungo testuinguru digitalera egokituz.

2. IKTak eta konpetentzia digitalak: hezkuntzan landu beharreko arloak

Aipatu dugun moduan, arrakala digitala murrizteko eta ikas-komunitatearen nortasun digitala babesteko, irakaslerian (eta ahal denean ikaslerian ere bai) ikuspegi teknopedagogikoa behar da. Egia da, oraindik orain, teknologiak aurkari eta kontrako asko dituela hezkuntzan eta, hala ere, azken urteotan bete-betean sartu da, eta askotariko aldaketak  ekarri ditu gure eguneroko bizimoduan eta eskolan: kalifikazioak eta informeak egiteko, gurasoekin eta beste lankideekin komunikazio elektronikoa bideratzeko, unitate didaktiko digitalak diseinatzeko, esaterako. Baina, oraindik ere, eskaintzen den formazioak eta irakaspraktika ugarik ikuspuntu teknologikoaren beharra badu ere, gure ustez, ikuspuntu kritikotik landu behar da teknologiak eta hezkuntzak bat egiteko estrategia edo modua. Hezkuntzari teknologiak balio erantsia eman behar dio eta hori gertatzen dela bermatu beharko genuke, baita teknologiarekin sor daitezkeen arrisku berriak saihestu eta beharrezkoak diren prozesu errepikakorretan lagundu.

Formazio hori emateko, liburuan (Iruskieta et al. 2019) eta HEZikt graduondokoan, Euskal Herriak behar duen teknologia bidezko irakaskuntzaren alor nagusiak (tresneria eta konpetentziak) eta eremu nagusiak (hezkuntza formala, etengabekoa eta hizkuntzen irakaskuntza) aipatzen dira. Horrela, beraz, liburuaren eta graduondokoaren helburu nagusia da aztertzea teknologia digitalak hezkuntzan (nazioarteko ikuspegia kontuan hartuta, baina bereziki euskal hezkuntzan oinarrituta) nola eragin duen eta erakustea horrek lekarzkeen abantailak eta arriskuak, ikuspuntu kritikotik konpetentzia digitaletan trebatuz.

Hori guztia kontuan izanik, aipatutako liburuan jarraian azaltzen ditugun gaiak lantzen ditugu. Gure ustez, irakasleak jakin behar du testuinguru digitalaren oinarri pedagogikoak eta metodologikoak zeintzuk diren. Horretarako, garrantzitsua da testuinguru digitalak hezkuntzan duen eragina ikuspegi teknopedagogikotik aztertzea, esaterako, irakasleak berrikuntza horren aurrean zein erronka dituen jakin behar du, bere ikaskuntza eta rol berriak antolatzeko; izan ere, egungo zenbait metodologia-joera dira, hala nola, datuetan oinarritutako ikaskuntza eta Diseinu Unibertsala, hezkuntza eta teknologiaren arteko harremana ikuspegi inklusibotik baloratu ahal izateko.

Gaur egun, testuinguru digitalean bizi den hezkuntzan argi izan behar dira zer diren konpetentzia digitalak eta horrekin zein erlazio duen Norbere Ikas Alorraren kontzeptuak, hezkuntza ez-formalean eta hezkuntza formaleko hezkuntzako etapa ezberdinetan; izan ere, ezberdinak dira konpetentzia horiek baliatzeko praktika onak derrigorrezko hezkuntzan, Lanbide Heziketan edo Unibertsitatean.

Gainera, garrantzitsua da testuinguru digitalean e-learningaren oinarriak eta metodologiak zein diren jakitea hezkuntza formalean, enpresaren prestakuntza-beharretan edota ikaskuntza formaletik informalerako bidean. Horrekin batera, testuinguru digitalean tresna eta aplikazio berritzaileek ikasleekin interakzio ezberdinak egiteko aukera ematen dituzte, hala nola, ikaskuntzarako e-portfolioak, ikasteko ingurune birtualak edota hezkuntzarako baliabideak sortzeko egile-sistemak, estandarrak, estrategiak eta gidalerroak.

Horri guztiari ezin diogu atarramendurik atera teknologiak jendartean eta hezkuntzan dituen eragin positiboak eta negatiboak ikuspuntu kritikotik aztertu gabe eta, horretarako, teknologiak uneko garaira egokitutako jendartea lortzeko aukerak (eduki, ezagutza eta tresna libreen garrantzia, ahalduntze teknologikoa eta jendartearen inklusioa) kontuan izan behar dira, helburua jendartea eta hezkuntza demokratizatzeko eta herritar guztien inklusioa lortzeko oztopoak saihestea baita. Edonola ere, irakasleak kontuan izan behar du nortasuna eraikitzen ari diren haur eta nerabeengan teknologiak nola eragin dezakeen, garrantzia emanez pribatutasunari, teknologiaren erabilera okerra saihesteari eta etorkizun digitalari. Hori lortzeko bidean, zenbait gomendio eta prebentziorako eta esku-hartze egokiak egiteko irizpideak eskaini behar dira.

Ezin dugu ahaztu irakasleen konpetentzia komunikatiboak eta testuinguru digitalak (hezkuntza- eta hizkuntza-teknologiak baliatuz) zer dakarkion orokorrean hezkuntzari eta zehazki hizkuntzen i(ra)kaskuntzari. Alor horretan, helduei eta gazteei euskara irakasteko moduak ezberdindu behar bada ere, kontuan hartu behar da horiengan guztiengan komunikazio-gaitasuna eta konpetentzia digitalak nola lantzen diren idatzizko eta ahozko modalitateetan.

Bukatzeko, ez dugu kanpoan utzi nahi izan hezkuntza hobetzeko beharrezkoa den ikerketa eta liburuaren azken atalean ikerketa digitala landu dugu ikuspegi berriak nabarmenduz (Humanitate Digitalak edo eHumanitateak) eta ikerketa erraztu edota balio erantsia ematen dioten tresnak aipatuz. Horrez gain, hezkuntza-datuekin aritzeko ikerketa-metodo ezberdinak aurkeztu eta datu errealekin egindako ikerketak egin ahal izateko baldintzak zein diren landu dugu, baita ikerketa digitalean testu-bildumak eskolan nola erabili ere. Azken horiek, batetik, nola bistaratu daitezkeen azaldu dugu eta, bestetik, datu horiei zentzua emateko behar diren konpetentzia digitalak zein diren aipatu ditugu. Datuen tratamendu horretan legearen alderdiak ere ahaztu gabe.

3. Ondorioak eta etorkizuneko lana

Aurrerago ikusi dugunez, teknologiak eskaintzen dituen aukerak eta abaguneak asko dira, arazoak eta erronkak bezainbeste. Arazoen artean azpimarratzekoak dira teknologiaren garapen ikaragarri azkarrak irakasleen artean askotan sortzen dituen ezinegona eta kezka (Roman-Mendoza, 2018). Itomen-sentipen horrek bultzatuta, sarritan euskarri teknologiko berrietan praktika zaharkituak aurkezten zaizkigu, ikuspuntu kritikorik gabe eta enfasia ikasteko eta irakasteko prozesuetan jarri gabe. Horren arrazoietako bat hezkuntza-sistemak dituen behar errealen analisi falta izan daiteke, helburu-egoera irudikatzeko ezintasuna nabaria izanda.

Bestalde, ezinbesteko suertatzen da eskolak eta hezkuntzak jendartearekin bat egin beharra, egungo testuinguru digitalera egokituz. Indargune gisa, ikaskuntza formalaz eta ikasgela barruko prestakuntzaz eta teknologiaren rolaz hausnarketa eta gogoetak egiten ari gara esparru ezberdinetan. Horrekin batera, argi dugu teknologiak irakasleen prestakuntza multidiziplinarra mesedetu behar duela eta ikasleari bizi osoko ikasprozesu etengabean lagundu behar diola, eguneroko esperientziarekin norbere ingurunean jakintzak, trebetasunak, jarrerak eta arrazoimena eskuratzen.

Erreferentzia bibliografikoak

Iruskieta, M. Maritxalar, M. Arroyo-Sagasta, A. Camacho, A. (ed.) (2019). IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan. UEU eta UPV/EHU argitaratzaileak. Bilbo.

Román-Mendoza, E. (2018). Aprender a aprender en la era digital: tecnopedagogía crítica para la enseñanza del español LE/L2. Routledge.


Eusko Jaurlaritza