767 Zenbakia 2021-12-23 / 2022-01-19

Gaiak

Hizkuntza-aniztasunaren itsasoan euskararen lekua finkatu beharraz

URANGA, Belen

Soziolinguistika Klusterra

2020ko Udal Erroldaren arabera, EAEko udalerrietan jatorri atzerritarra duten pertsonak 250.000 inguru dira; populazioaren %11 eta %14 artekoa da herrialdearen arabera, eta hortik oso gorakoa zenbait udalerritan. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian kopuruak desberdinak dira, baina begien bistan dauden erronkak, antzekoak. COVID-19aren krisiak geldiune bat eragin badu ere, joera honek jarraipena izango du aurrerantzean, izan ere, immigrazioa dagoeneko egiturazkoa da.

Immigrazioko populazioa ez da homogeneoa, ez jatorriz, ez egoeraz, ez beharrez, ez adinez, ez kulturaz eta ez hizkuntzaz. EAEn 16 urtez azpiko 35.000 lagun inguru dira eskola beharretara hurbiltzen direnak, eta ia 30.000 dira 17 eta 24 urte artekoak, behar eta eskakizun berezituak izan ditzaketenak.

250.000 lagunetik 200.000k hogei estatutan dute jatorria; eta beste 50.000 lagunen jatorria, berriz, 150 estatutan banatzen da. Kultura eta hizkuntzari dagokionean, pentsa daiteke hogei estatu horietan hitz egiten diren hizkuntzak direla gure artean hiztun-kopuru handiena izango dutenak. Gaur egun ez dago informazio hori biltzeko protokolorik, eta, beraz, hizkuntza horien presentzia aurreikusi egiten dugu. Hala ere, kasu askotan ikerketa kualitatiboen bidez baieztatu ahal izan ditugu aurreikuspen horiek.

Beraz, euskara ardatz izango duen hizkuntza-aniztasunaren kudeaketarako ikuspegitik esan daiteke etorri berri diren hizkuntzen presentziaren aldetik, hiru talde bereizi daitezkeela: 1) jatorriari begira ohikoenak diren hogei estatuetako hizkuntzak, ofizial oso hedatuak eta ez-ofizialak (arabiera, errumaniera, portugesa, txinera —mandarin edo kantonera—, frantsesa, urduera, wolofera, jorubera...) eta gutxituak (amazigera, punjabera, kitxua, wu...); 2) jatorria beste 150 estatutan duten pertsonek hitz egin dezaketen 120 hizkuntza inguru; 3) kontuan izan behar da gaztelania ofiziala duten estatuetan dutela jatorria immigrazioko biztanleen erdiek inguruk. Horien artean, gehienak elebakarrak dira gaztelaniaz, baina zenbaitetan hizkuntza gutxituak ere hitz egiten dituzte.

Zein da ordea, jatorri atzerritarreko biztanleek gure artean gizarteratzean euskararekin dituzten harremanak baldintzatzen dituzten egoerak? Zein dira hizkuntza-aniztasun desorekatuan euskarara hurbiltzeko dituzten aukerak? Mugitzen dituzten interesak eta beharrak? Zenbait ikerketek erakusten dute erabakigarria dela bertan dituzten sozializatzeko aukerak, sozializazio horretan euren hizkuntzen inguruan dituzten jarrerak, jatorrian hizkuntza aniztunak edo elebakarrak izatea, xede-lurraldeko hizkuntzak ezagutzea (gurean bezala bat baino gehiago badira horietako bat ezagutzea) eta adina.

Zein da jatorri atzerritarreko biztanleek gure artean gizarteratzean euskararekin dituzten harremanak baldintzatzen dituzten egoerak?

Aldagai horietan sakontzeko xedearekin Soziolinguistika Klusterrak ikerketa kualitatibo bat egin zuen 2020. urtean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kutxa Fundazioaren laguntzarekin, Gipuzkoan bizi diren jatorri atzerritarreko biztanleriaren artean, elkarrizketa sakonak eta eztabaida-mahaietan informazio-bilketa egin eta errealitate horretara hurbiltzeko. Esan gabe doa Gipuzkoako errealitateak ez duela erabat ordezkatzen gainerako lurraldeetakoa, baina, zalantzarik gabe esan daiteke emaitza batzuek Euskal Herri osoko joeren norabidea markatzen dutela.

Aipatu ikerketa horretan argi ikusi da egoera oso desberdinak daudela migratzaile batzuen eta besteen artean. Sozializazioari begira badira prozesua oso positiboki baloratu duten pertsonak, alegia, bertakoekin harremanak oso erraz egin dituztenak. Horiek aipatzen dute garrantzizkoa dela herriko gizarte-ekimenetan parte hartzea, hots, kultura-esparrukoetan edota kirol- eta aisialdikoetan. Era berean, euren sozializazio-prozesuan bertakoek oso modu aktiboan parte hartzen dutela nabarmendu dute, baina are aktiboagoa izan beharko lukeela,  izan ere, zalantzarik gabe egokitzapenak etorkinek soilik ez, bertakoek ere egin behar dituztela iritzi diote.

Nabarmendu behar da, ordea, migratzaile gehienentzat sozializazio-prozesua zaila izan dela, oinarrizko ezinbesteko bizi-baldintzak asetzeko oztopo handiak gainditu behar izan dituztelako, besteak beste, erroldatze-prozesuan, etxea alokairuan hartzeko edota lan-esparruan kokatzeko, eta, beraz, bertako errealitatera hurbiltzeko langa handiak sortzen zaizkiela, eta, hartara,  euskara/gaztelaniaren arteko dinamikak oso urrun geratzen zaizkiela.

Jatorriko hizkuntzei dagokienean ere egoera oso desberdinak daude. Hizkuntza-aniztasun handiko lurraldeetan jatorria dutenak oso eleaniztunak izan ohi dira: etxeko lehen hizkuntzaz gain, gehienek beste hizkuntza bat edo gehiago hitz egiten dituzte. Hala gertatzen da Afrikan jatorria dutenen zenbait kasutan, Asiakoan eta baita, neurri handi batean  Europakoan ere.

Euren hizkuntzak Euskal Herrian mantentzeko ahalegina esplizitua adierazten dute, alegia, seme-alabei erakusten saiatzen dira, baita hizkuntza minorizatuak direnekin ere, baina oso zaila dela ikusten dute gehienek, are gehiago hizkuntza gutxituen kasuetan. Halere, batzuei euskararen biziberritze-ahalegina ezagutzeak hurbilpen-sentimendua sortu diete eta euren hizkuntzak balioan jartzeko pizgarri izan zaie. Hala, Euskal Herrian hizkuntza minorizatuaren erabilera kasu batzuetan indartu dute.

Baina azpimarratzekoa da euren hizkuntzak hitz egin eta erakusteko orduan jarrera oso uzkurrak ere antzeman dituztela bertako biztanleen aldetik. Begi-bistakoa denez, hori oso mingarria egiten zaie, eta, hala, euren hizkuntzekiko errespetua modu esplizituan eskatzen dutenak badira. Beraz, kasu horietan gure errealitatera hurbiltzea nekeza egiten zaie.

Euskarara hurbiltzeko arrazoien artean argi ikusten dute herri euskaldunetan behintzat euskaraz hitz egiteak asko laguntzen duela harreman-sareak egiteko, euskaldunen artean bizitzeko eta bertako kultura-esparruan barneratzeko; euskarak balio sinboliko apartekoa duela, eta gaztelaniarekin alderatuz afektiboagoa dela iritzi diote, eta hori modu oso positiboan baloratzen dute. Motibazio instrumentalari loturiko aldeko jarrerak ere badira, nola ez, pertsona asko ohartu baitira lan-munduan sartzeko eta gizarte-ibilbidean aurreratzeko euskaraz hitz egiten jakitea komenigarria dela.

Nolanahi ere, ez da ahaztu behar, gehienek euskara ikastea nahiko luketela adierazi duten arren, pentsatzen dutela ez dela beharrezkoa, euskaraz hitz egiten ez jakiteak ez dielako inolako arazorik sortu, eta gaztelaniarekin soilik lasai asko egin daitekeelako bizimodua. Informatzaile guztiek diote gaztelaniaz hitz egitea ezinbestekoa dela bertan integrazio ekonomiko eta sozialerako (lana izateko edo sare sozialak egiteko) eta, batez ere, legezko estatusarekin lotura duten erakunde ofizialekin harremanak izateko. Gainera, gaztelaniari nazioarteko balioa ematen diotela azpimarragarria da, Euskal Herritik eta Estatu Espainiarretik irtetean ere garrantzizkoa baita.

Adinaren aldagaia ordea aintzat hartzea komeni da. Horrela, jatorri atzerritarreko biztanle heldu gehienek zailtasunak ikusten badituzte ere, euren seme-alabentzat beharrezko ikusten dute euskaraz hitz egiten ikas dezaten. Euskal Herrian geratuko direnaren ideia sendotu ahala integraziorako motibazio sinbolikoa landu dute, eta baita, aurrerapen ekonomikoarentzat beharrezko ere.

Bi hizkuntzak ikastearen inguruan, halere, prozesu desberdinak deskribatzen dituzte: gaztelania, kasu batzuetan jatorri lurraldean nazio-hizkuntza bezala ikasi dute, baina,  bertan hizkuntza horrek duen presentzia erabatekoak bere ikasketa-prozesua errazten du. Horrez gain, egiturazko formazio arautuak eskuragarriago dituzte gaztelaniarentzat, euskararentzat baino. Kasu horretan, gainera, ikasketa-prozesua zaila izatearen aurreiritzia sarri agertzen da, nahiz eta, aldi berean, prozesu hori hasi dutenek esperientzia positiboa izan dela adierazi duten.

Baina, batez ere, oso kontuan hartzekoa da euskara ikastearen beharraz bizi duten presioaren aurrean agerian jartzen duten iritzia. Euren iritzian, migratzaileengan jartzen da bertako jatorria dutenengan jartzen ez den ardura. Are gehiago, euskaldunok migratzaileen artean hierarkiak sortu dituztela diote, euskaraz hitz egiten ikastea ez baitiote berdin eskatzen Erdi eta Hego Amerikan jatorria dutenei, eta, esate baterako, Europa mendebaldeko jatorria dutenei. Hierarkizazio hori mingarria izateaz gain bidegabea dela diote.

Zenbaitetan, euskararen aldeko diskurtsoak euren hizkuntzaren erabilera defendatzeko darabilte. Esate baterako, jatorrian gaztelania ofizial duten lurraldeetako etorkinen artean gehienek gaztelania dute ama-hizkuntza, eta, hala aitortua izan dadila eskatzen dute. Horrela, euskara hutsezko jarduerak eta eskakizunak diskriminatzaileak direlako diskurtsoak garatu dituzte. Eta horrek aurreikusi gabeko eragin zehatzak sortzen ditu migratzaileengan, nolabaiteko erresistentzia aktiboan gauzatzen dena. Eta, beraz, iritzi diote, harremana eta komunikazioa errespetutik eraikitzea eta diskriminazioa ekiditeko neurriak hartzea ezinbestekoa dela. Euskal gizarteak berariazko arretaz landu beharko du diskurtsoen errealitate hau, migratzaile horiek euskarara hurbiltzea lortuko bada!

Euskararen biziberritze-prozesuan egoera honek planteatzen dituen erronkei heltzeko unea da, gutxienez honako alderdi hauetan: administrazio publikoek (gobernuek, aldundiek, udalek) egiturazko erantzunak eman behar dituzte (harrera-plan koordinatuak, euskara ikasteko erraztasunak eta diskurtsoen lanketak….); hezkuntza-sistemek aukera berdintasuna ziurtatzeko eta, gutxienez, segregazioa saihesteko bermea ezarri behar dute; gizarte zibilak ekimen kolektiboak eta norbanakoen jokaerak gizarte kohesionatuagoaren norabidean kokatu behar ditu, aliantza zabalak osatuz.

Horrela, badira aipatutako erronkei modu arrakastatsuan erantzun ahal izateko ezinbestean landu beharreko hiru lerro. Batetik, kultura- eta hizkuntza-aniztasunetik kulturartekotasunera trantsizioa elkarrekin pentsatzea. Bigarrenik, gizarte aurrerakoi eta inklusiboa garatzeko ezagutza eta entzute dinamikak biderkatzea. Eta, hirugarrenik, hizkuntza-aniztasunaren kudeaketaren erdigunean euskararen biziberritze-prozesua kokatzea, modu partekatuan. Ekin diezaiegun lanari.


Eusko Jaurlaritza