767 Zenbakia 2021-12-23 / 2022-01-19

Gaiak

Euskara elkarteek zer berrikuntza sozial ekarri dute?

RODRIGUEZ, Txerra

Galdera hori pausatu didate eta ahalegindu beharko naiz horri erantzuten. Euskara elkarteen inguruan ondu nuen 2020an doktore-tesia eta gai horri ere oratu nion (beste askori ere bai).

Tesia egiten hasi nintzenean hipotesi batzuk formulatu nituen eta bosgarrena, hain zuzen ere, nire ustez bete-betean egokitzen zaio gai honi. Honela zioen:

Elkarteak berritzaileak izan dira; hasieratik, berrikuntza sozialak egin dituzte eta, gainera, modu batera edo bestera, ahalegindu dira berrikuntza horiek herri batetik bestera garraiatzen.

Gaur egun, seguruenik, beste modu batera idatziko nuke. Hipotesi horretan, gutxienez, beste bi kontzeptu sartuko nituzke: prototipatzea eta eskalatzea. Eta, hortaz, seguruenik honela geldituko litzateke 2021ean:

Elkarteak berritzaileak izan dira; hasieratik, berrikuntza sozialak egin dituzte eta, gainera, horiek prototipatzeaz gain, ahalegindu dira berrikuntza horiek eskalatzen, eta beste herri eta modu batzuetara eraman dituzte.

Baina, tira, hori iragana aldatzea da eta bego bere horretan idatzitako hipotesia. Tesian euskara elkarteen jarduna, egiteko moduak eta abarrak aztertu ostean, hipotesi hori ondorioetara eraman nuen, ea zenbat eta zer modutan bete den. Eta, seguruenik, hori garrantzitsuagoa da, orain arte esandakoa baino.

Nire ustez, estilo berria ekarri zuten elkarteek euskararen aldeko mugimendu sozialera. Baina euskara elkarteek ere edan zuten euskararen aldeko mugimendu sozialetik eta, beraz, mugimendu horren beste ezaugarri batzuk ere bereganatu zituzten, hain artean berrikuntza sozialak egitearena. Euskararen aldeko mugimendu sozialaren ezaugarrietako bat izan da beti berritzea, jendartea aldatzeko bide horretan esperimentatzea, sormena eta alternatibak eraikitzea ipar. Eta euskara elkarteak, kasu honetan, ez dira inondik ere salbuespena izan: berrikuntza sozial askotxo ekarri dute eguneroko praktikara. Gutxienez, nik bost berrikuntza nagusi identifikatu ditut euskara elkarteen jardunean. 

Lehen berrikuntza nagusia tokiko hedabideen unibertsoa litzateke. Berrikuntza nabarmena zekarten hedabide hauek: batetik, tokikoak izatea, hau da, gertutasuna, komunitatea txirikordatzeko aukera eta abar; bestetik, masiboak izateko hautuarekin. Hedabide hauen funtsa (salbuespenak salbuespen mantendu dena denboran zehar) zen euskaldun bat zegoen etxe guztietara heltzea. Masiboak izateko hautu horri loturik, hedabideak doakoak izatea izan zen erabaki nagusietako bat. Baina, bigarrena eta agian apur bat oharkabean pasatu dena, izan zen hedabide hauek ez zirela militanteei edo euskaltzaleei zuzendutako hedabideak. Euskaldun guztiengana heltzeko bokazioa zuten eta bokazio hori praktikara eramaten ahalegindu ziren (eta dira). Horretarako, hautu politikorik gabeko hedabideak izan dira hauek (eduki pluralak landu dituzte, orekak oreka) eta herritarren gertuko gaiak landu dituzte (eta, hein batean, herritarren gertuko hizkeran ere landu dituzte). Gainera, horren ondorioz, lortu dute ia euskarazko beste ezein hedabidek lortu ez duena: produktua, hein batean gutxienez, erdaldunentzako ere erakargarria izatea (argazkiak begiratzeko baino ez bada). Hirugarrenik, hedabideek jende asko jarri dute euskaraz irakurtzen eta jende asko euskaraz idazten (eta denda, taberna eta enpresa asko euskaraz publizitatea egiten). Hedabideen inguruan egindako azterketetan ondorioztatzen da etxe askotan sartzen den euskarazko hedabide bakarra tokiko hedabidea dela (eta inkesta gehienetan eurak dira lider euren lurralde-eremuan). Gainera, azken urteotan hedabide batzuek komunitatea lantzeko hautua egin dute, batez ere sareetan. Emaitzak emaitza, tokiko hedabideez gain, gutxi dira esparru hori landu dutenak. Laugarrenik, hedabide hauek beti ibili dira berrikuntzei adi. Adibidez, hasiera batean eurak izan ziren autoedizioarekin euskal herrietan argitaratu ziren lehenak. Interneterako saltoa eman zuen lehen hedabidea ere tokiko hedabide bat izan zen (Bortziriak eta Baztan aldeko Ttipi ttapa hain zuzen ere), eta euskarazko lehen blog kolektiboaren atzean ere (sustatu.com) euskara elkarteek sortutako Goiena hedabidea bazebilen (beste batzuekin batera). Beste adibide bat litzateke Ttap hedabidea (euskal herrietan gailu mugikorretarako egindako lehen aldizkari digital multimedia). Horren sorreran ere hainbat tokiko hedabidek hartu dute parte (Anboto, Baleike, Goiena eta Tokikom). Bosgarrenik eta azkenik, tokiko hedabide hauek hasieratik tokiko maila transzenditzeko bokazioa izan dute. Hori dela eta, hedabide batzuek eskualderako saltoa egin zuten (adibidez, Uribe Kostan UK edo gaur egun Hiruka, Durangaldean Anboto, Debagoienan Goiena edo Tolosaldean Ataria). Eta hor daude elkarrekin lan egiteko ahaleginak (haietako batzuk porrot egindakoak Gune press publizitate-agentzia edo Asteon telebista-astekaria, kasu), batez ere, azken urteotan Tokikom-en bidez artikulatu direnak.

Bigarren berrikuntza nagusia hitzarmenak izan ziren, hitzarmengintza gurago bada. Elkarteek «asmatu» zuten metodologia hau herrietako dendak, elkarteak eta tabernak euskalduntzeko. Konpromisoan oinarritutako metodologia sistematikoa jarri zuten martxan hainbat euskara elkartek: erakunde batek konpromiso batzuk hartzen zituen eta euskara elkarteek horri aholkularitza eta jarraipena egiten zioten. Metodologia hau, gainera, hainbat udalek ere besarkatu zuten eta euren plangintzetan aplikatzen hasi ere. Eta ez hori bakarrik. Azken finean, euskal herrietan lan-arloa euskalduntzeko plangintzak metodologia honen garapena (itzela da garapena, lan-arlo horren konplexutasunaren ondorioz) baino ez dira. Erabilera-plan horien atzean dagoen metodologia konpromisoan oinarritzen da eta, nire ustez, hitzarmengintzatik edaten du nabarmen. Azken finean, hitzarmenetan esperimentatutakoa erakunde handiago eta konplexuagoetara eraman zuten lan-arloa euskalduntzen hasi ziren horiek.

Hirugarren berrikuntza nagusia Kafe Antzokia izan zen. Bilbon eduki zuen epizentroa berrikuntza honek, baina gero erreplikak beste hainbat herritara hedatu dira: Durango, Elgeta, Ondarroa, Derio eta Gasteiz, besteak beste. Kafe Antzokiak, izan ere, berrikuntza nabarmenak ekarri zituen. Batetik, euskaran ardaztutako proiektua izan arren, beste hizkuntzei ere irekia zen proiektua. Gainera, ordura arte ez bezala, euskaran ardaztutako proiektu batean ez zen ohikoa kokapena non eta Bilboko erdigunean izatea, ez zen ohikoa aldarrikapenez betetako kartelik ez egotea, ez zen ohikoa txukuntasuna, garbitasuna eta abar. Bestetik, ostalaritza-zerbitzua egon arren, zentroa ez zen ostalaritza, zentroa kultur eskaintza zen (bereziki, musika emanaldien kultur eskaintza). Eta hori ere berritasuna zen: euskaldunak eroso egongo diren taberna bat izateaz gain, Kafe Antzokiak kultur emanaldien zentro garrantzitsu bihurtu dira (esate baterako, urteetan Bilbon egon den kontzertu-aretorik garrantzitsuenetakoa Kafe Antzokia izan da).

Laugarren berrikuntza mintzapraktika-programak izan dira. Euskara elkarte batek hartu zuen tandem izeneko metodologia eta gurera egokitu eta moldatu zuen. Bagera euskara elkarteak urratutako bidera hainbat euskara elkarte batu ziren (baita beste eragile batzuk ere, batez ere AEK) eta mintzapraktika-programak hedatu zituzten euskal herrietan. Horrez gain, hasierako metodologia ere garatu zuten eta elkar ezagutzeko ekintza osagarriei sekulako garrantzia aitortu zieten. Izan ere, metodologia honek balio izan du euskara ikasten ari ziren batzuei edo euskara kamustuta zuten batzuei ikaskuntza horretan bultzada emateko eta, hein batean, euskaldunon komunitatera proiektatzeko. Eguneroko sozializazioan pertsona askori eman zaie aukera euskarazko harreman informalak eratzeko, eman zaie aukera hizkuntza-ohitura berri batzuk eratzeko.

Bosgarren berrikuntza aktibazio-programak izan dira. Iturri askotatik edan zuten Donostiako Egia auzoko eragileek lehen programa martxan jartzeko: feminismotik eta ahalduntze/boteretze kontzeptutik, Lutxo Egiak Bilbon egindako performancetik, hizkuntza-ohiturak aldatzeko egin diren ikerketetatik (Aldahitz ikerketa-ildotik bereziki), Kataluniatik inportatutako TELP tailerretatik… Baina, berriro ere, osagai horiek kokteleran sartu eta egitasmo berria «asmatu» zuten donostiarrek. Gerora, garapena izan zuen eta Lasarte-Oriako Ttakun elkarteak gehitu zien bi figura programa hauei: Ahobizi eta Belarriprest figurak, hain zuzen ere. Eta, azkenik, Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak programak hartu, eta Euskaraldia izeneko markapean euskal herrietara hedatu zituzten. Eta, seguruenera, urte batzuk barru, mundu osoko biziberritze-ikertzaileek eta biziberritze-ekintzaileek aztertuko dute eta ahaleginduko dira programa hauek euren komunitateetara zabaltzen.

Berrikuntza guztiak esperimentatu dira herri batean edo bestean, hau da, prototipatu dira eta gero ahalegina egin da beste herri batzuetara hedatzeko, hau da, eskalaz igo dituzte. Bide informalak egon dira kasu guztietan, baina bide formalagoak ere antolatu dira. Euskara elkarteen federazioa den Topaguneko sustatzaileek trakzio-lana egin dute (herririk herri ibili dira behin baino gehiagotan proiektu arrakastatsuen berri ematen). Eta, bestetik, aipatuko nuke berariazko ahalegina egin dela horiek hedatzeko. Adibidez, hitzarmengintza, mintzapraktika eta aktibazio-programei buruzko eskuliburuak argitaratu ditu Topaguneak berak. Hedabideen kasuan ere, asko izan dira antolatutako jardunaldi eta topaketak. Hortaz, zeharkakoa izan da prototipo hauek esperimentatu ostean, hedatzeko eta eskalatzeko egin den lana.

Berrikuntza gehiago aipatu ahal badira ere (Auzoko programa kasu), argi dago elkarteak euren jardunean berritzen ibili direla, batzuetan asmatzen eta besteetan hanka sartzen, normala den moduan. Uste dut aurrerantzean ere berrikuntzei adi eta berrikuntzetan esperimentatzen ere jardun behar dutela elkarteek. Izan ere, jendartera egokitu behar dira elkarteak, jendartea bera eraldatu nahi badute.


Eusko Jaurlaritza