
Gaiak
Agur Paulo Freire Irakasle Jauna!
Aurtengo Iraila 19an beteko zenituela 100 urte jakin dut eta Brasilen ospatzen ari zaretela han eta hemen. Benetan hunkigarria iruditzen zait. Hau dela eta burura datorkit nola 1970 hamarka hasieran Barbosan (Santander/Kolonbia) nagusien alfabetatze lanetan nenbilela aukera izan nuen Vélez herrian zure alfabetatze metodologia ezagutzeko ikastaro batean.
Egokiena praktikatzen hastea zela didaktika hori pentsatu nuen eta horrela hasi nintzen oraindik amaitu gabeko ibilbide pedagogiko honetan. Pedagogo brasildarraren “kontzientizatze” hitzaren bidetik Kontzientziatu nintzen nola nire hitz propioaren, hau da euskararen, ezagutza eta erabileraren absentziaz bizi nintzen. Bakoitzak duen hitzaren botereaz ohartu nintzen eta eraldaketa ezinbestekoan murgildurik Euskal Herrira itzuli nintzenean Donostiako alde zaharrean gaur Elkar izena duen dendan aurkitu nuen zure “Pedagogía del oprimido” Mexikon argitaratua.
Ordu arte nire ikasketa guztiak gazteleraz egindakoak nintzen baina erabakia oso garbi neukan, euskarako titulua atera eta ikastoletako andereñoa izan nahi nuen eta horrela gertatu zen. Bitartean zure liburua irakurtzen saiatzen nintzen gehiegi ulertu gabe naiz eta sentsibilitate pedagogiko horretan ongi sentitzen nintzela jakinda. Behin eta berriro ulertu nahian pedagogia ikasketak egin nituen Bergaran “Educación a distancia” sistema barruan, hemen E.H.U. ez genuelako oraindik, ikastolan lana egiten nuen bitartean. Pedagogiaren historia ikasten ari nintzela aurretik atzera eta atzetik aurrera miaketan ea non agertzen zinen, orri alde batean topatu zintudan zortzi bat lerroetan hirugarren munduko pedagogoa zinela esanaz. Benetan mingarria iruditu zitzaidan nire buruari galdetzen nion bitartean non ote zegoen benetan hirugarren mundua.
Bizitzaren ez uzteak direla medio eta maite mina tartean São Paulora joan nintzen bizitzera 1982an eta ordurako zu 1980 itzulia zinen erbestetik. Jakin nuenean Pontifizea Unibertsitate Katolikoan irakasle bezala lan egiten zenuela, zure lan orduaz jabeturik zurekin topatzeko asmoz unibertsitatera abiatu nintzen altxor baten bila joango banintz bezala. Urduritasuna eta alaitasuna bat batean sentitzen nuen energia berezi baten menpe. Zure gelako aurrean zegoen pasabidean geratu nintzen zain eta erne. Ikusi zintudanean aurreratu nintzen adieraziz euskalduna nintzela, zure ikuspegi pedagogiarekin ados sentitzen nintzela eta pentsa ezina zela niretzat zurekin egunen batean topatzea gertatzen ari zen bezala, besarkatzeko gogoa sentitzen nuela eta hau entzun ondoren besoak zabaldu zenituen eta elkar besarkatu ginen.
Adierazi zenidan Euskal Herriko arazoa ezagutzen zenuela. Orduan zure gelako partaide izateko aukera eskatu nizun eta zuretzat ohore bat zela baina ikasleekin batera erabakiko genuela erantzun zenidan. Nik aurkeztuko zaitut esan zenidan eta ongi iruditzen bazaie ezin hobea izango da. Ikasleen erantzuna baikorra eta bat batekoa izan zen, euskaldun bezala aurkeztu zenidan naturaltasun osoz eta orduz gero lau ikastaro (graduazio gerokoak) egin nituen zurekin.

Ez da erraza niretzat adieraztea kurtso haietan gertatutakoak, hitz batean laburbilduko banu izango litzake “eraldaketa” baina astindua sentitzera eramaten gaituen horietakoa, ezagueraren ikusmiraz ukitua, pozgarria, Jakinduriaren xamurtasunez osatua, nortasuna indartzen duen horietakoa, ikasle eta irakasleen artean erakartasuna sortzen duena, ikasle bezala maitatua sentitzen zarena, egunerokotasuna pedagogiaz hobeto janzten ikasten den horietakoa.
Bi motako lanak egin behar genituen, bat taldean eta bestea indibiduala. Nik egindako indibiduala Ikastolen edapena Euskal Herrian frankismo garaian izan zen eta zuk irakurri ondoren itzuli zenidanean adierazi zenidan lan kritikoa eta argia zela gehituz horrelako txostenak nire herrian eta nire hizkuntzan argitaratu beharko nituela. Ordu-arte inork inoiz horrelakorik esan ez zidana hain zuzen. Orduan konturatu nintzen nire izaera eta egin beharra irakurtzen ari zinela, hausnartzen, ulertzen, onartzen eta akzio pedagogikora pasatzeko gai nintzela esaten. Ez zen izan irakurketa literala bakarrik, baizik irakasle eta ikasle arteko irakurketa pedagogikoa, geure artekoa. Orduz gero euskara eta gazteleraz idazten hasi nintzen eta ez naiz gelditu gaur arte.
Baina ez zen hemen geratu gertatutakoa. Gogoratzen dut nola zure ondoan eserita eta zurekin elkarrizketa modura hiru orduko ikastaroaz gozatu nuen gela hartan ikastolei buruz hitz egiten ni eta zuk euskal sentsibilitate pedagogikotik nabarmenduz brasildar hezkuntzako zenbait sentsibilitate pedagogiko berdinak. Bi herri, bi hizkuntza, bi kultura eta bi hezkuntza sistema taularatzen pasa genuen goiz hura naturaltasun osoz integrazio sakonaren gisa. Niretzat izugarria izan zen zeren bat batean Euskal Herria eta Brasil hunkipen berean eta bana ezinak izango balira bezala bizi izan nituen.
Donostiara itzultzeko unea heldu zenean, zure A IMPORTÃNCIA DO ATO DE LER em trệs artigos que se completam. Cortez editora. São Paulo 1987, euskarara itzultzeko autore eskubideak eskatu nizkizun eta jakinda gure hizkuntzak militantzia egoerak bizi zituela ez zenidan inongo preziorik jarri esanaz: ahal baduzue zerbait ordaindu espero dut egingo duzuela, zuen eskuetan uzten dut. Dena dela U.E.U.k diru bat eman zidan zuri itzultzeko eta esan beharra daukat benetan hunkiturik eskerrak eman zenizkigula.

Etxean berriro irakurri nituen zure liburuak, bizitutakoa barneratu nahian, hunkipenez oroituz gela hartako izpiak, mahai baten inguruan bai zure etxean eta nirean eta horrela zure ikuspegi pedagogikoaz hobeto jabetzen joan nintzen eta nire aldaketa pertsonala eraikitzen. Intimitate uneak izan ziren argi eta hunkipenez beteak. Hau horrela izanda alargundu nintzenean Kolonbiara, Brasilera eta Txilera (lehendik herri horietan bizitutakoa nintzen) abitu nintzen zu nor zinen irakasle bezala herri horietako hezkuntza sistemen barruan bizitutako esperientzia konpartitzera, ezin bainintzen egon isilik gertatutakoaz.
Horrela pasa ditut urteak zenbait unibertsitate, eskola, elkarte eta abarretan hainbeste maite ditudan herri hauetan. Noski Euskal Herrian ere bai. Ahoz eta idatziz.
U.E.U.k euskaratutako liburuak ez zuen arrakastarik eduki, zure ikuspegi sakona nahiko ez ezaguna da, alfabetatze metodoaren interpretazio exkaxak zure ikuspegi pedagogiko harrigarria estali du urteetan, zure txirotasunarekiko sentsibilitatea badirudi ez dugula atsegin jakinda egun gehiengoak direla. Ongi bizitzea nahi dugu orokorrean, zuk ere bai, baina ahantzi gabe gizakia dagoen lekuan beti dagoela behar dugun jakinduria mota bat eta ez dagoela neutraltasunik. Xamurki maite zenuen munduko ezagutza ikuspegi honetatik Pedagogia del oprimido-ko eskaintza irakurtzea besterik ez dago: Munduko txiroei eta beraiengan deskubritzen direnei, beraiekin sufrituz eta borrokatuz
Nire ibilbide guztietan zu hobeto ulertu nahian ibiltzen naiz. Zutaz jakiten duen jendea liluraturik geratzen da askotan eta beste batzuetan utopia (zentzu txarrean ulertuz) dela esanaz. Laurogei urte betetzera noa eta zuri jarraitzen ahalegintzen naiz, zure ikuspegi pedagogikoa dela eta hausnarketatik ekintzetara pasatzen, azken batean denen arazoa hori delako.
Zuek ekintzetara pasa zinetenean Brasilgo lurretan astindu-aldi bat gertatu zen, lurrikara harrigarri bat eta zurrunbilo horretatik oraindik bizi gara jakinda noski sufritutakoa eta erbestea tartean daudela ezin bestekoak gertatu zirelako baina zuri ezagutzea askorentzat pozgarria, aberatsa eta munduarekiko kidetasunaren hunkipen zientifikoa sentitzera eraman gaituenak ere asko gara. Ezaguerak konkretutik unibertsalera etengabeko mugimenduan jarraitzen du eta edozein unibertsitate, eskola, hizkuntza, kultura, elkarte, klase soziala eta giza mota, jakinduriaz jantzia dagoela nahita nahi ez mahaia gainean daukadan edukia da.

Milesker, saudades blai agurtzen zaitut. Ez adio irakasle jauna !