763 Zenbakia 2021-07-28 / 2021-09-22

Gaiak

Euskal literatura eta futbola

KORTAZAR BILLELABEITIA, Jon KORTAZAR, Jon

LAIDA Ikerketa taldeak Egungo euskal literatura eta futbola deituriko liburua argitaratu behar zuela adierazi zuenean, galdera zaparrada heldu zitzaigun handik eta hemendik. Lehenik, nahiz eta gure artean futbol-taldeek egiten dituzten Letren inguruko ekimenei esker gero eta gehiago uztartu diren arlo biak, oraindik galdera hortxe dago ezpain zorrotzen inguruan: Zer zerikusi dute literaturak eta futbolak?. Gogora ekarri behar ditugu, adibide gisa, Athletic Club Fundazioak eratzen eta izurriteak ondoratu ez dituen “Letrak eta Futbola” urteroko ekitaldiak eta Donostia Kulturak eta Donostiako Udalak eratzen duten  “Korner. Futbola eta Kultura” biltzarra. Bigarrenez, euskaraz futbolari buruzko literaturarik ba ote zegoen galdetzen ziguten.

Hala ere  bizirik dirau kirolaren eta letren munduaren artean zubirik ez dagoela adieraziten duen irizpidea. Nondik dator aurreiritzi hori? Zalantzarik ez, Diktadura garaian futbolarekin egindako gizarte erabilpen handiak eta publizitate nagusiak dute errua. Garai hartan indar politikoak kirolaren, eta bereziki futbolaren, erabilpen ugaria egin zuen giza taldeen kontzientziak epeltzeko eta indar politikoak ahultzeko. Manipulazioa erabatekoa izan zen, nahiz eta euskal futbol taldeen erabilpena alderantzizkoa izan zen, frankismoaren aurka joateko… Garai historiko horiek eragina izan dute gure kontzientzietan. Gogora ekarriko ditugu Gabriel Arestiren hitzak futbola uzteko euskal jendeari egindako bertso sonatuetan:

“Tafernak utz,/ kanpofobailak utz,/gizonak;/zinemak utz,/nobedadeak utz,/andreak”.

Egungo euskal literatura eta futbola,
Mari Mar Boillos, Jon Kortazar (arg.).

“Kanpofobailak” deitu zituen Arestik gure futbol zelai umilak. Baina ez zen beti horrela izan. Abangoardiaren aroan kirolek, eta neurri berean futbolak, arreta handia piztu zuten idazle eta poeten artean. Gogoan hartzekoa da Rafael Alberti poetak idatzitako “Oda a Platko” poema, Realak Bartzelonaren aurka jokatu zuen Errege Kopan gertatutakoa aipatzen duena. Eta hari Gabriel Celayak emandako erantzuna “Contraoda del poeta de la Real Sociedad” poeman. Gure artean aipagarria da euskal poeta nazionalistek nahiago izan zutela “euskal herri” kirolak aipatu eta Lauaxetaren “Palankari bati” ekarri nahi genuke lerroetara adibide gisa. Dena dela, Lauaxeta bere kazetaritza lanean kirola aipatzera behartuta zegoen eta Athleticen partiden berri eman zuen behin baino gehiagotan.

Gaurko egunera etorriz baina, eta bigarren galderari erantzuna emanez, ugariak dira euskal literaturan futbola aipatu duten lanak. Genero batzuk, ezagunenak, aipatuko ditugu bestela zabal joango litzatekeelako gaia. Mari Mar Boillosekin batera Jon Kortazarrek atondu duen Egungo euskal literatura eta futbola liburuak  alor hauek izan zituen gogoan: euskal nobela, euskal antzerkia eta bertsolaritza, eta horrez gain, Ramiro Pinillaren Aquella edad inolvidable (2012) nobela eta Luis de Castresanaren El otro árbol de Guernica (1967) lanaren bidez –ez baitzegoen besterik-,  literaturaren eta zinemaren arteko harremana ikertu zituen. Zalantzarik ez, euskal idazleek  landu dituzte futbola gai gisa aipatu duten beste literatur genero batzuk eta prestatzen ari garen bigarren ale batean emango da haien berri. Hemen zerrendatxoa besterik ez dugu egingo. 

Odolean neraman,
Joan Mari Irigoien (Elkar argitaletxea).

Euskal nobela garaikidea hizpidera ekarriz,  Aiora Sampedro ikerlariak ondorengo lan hauek hartu ditu kontutan bere ikerketa sakontzeko. Bernardo Atxagaren Gizona bere bakardadean (1993) nobela aitzindaria izan zen Poloniako Futbol selekzioak toki handia hartu zuelako kontakizunaren barnean. Nevadako egunak (2013) lanean ere pasarte txiki bat jarri zuen amaren oroimena kontatzen zuenean “Izaskun Eibarren” atalean, eta han etxeko neskatxak Athleticeko jokalari bati egin zion txantxa txikia.  Kirmen Uribek ere bere futbol zaletasuna agertu du nobela bitan behintzat: Bilbao-New York-Bilbao (2008) nobelan futbol bideo-jokoak jarri zituen irakurleen begi bistan, eta Euzkadi taldearen ibilbidea Elkarrekin esnatzeko orduan (2016) lanean.

Egile bi horien idazketan futbolak, neurri batean,  bazterreko tokia betetzen badu ere, euskal nobelagintzan badira  hiru egile futbola nobelaren gunean jarri dutenak. Joan Mari Irigoienek, futbolari izandako euskal idazleak, nobela bi idatzi ditu gai horren inguruan. Odolean neraman (2004) kontakizunean jokalariengan jarri zuen begia, eta testuak euskal talde bateko harrobiko jokalarien esperientzia kontatu zuen. Derby (2019) deituriko nobelan aldiz, zaletuek hartu zuten protagonismoa umorezko argumentua osatzeko orduan.

Etxeberria anaiek, Martinek eta Xabierrek, Gerra ondoren sortu zen Euzkadi Selekzioan jokatu zuen Kepa Aresoren egunerokoa izan zuten esku artean. Idazki argitaragabe horretaz baliatuz Ez dadila eguzkia sartu (2006) nobela osatu zuten. Nobelak kutsu biografikoa hartu zuen, nahiz eta trama nagusiak espioitza biderantz ere jo .

Ezker hanka falta zuen,
Lutxo Egia (Susa argitaletxea).

Harkaitz Canoren Twist (2011) nobelan ere atal batean aipatu da futbola. Baina  zentzu sinbolikoa eman zaio. Futbola haurtzaroaren nostalgiarekin lotu da eta narratzaileak garbi dio: “Diego Lazkanok Xabier Sotorekin eta Kepa Zeberiorekin konpartitutako une bat gogoratzen badu, bakar bat apartatu behar balu beste guztien artean, huraxe apartatuko luke, zorion blindatu batez egindako unea delako, ez dagoelako itzalik, ditxa betea baizik, haurtzaroko une alairik gorenena”.

Ez da hor bukatzen,baina, futbolaren itzala euskal eleberrigintzan. Jon Alonsoren Hodei berdeak  (2003) nobelan ere Chantrea-Eibar partidu berezia aipatu da, futbolari bere tokia utziz. Mikel Tabernak Alkasoroko Benta (2013) deituriko nobelako “Rinus Xiburu” deituriko atalean gazte garaiko futbol partidak dakartza orrietara, Alemaniako Mundu Txapelketa garaian. Lutxo Egiaren Ezker hanka falta zuen (2005) nobelaren azalean futboleko baloia ageri da, eta protagonista nagusiak, Gerenak Sestaoko River futbol taldearen kazeta kronikak idazten ditu, baina oso aipu txikia egin zaio kirolari nobelan.

Zabalagoa da ipuingintzaren alorra. 10 ipuin bildu ditugu guk eta 7 egile. Egia da azken garaian Euskal futbol taldeek literatura eta futbola elkartzeko egin dituzten ahaleginei esker ipuingintza aberastu egin dela, talde horiek ipuinak enkargu bidez idaztea eskatu baitiete egileei. Beraz, agian, nabarmendu beharko lirateke euskal taldeen eskariak heldu aurretiko ipuinak eta taldeen itzalpean egindakoak.

Aurretikoen artean aurkitu ditugu Harkaitz Canoren umore beltzez onduriko “Aurkako taldeko atezaina” (1997), non zale batek bere errautsak bere talde maitatuaren zelaian barreiatzea eskatu duen, Edurado Sacherik ipuin batean kontatu zuen moduan; Aritz Gorrotxategiren ipuin bi penaltien inguruan, bata tragikoa, “Zazpi pausuak” (2002), eta bestea irrigarrizkoa, “Gol heretikoa” (2009); Frankismo peko Maiatzaren 1ean gertatzen den eta futbola eta kontzientzia soziala batzen dituen Koldo Izagirreren “Hondartza” (2016); futbolari gazte batzuen gainbehera gai hartu duen Xabier Montoiaren “Loria omen zion halabeharrak gordea” (2010), eta aita baten eta semearen arteko harreman gatazkatsua azaldu duen Ana Malagonen  “Zaborraren minutuak” (2017).

“Letrak eta Futbola” edo “Korner” literatura jaialdiek indartu egin dute futbolari buruzko idazketa eta emakume idazleen isla indartu. Karmele Jaiok bikote baten harremana kontatu zigun Gure pasioak (2014) lanean, umore sotilaren bidez futbola maite eta literaturzale bihurtu den senarraren eta literatura maite eta futbolzale bihurtu den emaztearen historia kontatuz. Dohain berezia duen familia baten historia eman du Katixa Agirrek bere “Ez dadila baloirik sartu” (2018) ipuinean. Familia horren historia eta Athletic Cluben historia batera kontatzen ditu egileak lan horretan.

Beti oporretan, Harkaitz Cano
(Susa argitaletxea).

Aritz Gorrotxategik haurtzaroko nostalgia agertu zuen “Futbola iraganean gertatzen da” (2019), Niko protagonistaren haurtzaroko zaletasun garbia eta gaur eguneko futbol merkantilista alderatu zituen ipuinean. Harkaitz Canoren Zitagolak (2014) lana da agian, guztien artean ikuspegi berriena hartu duena. Idazleak gustuko duen abangoardia jarraituz, galdera bat jarri dio buruari: Zer gertatuko litzateke jokalariek elastikoaren azpian kide baten izena jarri ordez, idazle ezagun baten esaldi literarioa jarriko balute? Eta segitzen duenak ironiaren ateak zabaltzen ditu.

Apalagoak dira emaitzak beste genero batzuetan. Antzerkian adibidez, Karlos del Olmok  Mikel Pagadizabalek, Nagore Aranburuk eta Anartz Zuazuak idatzitako Jokoz kanpo lana aztertu du gorago aipatu dugun ikerketa liburuan. Saiakerak baditu egile aipagarriak, baina gazteleraz: Galder Reguera (Hijos del fútbol, 2017), edo Eduardo Rodrigálvarez  (Un soviético en la Catedral, 2014). Azken garaian ezagunena Ander Izagirre da zeren bere gaztelerazko Mi abuela y diez más lana (2016), euskaraz ere eman du:  Amona eta beste hamar (2018) Julen Gabiriak itzulia. Komikian ere egin da ahaleginik eta Unai Iturriagaren eta Alfonso Zapikoren Diamanteak, Urrea eta Ikatza plazaratu da.

Galder Regueraren zuzendaritzapean ari den Athletic Club Fundazioko “Letrak eta Futbola” ekimenak jokalarien autobiografiak ere bultzatu ditu. Eta horrela Ainhoa Tirapu atezain ohiaren  Bizitza eskukadaka liburuxka argitaratu du euskaraz Athletic Club Fundazioak. Gazteleraz, Óscar de Marcosen Togo eman zuten ezagutzera.

Harkaitz Canok aipatu dugun Zitagolak lana bukatzeko esaldi hau jarri zuen, argumentuak beharturik: “Geroztik, bereizi egin ziren haien bideak, eta literatura eta futbola, nor bere aldetik doaz”. Nobelatik, ipuingintzatik, antzerkitik, saiakeratik, komikitik eta autobiografiatik egin dugun ibilbideak bestelakoa erakutsi du, elkarturik egiten dutela letren bidea.

Jorge Valdanok Cuentos de fútbol (2005)  antologiaren hitzaurrean egin zuen gonbiteak oraindik bizirik dirau: “Futbola gustuko baduzu, galdu beldurra letrei, literatura maite baduzu, ez pentsa baloia objektu okerra denik”, intelektualen eta futbolzaleen arteko hesia hautsiz eta zubia eraikiz.


Eusko Jaurlaritza