
Gaiak
Laurogei urte Alava sarea zirpildu zutela
Aurten betetzen dira laurogei urte Alava sarea izenez ezagutzen den giza talde antolatua zirpildu, desegin zutela; izan ere, 1941eko urtarrilaren 12an bukatu zituzten Madrilgo Brigada politico-socialeko poliziek 1940ko abenduaren 20an Elizondon hasi eta Iruñea, Donostia, Bilbo eta Gasteizen egindako atxiloketak. Bitxia bada ere, atxilotu baino aste batzuk lehenago sarekideak beren zereginak aldi baterako bertan behera uztekoak ziren, zailtasun handiak baitzituzten mugitu ahal izateko. Asmoak asmo, 28 taldekide atxilotu zituzten egun horietan (guztira, 46 eraman zituzten) eta horietako 21 lagun 103.590 sumarioan prozesatu zituzten. 19 gizon-emakumeri heriotza zigorra eskatu zieten: Bittori Etxeberria, Delia Lauroba, Itziar Mujika, Teresa Verdes, Esteban Etxeberria, Agustin Ariztia, Julian Arregi, Ignazio Barriola, Luis Cánovas, Antonio Causo, José Damián Etxeberria (apaiza), Felix Ezkurdia, Rafael Gómez, Víctor González de Herrero, Rafael Goñi (apaiza), Felipe Oñatebia, Inocencio Tolaretxipi, Modesto Urbiola, eta hil zuten prozesatu bakarra, sareari izena eman zion Luis Álava Sautu, 1943ko maiatzaren 6ko goizaldean Madrilen fusilatu zuten 52 urteko Murgiako semea.
Sabino Arana Fundazioak 2019n argitaratu duen Red Álava 1936-1947. Ekinez osatutako elkartasun sarea. Red solidaria y de acción lan koralean du irakurleak sarearen gaineko informazio aberatsa: hamar atal, lau eranskin, argazki ugari eta bestelako dokumentazioa, baita aurretik argitaratutako lan ugariren erreferentzia ere. Luis Álava Sauturi eta prozesatutako gizasemeei buruzkoa ez ezik, bereziki jorratuta dago sarearen beraren sortzaileak eta garatzaileak izan ziren lau emakumeen lana: Bittori Etxeberria beratarraren, Itziar Mujika eta Delia Lauroba donostiarren eta Tere Verdes bilbotarrarena. Fernando Mikelarena historialari nafarra ere aipatu beharra dago, bere ikerketak direla medio, 2011tik aurrera zabaldu baitzen sumarioko dokumentazio osoa[1] erabili ahal izateko aukera, bai Eusko Jaurlaritzaren Barne Zerbitzuek egin zutena, (harrigarriki) alemanek Parisko Marceau hiribideko Jaurlaritzaren ordezkaritzan hartua, bai prozesuko gainerako dokumentazioa, polizien galdetegietan (torturak sufrituta (Barriola, 1978)) deklaratutakoa barne.
Sarearen sorrera guztiz lotuta dago 1937ko abuztuaren 25eko Santoñako itunarekin. Hurrengo hilean bertan, 1937ko irailean, hasi zen Euskal Herriko gizon eta emakume talde bat isilka lanean komunikazio sare garrantzitsu bat osatzen, bai giza beharrak −presoen, galtzaileen behar oinarrizkoak− bai erakunde politikoenak ase beharrean.
Eusko Jaurlaritzak Informazio eta Propaganda Zerbitzuaren bitartez Bittori Etxeberria militante abertzale elizondoarraren esku ipini zuen kartzelan eta kanpoan zirenen artean zubi lana egin ahal izateko baliabideak bilatzeko. Baztandarrak ari ziren ordurako Iparraldera ihes egin behar zutenei Nafarroako muga igarotzen laguntzen (F. Javier Landabururi barne). Bittori eta Esteban Etxeberria, Agustin eta Felícitas Ariztia, Timoteo Plaza baztandarren taldeak hauspotu eta Iparraldeko taldearekin batera (Lasarte, Mitxelena, Agesta…) Gipuzkoara, Bizkaira eta Arabara zabaldu zuten Alava sarea, leku batzuetan indar gehiagoz beste batzuetan baino.
Bittori Etxeberria, Delia Lauroba, Itziar Mujika eta Tere Verdes (gero atxilotu eta prozesatu zituzten) lau emakumeon gainean eratu zen sarearen bizkarrezurra. Lortu zuten laguntzaileak atxikitzea, nahiz lantegi horretan parte hartzeak bizitza arriskutan jartzea zekarren. Kartzelan senitartekoa edo laguna izateak eta hari lagundu nahi izateak bultzatuko zituen batzuk laguntzera. Militantzia politiko, sindikal, erlijiosoa ere egon zitekeen motibazioen oinarrian. Ez zaizkigu, ia seguru, laguntzaile guztien izen-deiturak iritsi, eta laguntzeko moduak ere egongo ziren —batzuek, beharbada, mandatu txikiak egingo zituzten, lantzean behin—, eta sarean zuzenean parte hartu gabe ere, sarekideon eguneroko bizitzaren euskarria ziren familia, lagunak, gertukoak ere eginkizun berean laguntzaileak izan ziren.
Kartzelan preso zirenak informazioa eta laguntza (jana, botikak…) premian ziren, fusilatzeko zorian zirenak batik bat. Hauen bizitzak salbatu nahian, agintari frankistengan nolabaiteko eragina izan zezaketen atzerriko pertsona ospetsu eta erakundeei informazioa helarazten zieten, sarekideen bitarteko lana zela medio. Presoak trukatu ahal izateko ere informazioa oso beharrezkoa zuten. Kartzela arteko komunikazioa ere bai. Baina, esan bezala, eta ez gutxiesteko modukoa delako, sareko kideek ez zuten beren lana mezularitzara eta presoei laguntzera mugatu.
Hil edo bizikoa zitzaien joan-etorriko komunikazioa erbestean zen Eusko Jaurlaritzari eta kartzelan ziren buruzagi politikoei (Juan Ajuriagerra, Ander Arzalus, Jesus Solaun, Luki Artetxe…). Eusko Jaurlaritzaren Baionako ordezkaritzak era askotako informazioa eskatzen zien sarekideei: politikoa, ekonomikoa, harresi militarren kokalekua…, baita espioitza lanak egiteko ere, esate baterako, portuetan, garraiobideetan. Alegia, sareko kideak gauza izan ziren inguruan jende multzo bat antolatuta, informazio zerbitzu baten pareko sare bat eratzeko, eta Eusko Jaurlaritzarentzat ez ezik, Frantziarentzat eta Erresuma Batuarentzat ere baliagarria izan zitekeen informazioa eskuratu eta kudeatzeko. Kanpotik kartzelarako norabidean ere informazio uhina garraiatu zuten: Villa Mimosaseko ordezkaritzan sortutako informazioa kartzeletan sartu zuten, Alava sarearen bitartez; Jesús M. Leizaolaren, F. Javier Landabururen, Manuel Irujoren, baita Agirre lehendakariaren testuak ere iritsi zitzaizkien buruzagi presoei.
“Alava sarea: hamaikaren arteko hamar kide ezinbesteko” atalean jaso genuen bezala (Perez Gaztelu & Alberro, 2019), hemen ere jasotzekoak dira ataka latz hura bere larruan bizi izan zuen Koldo Mitxelena errenteriarraren hitzak. Mitxelena Itxarkundia batailoiko gudaria zen eta, Eusko Gudarosteko gainerakoak bezala, Santoña inguruan italiarren esku geratu zen, Derion, 1938ko maiatzaren 28an fusilatu zuten Jose Azurmendi, Delia Laurobaren senarra bezala. Aipatzekoa da Delia Laurobak ezkutuko lanean jarraitu zuela, baita senarra hil ondoren ere.
Artikulu hau bukatzeko, hortaz, ez zaigu hitz egokiagorik bururatzen Koldo Mitxelenak Eugenio Ibarzabali sarearen gainean esandakoak baino:
Desde el primer momento se consideró esencial el montar un servicio de información. Cuando uno habla de esto, inmediatamente se piensa en la C.I.A., en James Bond y en el Coronel Ungría, y no piensa que también puede tener por objeto, como en este caso, suministrar información que pueda servir para posibles canjes y ayuda a presos y familiares.
Era un servicio humanitario, y muchos de nosotros vivimos gracias a ella; esta red permitió nuestro enlace con el exterior, y entre unas prisiones y otras. Hizo posible el saber cuándo y a quién; es decir, algo que a nosotros, y pese a que fuera un detalle insignificante dentro de la política mundial, nos afectaba bastante […]. Con la información que la red obtenía ocurría lo mismo. Tenía dos extremos que, si injustamente hay que personalizar, serían la dirección del P.N.V. en la cárcel -y Ajuriagerra como hombre destacado dentro de ella-, y la dirección del exterior: vascos y no vascos, vascos nacionalistas o no, P.N.V. o no. Nos unía la condición de presos antifranquistas.
La información fue excelente y la ayuda, sobre todo en Burgos, fundamental; muchos debemos la vida a esta red.
Quizá te parezca extraño, pero conocer las penas de muerte daba una falsa sensación de poder que ayudaba mucho, te dabas cuenta de que no estabas aislado. No podías hacer nada contra ello, pero te sentías respaldado: la gente del exterior trabajaba y no estabas solo.
Para que te des cuenta de lo bien que trabajó esta organización y del nivel que llegó a alcanzar, te diré que el Euzkadi Buru Batzar tenía semanalmente recortes de prensa francesa en la celda; pudimos seguir perfectamente el desarrollo de la guerra mundial desde el interior de la cárcel. Recuerdo la impresión que nos causó la entrada de los alemanes en el pasillo de Dantzig. (Ibarzabal, 1977, or. 108)
Aipatutako lanak:
Barriola, I. (1978). 19 condenados a muerte. Donostia: Ediciones Vascas.
Goiogana, I. (2019). Presentación. S. A. Fundazioa en, Red Álava 1936-1947. Ekinez osatutako elkartasun sarea. Red solidaria y de acción (or. 11-20). Bilbo: Sabino Arana Fundazioa.
Ibarzabal, E. (1977). Koldo Mitxelena. Donostia: Erein.
Perez Gaztelu, E., & Alberro, L. (2019). Alava sarea: hamaikaren arteko hamar kide ezinbesteko. Sabino Arana Fundazioa en, Red Álava 1936-1947. Ekinez osatutako elkartasun sarea. Red solidaria y de acción (or. 181-209). Bilbo: Sabino Arana Fundazioa.
Sabino Arana Fundazioa. (2019). Red Álava 1936-1947. Ekinez osatutako elkartasun sarea. Red solidaria y de acción. Bilbo: Sabino Arana Fundazioa.
[1] “La no utilización de los informes incautados y del resto del sumario por los historiadores hasta su localización por parte de Mikelarena se debió a que el acceso al depósito documental no fue público hasta que se abrió a los investigadores el Archivo Histórico General de Defensa, creado por el Real Decreto 1.674/2011, de 18 de noviembre de 2011”. (Goiogana, 2019, or. 17)