763 Zenbakia 2021-07-28 / 2021-09-22

Gaiak

Gipuzkoa antzinaroan: hizkuntzak eta eremu linguistikoak onomastikaren argitan

ZALDUA ETXABE, Luis Mari

1. Euskara Araba, Bizkai eta Gipuzkoara Antzinaroaren amaieran Nafarroatik heldu zelako teoria, alegia, erromatarrak iritsi zirenean arabarrak, bizkaitarrak nahiz giputzak euskal enborrekoa ez zen hizkuntza batean mintzatzen zirelako ustekizuna, ez da atzo goizeko ideia linguistikoa.

XX. gizaldiaren lehen erdian bi ikertzaile handik, Manuel Gómez-Moreno historialari granadarrak (idazkera iberiarra irakurtzea erdietsi zuenak) eta hizkuntzalari gipuzkoar batek, Gerhard Bähr-ek, bultzada garrantzitsua eman zioten, baina beste euskaldun bat, Arnaut Oihenart zuberotarra, izan zen hiru gizaldi lehenago euskara Probintziara eta ondoko herrialdeetara Erdi Aroaren hasmentan nafarrek ekarri zutela irizten aurrenetakoa.

Egun bizirik dirauen ustekizuna da. Izan ere, gaurko zenbait hizkuntzalariren aburuz, dagoen informazioa urria eta behin baino gehiagotan zalantzazkoa izan arren, ezagutzen den apurra aski da Gipuzkoako Antzinaroko hizkuntza arloko egoera zein zen jakiteko eta, kemen gehiagorekin edo gutxiagorekin, sasoi hartan latinaren aurreko mintzaira indoeuropar (zelta) bat gailentzen zelako hipotesia proposatzeko. Autore horietariko batzuk hizkuntza paleohispaniarretan ospe ona duten adituak dira, eta euren lanak zabalkunde handiko aldizkari eta liburuetan plazaratzen dituzte. Haatik, egungo euskalari entzutetsuenetariko asko (Gorrotxategi, Lakarra, Salaberri...) –eta Caro Baroja eta Mitxelena joan den gizaldian– ez datoz bat teoria horrekin eta uste dute erromatarren denboran euskaldunak hemen bizi ginela.


 

2. Harrian grabaturiko erromatar garaiko hiru idazkun azaldu dira gaurdaino Gipuzkoan: Oiartzunen, Zegaman eta Arrasaten. Aurrenekoak onomastika akitaniarrean agertzen diren osagaien kuntza duten elementuak dauzka zati batean. Bigarrenean irakur daitezkeen «onimo» guztiak, berriz, latinekoak dira. Hirugarrena euskal enborrekoa ez dirudien jainko bati eskainitako aldarea da.

Nafarroan kausitu den multzoarekin alderatuz gero, Gipuzkoan dagoen euskal sustraiko inskripzio sortatxoa hutsaren hurrengoa da; ez, ordea, Araban, Bizkaian, Lapurdin edota Zuberoan idorotako aztarna epigrafikoekin erkatzen bada, herrialde haietan ere urri baitira, oso, latinekoak edo hizkuntza zeltetakoak ez diren harrian grabaturiko izenak.

Oiartzun ingurutik landara epigrafian euskal kutsuko aztarnarik ez dagoenez gero, gaurko zenbait ikertzaileren iritzirako bi barruti zeudekeen Antzinaroan Gipuzkoan, bata euskalduna, lurralde txikia hartzen zuena (iparraldeko baskoien eragina zuena), bestea, lurralde handiena harrapatzen zuena, ez-euskalduna. Hain justu, antzinateko geografo eta historialariek aipaturiko toponimoetan oinarri hartuz, oldozten dute zati nagusian latinaren aurreko hizkuntza indoeuroparren bat gailentzen zela, eta ez euskal enborreko mintzaira.

Inskripzio gutxi batzuk eta lauzpabost toponimo (gehienak ilunkarak eta kokapen ezezagunekoak) dira erromatarren garaian Gipuzkoan bizi zirenak euskaldunak zirela zalantzan jartzeko argudio nagusiak. Epigrafiari bagagozkio, esan dugunez, hiru erakuskari besterik ez daude, beste hainbeste hizkuntzaren aztarnak dituzketenak eta lurraldearen periferian ediren direnak. Pentsatu izan da Gipuzkoan sumatzen den idazkun urritasunak erromanizazioaren eragin mugatuarekin zerikusia duela, baina bertako onomastika ondarean ikusten den deantroponimiko sortak ez du ideia horren alde hitz egiten. Bestalde, autore klasikoek aipaturiko balizko toki izen indoeuropar apurrek, etimo ilunekoak eta jatorri ezezagunekoak direnek, eremu txikia harrapatzen dute, eta ez Probintzia osoa, ez bada kostaldea.

Ez dut esaten nik, ezta esan nahi ere, Probintziak ondare indoeuroparra jaso ez zuenik. Harritzekoa alderantzizkoa litzateke, arrazoizkoena garaian garaiko kultura nagusiek arrastoa uztea baita, latinaren aztarna lekuko. Bistakoa da Gipuzkoak Mesetaren iparraldearekin hartu-emana izan zuela, baita hizkuntzaren arloan ere. Alabaina, gauza bat da hondoa eta bestea goiko aldea edo azala. Gipuzkoan, gaurko datuen argitan, jatorri indoeuroparreko mintzairen ekarpenak gaineko geruza ematen du, ez azpikoa, hau da, itxura batean badirudi Antzinaroan euskaldunak hemen bizi ginela eta gure hizkuntza (edo haren sustraia) ez zela hona gure aroaren lehen gizaldietan heldu.

3. Oiartzungo Belteso patronimoaren balizko data Nafarroan eta Araban ediren diren euskal ondareko erromatar garaiko teonimo batzuenarekin erkatuz gero –antroponimoen adinekin alderatuz gero agitu bezala– ez da antzematen zio agerikorik Antzinaroko euskal sustraiko Gipuzkoako epigrafia Nafarroakoa eta Arabakoa baino beranduagokoa dela sinesteko.

Barduliarrak, hobeki esanda, ipar-sortaldean bizi ez ziren giputzak zeltiberiarrak baziren, (Araban gertatu bezala) zergatik ez dago hizkuntza zeltiberiarrean grabaturiko idazkunik eta zergatik ez dago izenak emateko Mesetako gizataldeak zerabilen molde onomastikoaren arrastorik inskripzioetan?

4. Zuzeneko informazio gutxi dagoenean ez dago besterik: iturri zeharkakoak erabili behar dira. Gauza ezaguna da azterbide horretan toponimiak duen garrantzia eta egin dezakeen ekarpena. Garbi dago toponimia, zeharkako iturria den heinean, tresna lagungarria besterik ez dela iraganeko hizkuntzak ikertzeko, baina, ez da egia txikiagoa, erabakigarriak izan daitezkeen aurkikuntza berriak egin bitartean, ez dagoela beste baliabiderik, beste aukerarik.

Hain zuzen, gaurdaino iraun duten antzinako toki izenen artean badira batzuk idazkirik ez dagoen garaiak argitzeko informazio arras interesgarria eman dezaketenak; mailegu zaharretan jatorri dutenez ari naiz, neurri batean bederik, euskarara iritsi zirenean zuketen forma antzeman daitekeelako eta, gainera, hura, gutxi gorabehera, data batzuekin lot daitekeelako.

Euskal jatorkikoak ez diren zenbait leku izenen hizkuntza trataerak edo bilakaerak, –erromantzearekin bateraezina denak eta euskarak berezkoa edo barnekoa duenak– garbi samar adierazten du izendapen horiek sortu edo iritsi zirenean euskal enborreko hizkuntza gailentzen zela, alegia, biztanleria euskalduna zela, egun ditugun formak ezin direlako azaldu hasieratik bertatik euskal hiztunak egon ezean, -ama atzizki indoeuroparra duten (Arakama, Beizama, Zegama...) nahiz latinetiko deantroponimikoak diren (Getaria, Zestoa, Garikao...) toki izenak lekuko. Deizio horiek guztiek barruti zabal samarra hartzen dute Probintzian, eta ez, erromatar garaiko geografo eta historialariek ahotan harturikoek bezala, eremu txikia (kostaldea).

Inork ez daki, ordea, barduliarren eta baskoien esparruen arteko irudipenezko muga hori non zegoen, are gutxiago aspaldikoa edota finkoa zen ala ez. Hitz bitan, dauden datuen argitan ez dago arrazoi aski hizkuntzaz bestelakoak ziren bi Gipuzkoen hipotesiari eusteko.

5. Lergan euskararen lekukotasunak dituen Hegoaldeko aurreneko epigrafea azaldu zenetik gutxira, Mitxelenak (ohiko ironiarekin) esan zuen –nerabezaroko ilusio arrosak atzean utzirik– ez zuela amesten Orixe pagano baten poema edo Xenpelarren eta Basarriren aurreko patriarken bertsoak aurkitzearekin, baina izen indigena on batzuk dituen inskripzioren bat, kastako euskaldunenak izateko bakoitzak hatxe pare bat eraman beharko lituzketenak, ez zitzaiola gehiegi eskatzea iruditzen.

Aitortu beharra daukat, Errenteriako maisuak ez bezala, idatzita ez dauden harrien zale ere banaizela, historiaurreko egiturak osatzen dituztenena batez ere. Hark bezala, Probintzian hatxe pare bat dituen izen indigena on bat azalduko denaren itxaropen gutxi dut, ordea. Errazagoa da, beharbada, Flaviak, Fabioak eta Sempronioak baino ez agertzea, gure aurreko guraso zaharrek ez baitzuten atsegin moda kontuetan atzean geratzea.

Bien bitartean leku, jainko eta jende izen zaharrak aztertzen jarraitzea besterik ez dago, makurra (eta asko aldiz irristakorra) izan arren, hori delako antzinako populazioen hizkuntzak ezagutzen joateko bide bakarretakoa, bakarra ez esateagatik.

6. Buruenik, adeitasuna helarazi nahi diet Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Euskaltzaindiari liburuñoak argia ikus dezan, elkarlanean, egin duten ahaleginarengatik. Bat, ez da batera iristen; bi, bi eta erdi.


Eusko Jaurlaritza