752 Zenbakia 2020-07-15 / 2020-09-16

KOSMOpolita

Paulo Freire pedagogiaren haritik ezagueraren erromesa bihurtu nintzen

UGARTETXEA ARRIETA, Arantxa

Kolonbiako Barbosa herrian nengoelarik, nagusien alfabetatze ardura nire eskuetan nuela, Bogotako maisu bat iritsi zen herrira brasildar ospetsu baten pedagogia azaldu nahian. Hego Amerikan arrakasta zuen metodoa zela eta ezin hobea genbiltzan alfabetatze lanetarako sinetsi nahian, kurtso labur eta erakargarria egin nuen gaiari lotuta. Ovidio Rodriguez zen maisuaren izena.

Tabio (Kolonbia)herrian Octavio Rodriguezekin 2001ean.

Sakonki ukitua sentitu nintzen ikastaroaren zehar konturaturik zein garrantzizkoa zen nigan bizi zen hitz isila, edo hobeto ezan da isildua. Euskara hain zuzen. Ordurako, gaztelera eta euskara, nigan bizikidetzen ziren baina ez neurri berean praktikari zegokionez, euskararekiko militantziaren ezinbesteko giroan bizi nintzelako.

Metodoa, ez zela metodoa ordu arte eduki honi ematen nion erara konturatu nintzen, baizik  eta kontzientziatze sakonaren ahalegin ezinbesteko bat zela zegokidan hitz euskalduna berreskuratzearen bidean. Une hartan nire ardurapean nuen nekazari talde bat alfabetatze  nahian eta beraiekin saiatu nintzen pedagogia hau praktikatzen. Ordu arte inoiz ez bezala konturatu nintzen bakoitzaren hitzak nolako garrantzia zuen eta egon ezin bat sortu zitzaidan euskara bere osotasunean nireganatzeko.

Horrela gauzak, pedagogia honen babes bila abiatu nintzen. Jadanik ez zen metodo bat, bizipen bat baizik. Euskarako titulazioa lortu nuen ikastolan lana egiteko, pedagogia ikasketak egin nituen, baina ezin ase nenbilen Paulo Freireren burutapenak hobeto ezagutu nahian, iruditzen zitzaidalako beste hezkuntza planeta batetara eramango ninduela eta batez ere, behartsuak, analfabetoak, zapaltzaileak eta zapalduak partaide beharrezkoak zirela jakinduria munduan ez bagenuen nahi ezaguera bera kaskartu, kamustu, urritu, gutxitu, hitz batean errealitatetik kanpo eraiki. Hezkuntza eremuan gizatasun faltan geundela bakoitzaren hitza hegemonikoa bihurtu arte, argiago ikusten hasi nintzen.    

Kolonbiatik itzuliz gero bere liburu eta artikulu batzuk irakurtzen saiatu nintzen baina ez nekien zehazki zer gertatzen ari zitzaidan. Dena dela ni neu nahiko autoritarioa bihurtzen ninduen hezkuntza autoritariotik askatzaile batetara pasatzen ari nintzela sumatzen nuen gehiegi jakin gabe zertan ari nintzen eta lehenengo pausoa, nigan hausnartzen nituen autoritarismoak ezabatzen ahaleginduz hasi nintzen.

Laurogeigarren hamarkadan nire bizitzak Brasilgo São Paulora bideratu ninduen eta han aukera izan nuen Paulo Freire nahiko gertutik ezagutzeko.

São Pauloko Unibertsitate Katolikoan klaseak ematen zituen eta nik hau jakin ondoren unibertsitatera joatea eta bere aurren aurkeztea erabaki nuen.  Ikasgela aurrean zegoen iraganbidean itxoin nion eta nire izen abizenak esan ondoren, bere pedagogiaren miresle nintzela eta bera ezagutzeko gogoz nengoela, adierazi nion. Euskalduna nintzela esan nionean, gure herriko egoera ezagutzen zuela adierazi zidan eta nire gogoa ohore bat zela berarentzat. Euskaldun bezala,  berrogei eta zazpi ikasleen aurrean aurkeztu ninduen, eta nik gelara sartzeko gogoa nuela adieraziz ikasleei baimena eskatu zien. Era honetara denen onarpenarekin hasi nintzen gela hartako partaide izaten. Zeharo hunkiturik aurreko eserleku batean geratu nintzen gertatutakoa nireganatzen era lasai eta aberasgarrian, irakasle berezi baten aurrean eta ikaslez inguraturik. Denak ez ezagunak niretzat baina denak pedagogia berezi baten dastatzaile ezinbestekoak. Salbuespen zoragarria iruditzen zitzaidan gertatzen ari zitzaidana. Ordurako pedagogia ikasketak eginda nengoen baina dena ezezaguna  iruditzen zitzaidan.

São Pauloko Unibertsitate Katolikoan 1982an.

Paulo Freirerekin bizitutako klaseak askatzaileak ziren, norberaren hitzetik jakinduria unibertsalerako bidea egiten saiatzen ginen eta bide horretan irakaslea eta ikasleak ezinbestekoak ginela ezagutzaren eraikuntzan  dastatzera eramaten gintuen didaktika xamur eta sakon hark. Lan pertsonala egin behar genuen eta baita ere taldean. Batek bakoitzaren aurkikuntzak azpimarratzen zituen eta besteak ezagutza denon artean eraikitzen den zerbait dela esperimentatzera eramaten gintuen.  Gelako dinamika hartan une batzuetan bera gurekin zegoela ere ahantzi egiten genuen baina eztabaida sortzen zenean edo zerbait argiago ikusi behar genuenean gureganatzen zen zerbitzari gisara.

Egunkaria zuela eskuetan sartzen zen gelara. Zerrenda pasatzen zuen gutariko bakoitza hobeto ezagutzeko gogoz. Egunerokotasunetik hasita sentsibilitate pedagogikoaz eguneko gertakizunak irakurtzen saiatzen zen. Programak eta betebeharrak eguneroko mahaira ekartzen zituen. Horrela hasi nintzen ohartzen ikuspegi pedagogiko hartatik dena aztergai zela betebeharreko programa barru. Konturatzen hasi nintzen ez zela pedagogiaz estaltzen zen irakaslea gelara sartzeko baizik eta estalgarri berezi baten babespean bizi zen gizona.

Nire lehenengo lan pertsonala, nola sortu ziren ikastolak frankismo garaian, izan zen. Irakurri ondoren itzuli zidanean ezan zidan: Lan argia eta kritikoa, horrelako testuak zure herrian eta zure hizkuntzan idatzi behar zenituzke. Entzun nionean ezin sinetsirik geratu nintzen eta hurbiltasun profesionalaren poderioz errepikatu ziran esaldi ber bera. Nire euskalduntasuna, nire herria eta nire irakurketa pertsonala egiten ari zela sentitu nuen. Inoiz ez sentitutako baretasun lasaia eta seguritate pertsonalak bat egin zuten nigan.

Etxera iritsi nintzenean Joxerrari kontatu nion gertatutakoa eta berak  erantzun zidan: ba hasi zaitez egiten esan dizuna. Berak Argia aldizkaria jasotzen zuen eta erabaki nuen artikulutxo bat bidaltzea. Hurrengo Argian  nire testua irakurtzeko aukera izan genuen. Orduz gero eten gabe nabil, pedagogia honetan murgildurik eta idazteko gogoa eta nahia elkartzen direnean idatziz.

Urte hartako ikastaroa bukatzeko bezperan Paulo Freirek galdera bat bota zuen ikasgelan, zerbait hobeki sakontzea nahi bagenu goiza horretaz jardungo genuela adieraziz. Isiltasun osoa izan zen erantzuna eta orduan berak azaldu zuen Euskal Herrian ikastolei buruz gertatutakoaz sakondu nahi zuela eta gela osoaren baimenarekin eskatu ziran bere ondoan esertzeko bien artean ikastolen hezkuntzari buruz hitz egiteko. Nik hitz egiten nuen arabera, berak hezkuntza brasildarrari buruz hitz egiten zuen zenbait zehaztasun azpimarratuz. Goiz hartako sakontasun pedagogikoak hunkigarriak gertatu ziren niretzat eta hein berean brasildar hezkuntzaren zenbait ezaguera ez nekizkienak aintzakotzat hartzen hasi nintzen, nire buruari esaten nion une berean horrela izan beharko lukeela kultur ezberdinen integrazioaren bidea.    

Paulo Freireren etxean São Paulon 1986an. Elza hil ondoren.
Argazkia: Joxerra

Nire profesionaltasunak eta ikuspegi pertsonalak bi denbora ditu: Freire aurrekoa eta Freire ondorengoa. Ni naiz bietan baina ez naiz berdina. Horregatik alargundu nintzanean ulertu nuen ezin nuela niretzako bakarrik gorde bizitutako altxorra eta erromes gisara itzuli nintzen Kolonbiara eskertzera sor nien pedagogia honen hasiera. Bogotako eskolak, unibertsitateak, lagunarteak e.a. partekatu nituen kontatuz Paulo Freire ezagutzeko aukera izan nuela eta nolakoa zen gelan, etxean eta kalean, beti nire esperientziatik noski. Partekatze haiek gaur arte irauten dute.

Cheguei ao Chile de corpo inteiro. Paixão, saudade, tristeza, esperança, desejo, sonhos rasgados, mas não desfeitos, ofensas, saberes acumulados, nas tramas inúmeras vividas, disponibilidade à vida, temores, receios, dúvidas, vontade de viver e de amar. Esperança, sobre tudo. (Pedagogia da Esperança. Um reencontro com a Pedagogia do oprimido pg.35. Paz e Terra. São Paulo 1992. Brasil.

Txile izan da beste erromes lurra Sebastián Fuentealba irakaslearen eskutik. Herri honetan idatzi eta publikatu zuen Paulok “Pedagogía del oprimido” erbesteratutako urteetan, gazteleraz idatzia hain zuzen bere herrian portugaleraz ezin izanik. Liburu honen eskaintzak gaur arte sakonki baldintzatzen nauen zerbait da: A los desharrapados del mundo y a quienes, descubriéndose en ellos, con ellos sufren y con ellos luchan.


 

Brasilen baditu jarraitzaileak hitz eta idatzi egiten dutenak. Paulo Freire brasildar peto petoa zen. Joxerra eta ni Donostiara itzuli baino lehen bere liburua A IMPORTANCIA DO ATO DE LER em três artigos que se completam, euskaratzeko eskubidea eskatu nionean ez zigula kobratuko adierazi zidan eta UEUk ordainduz gero ustekabe eta hunkipenez betetako eskerrak agertu zizkidan.


 

1990ean IRAKURTZEKO EGINTZAREN GARRANTZIA elkar osatzen duten hiru idazkitan, Udako Euskal Unibertsitateak argitaratu zuen bere eskaintza honekin:

Que dizer aos leitores e leitoras possíveis deste livro, agora, para honra minha em Basco?

Uma coisa apenas: que espero, com ele, tão apaixonadamente escrito, testemunhar a minha certeza da importância da identidade cultural das classes sociais dominadas e das culturas, na sua luta em busca de sua libertação.

A busca da identidade cultural já é a própria luta pela liberdade.

Paulo Freire
São Paulo, 23-2-88

Que saudade professor!


Eusko Jaurlaritza