GOIENA komunikazio egitasmoa GOIENA komunikazio egitasmoa * Traducción al español del original en euskera Mikel Irizar Debagoiena eta komunikazioa Informazioaren gizartea Egitasmoaren ezaugarriak: Osotasuna Eskualdetasuna Oinarri sozialeko enpresa egitura Administrazioekin elkarlana Goiena eta Dolly Debagoiena eta komunikazioa Lehen Deba Garaia eta gaur Debagoiena den honetan, badira sei aldizkari eta gehigarri bat, bi irrati eta bi telebista, euskara hutsez dihardutenak. Hau da, eskualdeak dagoeneko sen berezia erakutsi du hurbileko komunikazioa euskaraz garatzeko. Aintzindari izan diren hedabideak hemen sortu izanak badu zerikusirik honetan, eta eskualdearen beste ezaugarri batzuk ere bai seguruenik. Luzeegi joko luke ordea zergatien azterketak eta, gero azalduko dudan bezala, ez du aurrera begira garrantzi berezirik. Labur, azken hamarkadan Debagoienean komunikazio zutabe sendoak sortu dira. Eta GOIENA egitasmoa zutabe horietan oinarritzen den egitura da, lehengoa sendotu, hobetu eta osatzera datorrena. Leiharik gabe eta elkarlanean. Ez dute alferrik egitasmoa sinatu goiko hedabide guztien sortzaile izan diren zazpi elkarteek. (AURKIBIDERA) Informazioaren gizartea Egitasmoaren sorreran diagnostiko bat egin da. Etorkizuneko mundua informazioarena da, airez edo kablez iritsiko zaizkigun iturriak ugaldu egingo dira, biderkatu, gaurko kopuruak barregarri uzteraino. Eta iturri berriak, orobat, euskara ez diren hizkuntzatan eta gureak ez diren kontutaz etorriko dira. Horrek ekar lezake, denboraren joanean, gure nortasun kolektiboaren ezaugarrien ahultzea, eta igoal ezabatzea. Desagertzear omen diren hizkuntza horietako bat da, agian, euskara... Litekeena bai, baina ez derrigorrezkoa. Gu, behintzat, arrisku horri aurre egiteko prest gaude, ahaleginaren faltan ez dugu kontzientzian zorrik nahi. Indarrak batuz eta baliabideak optimizatuz, posible ikusten dugu informazioaren gizartean gure hizkuntza eta nortasunari kopuruz nahikoa eta kalitatez duina izango den presentziaziurtatzea. (AURKIBIDERA) Egitasmoaren ezaugarriak Osotasuna Komunikazioaren arlo guztiak jorratu behar dira, hala tradizionalak prentsa, irratia eta telebista , nola berriak telematika . Multimedia antolaketa baliatuz, hurbileko komunikazioaren esparrua betetzea da helburua, hiritarren premiak asetzeko gai izatea. Eskualdetasuna Antzuola, Aramaio, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Gatzaga eta Oñatik osatutako eskualdea izango da jardun eremua. Antolaketarako neurri egokia da, eta baliabideak optimizatzeko aukera dakar. Hala ere, hedabide guztiak ez dira eskualdekoak izango, herrikoak ere egongo dira. Aldiz, jardun eremua eskualdea izango da baina hedapena nazionala izan daiteke, edo zabalagoa, sareak erabiliz. Oinarri sozialeko enpresa egitura Hedabideen jestioak enpresa moldeak eskatzen ditu, efizientzia lortuko bada, eta enpresa egitura posibleetan kooperatibarena aukeratu da. Kooperatibaren arduradun nagusiak oinarri sozialeko elkarteak izango dira, euskara elkarteak nagusiki, helburuak ziurtatze aldera. Elkarte sinatzaileen batzarrek egitasmoa onartu ondoren, GOIENAk bi mila herritar baino gehiagoren sostengua du. Administrazioekin elkarlana Orain artekoari eutsiz, eta helburuak interes orokorrari lotuak daudenez, administrazioak laguntzaile izango dira egitasmoa gauzatzerakoan. Eskainiko diren zerbitzuen truke, Udalek urtez urteko diru laguntzak emango dituzte, eta kooperatibaren bazkide izateko aukera izango dute. Aldundia eta Jaurlaritzaren artean, azpiegitura, lege eta plangintza kontuak bideratu beharko lituzkete. Dena den, GOIENAk ahalik eta autofinantziazio mailarik altuena lortu nahi du, diru iturri propioak landuz. Erreferentzia gisa, gaurko hedabideen autofinantziazioa % 50 etik gorakoa da, bataz beste. (AURKIBIDERA) Goiena eta Dolly Debagoieneko eredua lantzeko orduan, ez dugu irlarik egin nahi izan eta gurea marko orokorrago baten baitan kokatzen ahalegindu gara. Gipuzkoako Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari euskarazko komunikazioagaratzeko plan bat presta dezaten aholkatu diegu, eta gure laguntza eskaini. GOIENA sorrarazi duen diagnostikoan bat datoz, eta euskarazko hedabideak garatzeko premia guk bezain garbi ikusten dute. Kontua litzateke, GOIENA eltzea Debagoieneko sutan jartzea, nolakoa den probatzeko, eta egokia balitz, beste eskualde batzutan gisa bereko egitasmoak abiatzea. Klonatu? Ezinezkoa da. GOIENA ez da Dolly ardia. Baina eredua izan daiteke, margolari bakoitzak bere estiloa emanaz margotzen duen gorputz bilutsiaren antzera. Eta eredua batetik bestera eramangarria ez dela uste duenarentzat, bi hitz. Eskualdearen ezaugarri bereziak beharrezkoak izan badira egindakoa egiteko eta eredu berria sortzeko, ez litzateke gauza berezirik behar eredua beste eskualde batera egokitzeko. Zailtasun txikiagoak lituzke egokitzeak sortzeak baino, are txikiagoak, lan hori plan orokor baten baitan eta administrazioen aurretiko laguntzaz egiten bada. Erronka kilikagarria dugu aurrean. Bidean datorren uholdean ez gaitezen itto, jakingo al dugu lehiakidea eta laguna bereizten, eta asmatuko al dugu lagunak lankide bihurtzen! (AURKIBIDERA) Martxoaren 13an kaleratu zuen Goiena Komunikazio Zerbitzuak lehen fruitua, Goienkaria izeneko aldizkaria. Bertan, Espainiako Gorteetarako hauteskundeek Debagoienean utzitako emaitzak jasotzen ziren. Aldizkariaren 20.000 aleak doan banatu ziren, Debagoiena osatzen duten zortzi herrietan eta Aramaion. Mikel Irizar, GOIENAko bateratzailea Euskonews & Media 71.zbk (2000 / 3 / 17 24) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=denda&link=www.gara.net http://ikaskuntza.org/
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.