604 Zenbakia 2011-12-09 / 2011-12-16

Euskonews Gaztea

Gaiak: Santiago Ramon y Cajal

IRURETAGOYENA MARTÍN, Miren



Mediku, katedratiko eta idazlea, Petilla de Aragonen (Nafarroa) 1852ko martxoaren 1ean jaioa; bi urte eduki zituenera arte bertan bizi izan zen.

Gero Huescara aldatu zen, bere aita, goi–aragoar herritxo batzuetako medikua baizen. Zaragozan Medikuntza lizentziatura lortu zuen 1873an. Soldadutzan Kataluniara bidali zuten (guda karlista, 1873–74) eta Kubara (1874–75), bertan zela paludismoz gaixotuz. Zaragozara itzultzen da eta Unibertsitatean Anatomia eta Enbriologiaren ikasketari ekiten dio. 1877an Madrilen doktoretza lortzen du. Ramon y Cajal, lanean. Argazkia: Wikipedia

Bi urte geroago Zaragozako Unibertsitateko anatomia museoetako zuzendari izendatzen dute. Valentziako Unibertsitateko Anatomia Katedra lortzen du 1833an. Medikuntzari buruzko lan batzuk argitaratzen ditu. 1877an Bartzelonako Unibertsitatean Histologia katedra lortzen du eta baita Madrilekoan ere. Alemaniara doa. 1899an Alfontso XIIIaren Higiene Institutu Nazionalaren eraketa sustatzen du. Instrukzio Publikoko kontseilari izendatzen dute 1900ean. 1906an Medikuntzako Nobel saria ematen diote. Madrilen hil zen 1934an.

Bere histologia idatzirik garrantzitsuenak hauek dira: Gizonaren eta ornodunen Nerbio–sistemari buruzko Histologia lanaren bertsio zabalago bat (1879–1904); Ikerketa biologikoari buruzko aholku eta arauak (1897), Zientzia Zehatz, Fisiko eta Naturalen Errege Akademian sarrera ekitaldiko hitzaldia; Histologie du systéme nerveux de l’homme et des vertebrés (Paris, 1909–1911); Nerbio sistemaren endekapen eta birsorkuntzarekiko ikerketak (Madril, 1913–1914). Aipatu izenburuez gain, beste arlo batzuei ere heldu zien, honako hauek idatziz: Cuentos de vacaciones (1905), La fotografía de los colores (Madril, 1912), Charlas de café (1921), Recuerdos de mi vida (Madril, 1923), El mundo visto a los ochenta años (Madril, 1934). Bere literatura lan guztien bilduma Madrilen egin zen 1950ean.

Cajal Hizkuntzaren Errege Akademiako kide izan zen, Medikuntzako Errege Akademiakoa, Zientzia Zehatz, Fisiko eta Naturalekoa; Historia Naturaleko Espainiar Sozietatekoa; Madrileko Ateneoko Meritudun bazkidea, Mediko–kirurgia Akademia Espainiarreko kidea; bizitza guztirako senataria, Alfontso XIIaren gurutze handia, Ohorezko Legioko komendadorea, Zaragozako eta Madrileko seme bikain eta lehenetsia; Cambridge, Wurzburgo, Clark, Cristianía, Lovaina, Barcelona, Estrasburgo, Guatemala, Viena, Filadelfia, Paris, Santiago de Chile, Munich, Coimbra, Mexiko, Cadiz, Valladolid, Turin, eta Nueva Yorkeko Unibertsitateetako honoris causa doktorea...

Nazioarteko zientziari egin zion bere ekarpenik garrantzitsuena neuronaren teoriari buruzkoa izan zen. Lan hori burutzeko honako ikerketa sendo hauek egin zituen: lente kristalinoari buruzkoa, kartilagoaren egiturarena, eltxoen eta ornodunen muskulu–zuntza, mukosa batzuen epitelio–zelulen egitura, sustantzia grisean nerbio–zelulen lokarri eta morfologia zuzentzen dituzten legeena, sustrai sentsitiboen eta adarren goranzko eta beheranzko adarkatzeak, sustantzia zuriaren albo–harien luze eta laburrak, lobulu optikoko erretina–zuntzen amaierak, orno–muinaren alboetako zuntz txikia, ganglio sinpatikoen azterketa, zerebeloko garunen ardatz–zilindroa eta geruza molekularraren zunztxo paraleloekiko bere jarraipena, hasierako konoa, orno–muineko nerbio–zelulen lotura eta morfologia, ganglioak, zerebeloa, erretina, usaimen–bulboa, etab, etab.

Jatorriz aragoar lurretakoa, Petillan jaioa aitaren lanbideak baldintzatuta, Cajalek bere burua aragoartzat zeukan.

‹‹Santiago Ramon y Cajal, Auñamendi Eusko Entziklopedian››