Euskonews Gaztea
Gaiak: Boluntario izatea
Diruak markatzen du gure izana askotan. Diruagatik joaten gara lanera, diruagatik pasatzen ditugu orduak makina baten aurrean beti gauza bera eginez; ezen sosik eduki ezean jatekoa faltako zaigu, non lo egin ez dugu izango... Argazkia: CC BY — Eddi
Eta hainbeste ordu dirua irabaztera dedikatuta, geratzen zaigun denbora librea altxortzat dugu, eta kosta egiten zaigu besteekin konpartitzea. Zorionez, trukean dirua beharrean, esker ona eta egindakoagatik asebetetzea aski izaten da boluntariotzan diharduten milaka inurritxorentzako.
Euren asmo bakarra bizi diren jendarte horri zerbait eskaintzea da, eta ahal den neurrian, hobetzea, dela haurrekin lan eginez, edota ingurugiroa zainduz, etorkinekin arituz... Atzo eta gaur, beti egon dira ezinegon batek hartuta horrela jardutera animatu diren gizon eta emakumeak, heldu eta gazteak, denetarik topatzen dugu boluntariotzaren munduan. Modu iraunkor batetan dihardute batzuek, eta besteek aldiz, puntualki hartzen dute parte egitasmoetan.
Askotan kritikatzen da berekoi hutsa dela egungo gizabanakoa; baina denbora besteei eskaintzeko prest dauden milaka eta milaka pertsonek erakusten dute alternatiba egon badagoela. Edozein izan gaitezke boluntario. Zerk motibatzen gaituen begiratu behar dugu, zein esparrutan izan daitekeen baliagarria gure esperientzia, eta diruarenari barik, solidaritatearen deiari erantzutea besterik ez dugu egin behar.