600 Zenbakia 2011-11-11 / 2011-11-18

Euskonews Gaztea

Gaiak: Polixene Trabudua

ESTORNÉS ZUBIZARRETA, Idoia



Euskal hizlari abertzale ospetsua, Sondikan (Bizkaia) 1912an jaio zen. Polixene, eskuinean.

Ia gaztelerarik ez zekien sendi apal eta karlista baten baitan jaioa. Bere gaztaroan “margarita” izan zen baina Jose Mandaluniz Athleticeko jokalari eta bere senargaia izan zenaren eraginez, Bilboko batzoki giroan sartuz joan zen. Campionen Pedro Mari idazlanagatik erabat txundituta gelditu zen, “bere benetako Aberria zein zen” erakutsarazi zion lana izan baitzen.

Lanbidez Irakaslea, Lauaxeta olerkariaren eraginez bere jaioterriko eskolan euskara sartu zuen. Emakume Abertzale Batzako alderdikide bezala bere lehendabiziko mitina 1931n eman zuen Urdu?an; II. Errepublikako gazte abertzale militanteen artean segituan nabarmendu zen. Espetxeratuta egon zen 1933ko urtarrileko 15 egunetan zehar, beste emakume batzuekin batera Espainia iraintzeagatik salatua. Bere askapen egunaren ondorengo egunetan atxilotutakoen ohorez Euskal Amari egindako omenaldian parte hartu zuen. Urte horretako apirilean Alcala Zamora presidentearen bisitaldiaren aurkako “emakumeen” agerraldian parte hartu zuen asaltoko guardiek kolpatuta izanik. Urte berean ezkondu zen eta EAJko ahaldun izendatua izateko boto gutxi falta zitzaizkion.

EAJko muturreko taldea (Yagi–Yagi) 1933–1934an banandu zenean Trabuduak banandutakoekin lankidetzan jardun zuen alderdiaren politika autonomistaren aurka, burujabetasun sutsu eta bizia erakutsiz. Gudak eztanda egin zuenean seme bi zituen eta haurdun zegoen. Gudan zehar Mendigoxaleen Elkartera atxikitako Aberri Emakume Batzako kidea izan zen. Hamabost urtez erbesteratuta egon zen Suitzan eta Parisen eta segidan Venezuelara joan zen bere senarrak futbolari bezala eta berak irakasle bezala ogibidea aurkituz. Maracaibon, euren egoitza berria kokatu eta bertako espetxe ospetsuko presoei doanik klaseak eman zizkien. Maracuchoei maitasuna hartuta, espetxe–lizeoa sortzen du.

Bere senarra hil zenean eta bere semeak euren aldetik joan zirenean, 1990ean Donibane Garazira joan zen bizi izatera bere semerik gazteenarekin. Zuliako Unibertsitateak eta Sabino Arana Fundazioak Amamaren artikuluak izenburupean Venezuelako “Panorama” egunkarian argitaratutako idatzien bilduma kaleratu zuten 1992.

Trabuduak, gizabide handiko emakumea, atzerriratuak “inongo ez direla” adierazi zuen, euren herrian daudenean atzerria etsipenez oroitzen dutelako eta erbestean daudenean berriz, lehendabizikora itzuli nahi dutelako.

Polixene Trabudua 2004ko apirilean hil zen.

‹‹Polixene Trabudua , Auñamendi Eusko Entziklopedian››