Euskonews Gaztea
Gaiak: Lagun min hori
Banekien noiz zeunden pozik, eta noiz haserre; negar egin nahi zenuen edo aldiz, ahoak erakutsi ez arren, irribarrez ari zinen atzemateko gai nintzen. Denbora ugari pasatu dugu elkarrekin, eta hortxe horren ongi ezagutzearen gakoa.
Goizean gelako mahaitxoko tiradera irekita, topatu dut argazki ederra eta horrexegatik ari natzaizu idazten, bihotz–bihotzez, horren urruti zauden honetan. Aspaldi hartu zenuen azken trena, edo hala iruditzen zait niri behintzat. Bizitzak ihes egin zizun udazkeneko ostiral hartan, eta zurekin eraman zenituen ingurukoon bihotz zatiak. Lapur galanta zu.
Nola egiten zenuen ere ez dakit, zure presentzia hutsarekin gure bizitzak alaitzeko. Egun txarretan ezer esan gabe, ohean alboan etzaten zinen beharrezko nuen denbora guztian. Parketik paseatzea gustuko genuen, bata bestearen aldamenean harro, jakinik laguntasun bikain baten ispilu ginela, eta jendearen inbidia pizten genuela.
Eta egun batetik bestera aldendu zinen, zorigaiztoko istripu hartan. Adio esaterik ere ez nuen eduki, eta denbora luzean hutsune galantarekin bizitzera ohitu nintzen. Gaur topatu dudan argazkia begiratzean, zure ile beltz eta luzea nola orrazten nuen gogoan dut, ez zinen beti uzten, baina tira. Inauteritan hartu zigun amak, pailazoz jantzita ni, eta zu... Nire lagunik fidelena, munduko txakurrik lirainena, nire ileordea burutik kentzen.
Aio laguna, betira arte!