Liburutegi, artxibategi eta dokumentazio zentruak: ikuspegi berri bat Liburutegi, artxibategi eta dokumentazio zentroak: ikuspegi berri bat *Traducción al español del original en euskera Iurdana Akasuso Egun, munduan zehar nagusitzen ari den eredua, informazioaren gizartearena da. Horrelako gizarte batean, bai liburutegi, bai artxibategi eta baita dokumentazio zentruek ere garrantzizko tokia bete beharko lukete, informazio guneak baitira. Baina errealitateak kontrakoa adierazten du: 70ko hamarkadatik hona erakunde hauen krisialdia ematen ari da. Krisialdi honen oinarrian erabilpen arazoak daude. Azken aldi honetan informazio kopurua izugarri hazi da baina dokumentazio zentruak ez dira egoera berri horretara egokitu. Baliabide ekonomikoak gero eta urriagoak dira, ez dago zentruen arteko koordinaziorik eta jadanik ez dago informazioaren monopolioa erakunde hauen eskuetan. Orain arte dokumentazio zentruak informazioaren gordelekutzat izan ditugu, baina egungo gizarteak zentru hauek beste izaera bat izan dezatela eskatzen du: gorderik duten informazio hori erabiltzaileei igorri behar diete. Igorpen honetan elementurik garrantzitsuena ez da dokumentua bera izango, bezeroa baizik. Zerbitzu publiko bat den deurrian, bezeroa izango da liburutegi eta artxibategietako helburua eta horretarako orain arte indarrean egon den lan egiteko era aldatu egin behar da. Zerbitzu pertsonalizatuak eskeini behar dituzte eta honek elkarlanaren beharra sortarazten du, kontsultatutako zentruak informazio zehatz bat ez duenean bere bezeroaren eskaria asetzeko beste informazio iturrietara jo beharko du eta. Teknologia berriak ere bete betean sartu dira informazioaren munduan. Ordenagailua lan egiteko tresna arrunta dugu eta erabiltzaileek gero eta kopuru handiago batean Internet era jotzen dute informazio bila. Teknologia hauen aplikazioa dokumentazio zentruetan funtsezkoa da. Burutu beharreko ekintza batzuk hauek izan daitezke: Fondoen informatizazio bateratua egin beharko litzateke EuskalHerri guztiko liburutegi eta artxibategietako edukien katalogoa egin ahal izateko. Datu baseak sortu behar dira. Material ezberdinen tratamendu homogeneo bat lortu behar da. Internet bidez fondoen kontsultak egiteko aukera ahalbideratu behar da. Erakunde guztiak Euskal Herri mailako komunikazio sare baten barnean egon beharko lirateke. Teknologia berri hauen aplikazioak ahalegin berezia eskatzen du bai erakunde eta baita instituzioen partetik, horrelako azpiegitura informatizatua lortzeko inbertsio garrantzitsuak eskatzen baitira, baina aldi berean, dokumentazio zentruetako langileak, bezeroak ahalik eta hoberen zerbitzatzeko, lan baldintza berri hauetan hezi eta prestatu behar direlako. Fondoen tratamenduari dagokionez, egin behar den aldaketa garrantzitsua da, baina erabiltzaileen aurrean liburutegietako eta artxibategietako langileek izan behar duten jarrera ere ezberdina izan behar da eredu berri honetan. Orain arte eskaini duten zerbitzu garrantzitsuena dokumentuen mailegua izan da, baina orain bezeroei eman behar zaien harrera, orientazioa eta informazioak ere zerbitzu integralaren zati izan behar dute. Horretarako, bezeroentzat zuzenduriko formazio programak antolatu beharko dira. Bezeroei dagokienez, agian erakunde hauek landu beharko luketen punturik interesgarriena, ume eta gazteekin zerikusia duten ekintzak dira. Liburutegietara jotzen dutenak normalean pertsona helduak dira, baina ume eta gazteak ohitura honetan hezi ezean, nekez hurbilduko dira liburutegietara nagusi egiten direnean. Zentzu honetan, leku hauek duten itxura serio eta irmoa apurtu egin behar da, umeak modu lasai eta zabal batean hurbil daitezen. Liburutegiek ahalegin berezia egin beharko dute umeei zuzenduriko prestakuntza eta animazio programak prestatzen. Ludotekak, ipuin kontaketak, antzezpenak edo ta eskoletatik antolatutako ikustaldi gidatuak izan daitezke tresna baliogarriak helburu hori lortzeko. Aldaketa guzti hauen bitartez azken finean lortu nahi dena zera da: dokumentaziozentru, artxibategi eta liburutegiei izaera berri bat ematea. Izaera berri honen oinarrian bezeroei zuzenduriko zerbitzu integralaren eskeintza dagoelarik. Iurdana Akasuso, soziologoa
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.