Joana Albret bibliotekonomia mintegia Joana Albret bibliotekonomia mintegia *Traducción al español del original en euskera Pruden Garzia Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia kezka batek eraginda sortzen da: euskararena. Hori da bere izatearen funtsa eta ardatza. Jakina, askoz ere modu zehatzago baten beste honela ere adieraz daiteke: gaur egun, bibliotekari eta dokumentalista euskaldunek ez dugu inolako modurik gure eguneroko lana euskaraz egiteko normaltasunez. Eta 1998an gaude. Alegia, hogei urte pasatu dira euskararen koofizialtasuna legeztatu zenetik, eta bibliotekonomiari dagokionez, ia ia orduan bezala gaude. Zer egin? Erabakirik garrantzitsuena elkarrengana biltzea izan zen, mintegi bat sortuz gure arazoei buruz hitzegiteko eta irtenbideak lantzeko. Hori dela eta, hamalau bibliotekari eta dokumentalistek oinarri batzuk idatzi genituen, eta jendeaurrean aurkeztu, Durangoko Liburu eta Diska Azokan. Behean duzuen lehenengo dokumentua da. Hortaz gain, hilero bildu izan gara Donostian, gure lana bi ardatzetan banatu dugularik: lan teorikoa, Euskal Herriko biblioteka, artxibo eta dokumentazio zentruen egoerari buruz, eta lan praktikoa, euskarazko terminologia baliagarri bat adosteko guztion artean. Lehen ardatzean, partaideak eginiko zenbait txosten eztabaidatu dira: emaitza nagusia Euskal Biblioteka Nazionala behar dugu izeneko adierazpena izan da, komunikabideei zabaldu zitzaiena (behean duzue osorik). Bigarren ardatzean, bi termino zerrenda onartu dira: liburuaren deskribapen fisikoari buruzkoa eta ohar katalografikoei buruzkoa. Hogeita zortzi lagunek harte zuten parte gure lanetan. Heldu den urtean ere bi ildo horietan lan egiteko asmoa dugu, eta espero dugu lagun gehiago hurbilduko dela. Pruden Garzia, Azkue Bibliotekako Zuzendaria Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiko kidea 1. eranskina: OINARRIAK Donostia, 97ko Urriaren 2a. Sinatzaileok Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia sortzea erabakitzen dugu. Hauexek dira Mintegiaren oinarriak: Helburua: Euskararenerabilera normaltzea Euskal Herriko biblioteka eta dokumentazio zentruetan, maila guztietan baina bereziki katalogazioari dagokionez. Eginkizunak: Hauexek izango dira Mintegiaren eginkizun nagusiak: 1. Euskal Herriko bibliotekari eta dokumentalisten bilgune eta gogoetarako plataforma izan. 2. Euskararen egoera eta arazoei buruz informazioa jaso, aztertu, arazo nagusiak diagnostikatu eta soluzioak proposatu eta landu. 3. Bereziki katalogazioari buruzko arazo teknikoak aztertu eta soluzioak proposatu eta landu. 4. Herri Aginteekin harremanak izan, elkarlaguntza jator baten bitartez arazoak ezagutarazi eta proposamenak bideratzeko. 5. Gizarte mailan biblioteka eta dokumentazio zentruen ezagutza bultzatu, bereziki euskararekin lotutako arazoei dagokienez. Partaideak: Edozein bibliotekari edo dokumentalista, euskarak biblioteka eta dokumentazio zentruetan duen arazoekin interesatuta dagoena. Bilerak: Mintegia hilean behin bilduko da, hilaren lehen ostegunean hain zuzen ere, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. 2.eranskina: EUSKAL BIBLIOTEKA NAZIONALA BEHAR DUGU JOANA ALBRET BIBLIOTEKONOMIA MINTEGIAREN ADIERAZPENA Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiko partaideok, urtealdi honen amaieran, honako hau adierazi nahi dugu: 1. Euskal Herriko biblioteka, dokumentazio zentru eta artxiboen egoera, orohar, kezkagarria da: arazo eta gabezia haundiak daude. Bereziki euskararen estatus eta erabilerari dagokionez, egoera biziki txarra da. 2. Alor horren arazo eta gabeziei aurre egiteko politika aktiboago eta eraginkorrago bat eskatzen dugu. Orobat, euskal erkidegoetan horretarako legeak egitea. 3. Euskal Biblioteka Nazional bat eskatzen dugu, alegia, Euskal Herri osoko biblioteken arteko lotura eta koordinazioa bideratuko lukeen biblioteka. Herri Aginteei eskatzen diegu lehenbailehen beherrazkoak diren elkarrizketak eta gestioak egin dezaten proiektu historiko hori abiarazteko. 4. Bereziki, euskarak pairatzen duen bazterkeriari konponbidea emateak lehentasun osoa beharko luke izan.Euskal Agentzia Katalografiko bat eskatzen dugu alor honetako arazoak bideratzeko. Adierazpen hau euskal herritar orori zuzendua da, eta prentsaren bidez zabalduko da. Kontuan izanik Euskal Autonomia Erkidegoan laster hauteskundeak izango direla, dei berezi bat egiten diegu erkidego honetako alderdi politiko guztiei gure eskaerak aintzat har dezaten.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.