6 Zenbakia 1998-10-16 / 1998-10-23

Gaiak

Euskal katalogo baten bila... ABK egitasmoa

ARANA, Kristina

Euskal katalogo baten bila... ABK egitasmoa Euskal katalogo baten bila... ABK egitasmoa *Traducción al español del original en euskera Kristina Arana 1995. urtean eta herri aginteekin sinatu zuen hitzarmen baten bidez hasi zen Euskaltzaindiko AZKUE BIBLIOTEKAko ondarearen katalogazio prozesua. Katalogoa egiten hasi ginen unetik bertatik, oso garbi zegoen katalogoak, hasierako fasean bederen, elebakarra behar zuela izan, hau da, euskara hutsean. Oinarri hori finkatzea ezinbestekoa zen etorkizunean katalogo elebidun, edo hobeto esanda, eleaniztun bat, diseinatzeko Gaur egun ez dago nik dakidala, euskara hutsean egindako tamaina honetako beste katalogorik, nahiz eta hainbat biblioteka bide hori jorratzen ahalegintzen ari den; hor ditugu, besteak beste, HABEko Biblioteka, Bertsolari Elkartekoa, SHEE IVEFekoa eta beste hainbat ere. Baina Euskaltzaindiaren egitasmoaren ezaugarrriak eta helburuak zabalagoak eta osoagoak direla esan dezakegu Hortxe kokatu behar dugu, bada, egiten ari garen lana, Azkue Bibliotekako Katalogoa, ABK egitasmoa. Gure eguneroko lanari buruz zerbait esatekotan, bi arazo nagusi nabarmenduko nituzke: alde batetik, esan gabe doa diru aldetik garestiagoa dela euskara hutsean egin beharreko katalogoa, eta beste alde batetik, halako kontuetan aintzadariak izanik, aurre egin behar izaten diogu ea egunero egunero hainbat arazo teknikori. Diru arazoari buruz, bi hitz besterik ez. Gaur egun, erregistro bibliografiko bakoitza euskaraz katalogatzea garestiagoa da, zeren eta aldaketa eta zuzenketa gehiago egin behar baita. Alegia, edozein hizkuntzatan katalogatzen dugula ere, hainbat zuzenketa bibliografiko edo bibliotekonomiko egin behar dira, baina euskararen kasuan, horiei zuzenketa linguistikoak gehitu behar zaizkio. Horrek dirutan duen isla nabarmena da: egunero katalogatzaile bakoitzak hogei bat dokumentu katalogatu beharrean, hamabost bat katalogatzen ditu. Kostu hori guztia Euskaltzaindiak onartu eta bereganatu zuen, eta gaur egun 8.000 dokumentu katalogatzendira urtean barrena. Diru kontuak alde batera utzita, ikus dezagun zertan datzan arestian aipatu ditugun arazo teknikoak, ekonomikoak baino larriagoak dira eta . Hasieran esan dugun moduan, Azkue Bibliotekako Katakologoa (ABK) euskal proiektu bat da eta jakina, euskal proiektua izango bada hala edo nola konpondu beharko ditu aipatutako arazo linguistikoak, eta hain zuzen ere hortxe dago koxka, nola konpondu arazook? Euskaltzaindiak, beste egitasmo haundi batzuetan bezala (Orotariko Euskal Hiztegia (OEH), Euskal Herriko Hizkuntz Atlasa (EHHA), ... eta abar ), Azkue Bibliotekako Katalogoa (ABK) koordinatzea eta garatzea batzorde baten esku jarri du. Gure katalogoak sortzen dituen beharrei aurre egiteko Bibliotekako Batzordea dugu, baina badira beste zenbait batzorde ere, proiektuan laguntzen dutenak: Onomastika Batzordea, Hiztegi Batua Batzordea eta Literatura Ikerketa azpibatzordea, besteak beste Bibliotekako Batzordean orain arteko egin duen lanaren hari nagusiak hauek dira: Batetik, euskaraz katalogatzeko hamar erregela arautu ditu, eta denak oso garrantzitsuak izan arren, bat aipatzekotan, "Euskal Herriko historiari buruzko erregela" nabarmenduko nuke, zeren bertan finkantzen baitira euskal historiaren osotasuna kontuan hartuz, Euskal Herriko historiari buruzko liburuak sailkatzeko erabili behar ditugun gai sarrera guztiak Esate baterako, "El carlismo alavés y la guerra civil de 1870 1876" izenburua ez dugu katalogatuko "Espainia Historia 1873 1876 (Karlisten Gerra)" gai sarreran, ezpada "Euskal Herria Historia 1872 1876" (Karlisten II.Gerra) eta "Araba Historia 1462 1876 (Foruen Aroa) sarreretan. Era berean Azkue Bibliotekako katalogoan , "Bayonne et le Pays Basque au temps de la Revolution" monografia , "Euskal Herria Historia 1789 1815 (Iraultza eta Inperioa)" atalean bilatu beharko duzue, eta ez "Frantzia Historia 1789 1799 (Iraultza)" izenekoan. Bide honi jarraituz, momentu honetan Bibliotekako Batzordea munduko literaturak, eta bereziki euskal literatura sailkatzekobehar diren erregelak lantzen ari da Bestetik, esan dugunez, deskribapen bibliografikorako erabiltzen ditugun tresnak (ISBD, RRCC, Gai zerrendak...eta abar.) hizkuntza desberdinetan daude. Hau da, euskarazko tresna baliogarririk ezean, hainbat hizkuntzetan (gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez, ...eta abar) dauden materialak erabili behar ditugu.Hutsune hau bete nahiean Bibliotekako Batzordeak, mota desberdinetako 1600 euskarazko termino onartu ditu. Horrela, adibidez, Sevillako Unibertsitateko "Encabezamientos de materias de la Universidad de Sevilla" gai zerrenda eleaniztuna (gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez baitago), euskarazko terminoekin osatu eta egokitu dugu. Baita ere, edozein dokumentu katalogatzeko behar ditugun terminologia arruntena , esaterako, "orrialdea = página", "orrialdeztapen bikoiztua = paginación duplicada", "orrieldeen birzenbaketa = páginas también numeradas", ... ; edota liburu zaharrak sailkatzeko behar diren ohar zailagoak, "encuadernado con dos hojas no pertenecientes al ejemplar = aleari ez dagozkion bi orrialdez azaleztatua", ... Eta azkenik, sarrera nagusiak edo autoritateak, hauek ere, mota desberdinetakoak direlarik: sarrera pertsonala denean, "Francisco de Asís, Santo = Frantzisko Asiskoa, Santua", edo sarrera erakunde bat denean "Iglesia Catolica. Papa (1958 1963:Juan XXIII) = Eliza Katolikoa. Aita Santua (1958 1963:Juan XXIII.a") edo izenburu hautatu bat, "Biblia. A.T. Génesis = Biblia. I. Z. Hasiera" edota sarrera nagusia gaia denean "Iglesia y problemas sociales Euskal Herria = Eglise et problèmes sociaux Euskal Herria = Churh and social problems Euskal Herria = Eliza eta gizarte arazoak Euskal Herria". Beraz, ikus dezakezuenez, hasi besterik ez gara egin, eta aurretik duguna bide luzea eta malkartsua izango da zalantzarik gabe, baina, agian, pausurik zail eta garrantzitsuena eman dugu, mahai gainean jarri dugulako euskaraz katalogatzeak dakartzan arazo behinenak zeintzuk diren, eta orobat mahai gainean jarri dugulakohorientzako irtenbiderik aproposenak zeintzuk izan daitezkeen bizi dugun errealitatea eta ditugun mugak ikusi eta onartuta. Kristina Arana Bareño, Azkue Bibliotekako Katalogazio Arduraduna Euskaltzaindia