598 Zenbakia 2011-10-28 / 2011-11-04

Euskonews Gaztea

Gaiak: Joannes Leizarraga

AROZAMENA AYALA, Ainhoa



Beskoitzen (Lapurdi) 1506an jaiotako euskal idazlea.

Lapurdin kokatuta badago ere, 1506 aldean Behe Nafarroako hizkera hitz egiten zen Beskoitzen. Juana Albret Nafarroako erregina protagonista zela jazotako gertakariak garatu zirenean ziur aski apaiza izango zen Leizarraga. 1559an uko egin zion fede katolikoari eta Kalbinismoan murgildu zen. Leizarragaren omenezko hilarria.

Pauen 1564an sinodo kalbinista bat ospatu zen. Han, euskal lurretan protestantismoa sartzeko gogoz hartutako neurrien artean, Itun Berria euskarara itzultzea adostu zen. Leizarraga apaiza aukeratu zuten eginkizun horretarako, dena den, ez zitzaion itzulpena nahieran moldatzen utzi, izan ere, aldi berean lau ministro kalbinistek osatzen zuten batzorde bat eratu zen, aipatutako lanaren berrikusketa eta jarraipena egiteko. Horietako bi zuberotarrak ziren eta, Jean d’Etcheberry edo La Rive (“le Petit Basque” izenez ere ezaguna) lapurtarra zen, Donibane Lohitzunekoa.

Itun Berriko hitzaurreari so, badakigu etsaiaren atzaparretan gatibu izan zela, baina ez da xehetasun gehiagorik ematen. 1567tik aurrera, Leizarragak Labastide–Clairance herrian lan egin zuen ministro kalbinista modura. Herri horretan antzina gaskoien familiak finkatu ziren, ondorioz, herriak kutsu mistoa zuen eta gaskoiak gehiago ziren euskaldunak baino, baita hizkuntzari dagokionez ere.

Hiru liburuk (itzulpenak denak) osatzen dute Leizarraga edo Lizarragak (bi modutara irakur daiteke, baita Lissarague ere frantsesezko testuetan) utzitako idatzitako lana:

1. Iesus Christgvre Javnaren Testamentv Berria. Vulgataren itzulpena da. Leizarragak euskara herrikoia erabili zuen eginkizun horretarako. Inprentako oharrean honakoa irakur daiteke: “Rochelan. Pierre Hautin Imprimiça le”. 2. Abc edo Christinoen instructionea. Kristautasunaren kristau–ikasbide edo alfabetoa da. 3. Kalendrera. Egutegi horren helburua Pazko eguna eta egutegietako bestelako data tradizionalak zehaztea da.

Hiru liburuak La Rochellen inprimatu ziren 1571n. Orduan esan zen bezalaxe, Juana de Albret erreginaren Kontseiluak agindu, ordaindu eta finantzatutako lana izan zen. Lan horren helburua euskal lurraldeetan doktrina berriak hedatzea zen, izan ere, protestantismoak oraindik indar gutxi zuen bertan. Leizarragak euskalkiaren arazoarekin topo egin eta ahal izan zuen modurik onenean ebatzi zuen. “Heuscalduney” izenburuko itzulpenaren aitzinsolasean, oraindik inork konpondu gabeko arazo bat planteatzen du, euskararen batasunaren arazoa, alegia. Gehienbat lapurtarrean oinarritu bazen ere, behe nafarrera eta zuberera ez zituen alde batera utzi. Bere dohainei esker, helburua arrakastaz bete zuen eta, hizkuntza erraza eta landua baliatu zuen, nolabaiteko ukitu literarioa ere bazuena. Latinetik hartutako maileguek prosa apur bat zatartzen badute ere, hizkuntza trebetasunez eta maisutasunez erabiltzeko gaitasuna gailentzen da. Horrenbestez, bere lana etorkizuneko euskal idazleentzat eredu bilakatu zen.

Ez dugu Joannes de Leizarragaren bizitzari buruzko xehetasun gehiagorik, 1601ean Bastidako bere parrokian hil zela eta L’Antique goitizenez ezagutzen zutela, besterik ez.

‹‹Joannes Leizarraga, Auñamendi Eusko Entziklopedian››