594 Zenbakia 2011-09-30 / 2011-10-07

Euskonews Gaztea

Gaiak: Amets eginez, etorkizuna eraikiz

AZKARRAGA, Koldo



Ameslari izateak horixe dauka, askatasunez erabili daitekeela irudimena. Begiak irekita edota itxita dituzula, zure neuronetatik —eta bestetan, bihotz barrenetik— jaiotako ideietan edozer izan zintezke, edo eraikin zatarrak mendi eder bilaka ditzakezu, hegan egiten duzula imajinatu...

Denbora pasa hutsez edota errealitatetik ihes egin nahiak bultzatu zaitzake ameslari handia izatera. Eta ez da txarra, nahiz eta zenbaitzuek esango dizuten ea noiz lur hartu eta egin behar diozun aurre errealitateari. Guzti horiek, inbidia dutela pentsatuko duzu agian, aspaldi utzi ziotela amesgile izateari; eta ez zaizu arrazoirik faltako, ziurrenik.

Aurrera egiteko imajinatzea besterik ez zaigu geratzen. Afrikatik indarrez ateratako esklaboak aske izatera irits zezakeela pentsatzen zuen kotoi zelaietan bortxaz lan eginarazten ziotenean, seguru! Edo, oraino norbaitek pentsatzen du Karl Friedrich Benzek —automobilaren asmatzaileak— ez zuela sekula amets egin?

Eta uste al duzue Kukutza III eraikina okupatu zuten lagun haiek bai Errekalderentzako baina oro har, gerturatzen ziren lagun guztientzako, alternatiba kultural izateko amets zororik gabe 13 urte luzez gogor lan egin eta beraien helburuak beteko zituztela?

Ideiak benetakoak bilaka daitezke edo ez, bidean maiz aurkitzen baitira trabak, oposizioaren aldetik batik bat. Horri aurre egin diezaiokegu, gure xedea bai ala bai egikaritzeko indarrez lan eginez erantzun. Norberaren eskuetan dago ametsa hauts bilakatzen ez uztea; aurrera egin ez arren, behintzat saiatu garen sentsazioa ez zaigu faltako. Eta nahiz eta gure asmoak benetakoak izatera iritsi, ezin dugu ahaztu, amets gaizto forma ere har dezakeela, zoritzarrez.

Etxe bat ez da teilatua altxatuz eraikitzen hasten, eta ondorioz, etorkizuna marrazten joateko, nahiz eta urrats txikiak emateko soilik izan, oraindik amets hutsa den horretan sinetsi behar dugu.