591 Zenbakia 2011-09-09 / 2011-09-16

Euskonews Gaztea

Gaiak: Mugi hadi!

AZKARRAGA, Koldo



Udako etenaldiaren ostean —behintzat askok egin duguna!— berriro ere eskolak hasteko prest sentitzen gara. Eta ez naiz ari ikastetxeei buruz. Ez. Kirola egiteari buruz baizik.

Urte guzian zehar udarako prestatzen ibiltzen naiz. Ez noa esatera gimnasioan jo eta fuego aritzen den horietarikoa naizenik, ezta gutxiagorako ere. Baina atsegin dut martxa apurtxo bat ematea nire gorputzari. Batzuetan igeri egitera joaten naiz, edo mendira —ai, Anboto, zein ederra zaren!— edota bidegorria hartuta txirrinduan ostera bat ematera.

Ez dut soilik negua pasatu eta soinean ditugun arropak kentzean eraman dezakedan shockagatik egiten, jakin badakit nire bihotzak eta orokorrean osasunak eskertuko didatela. Eta ez dugu askorik egin behar, astean bi orduz soilik egiten dugula, ederto, baina bete dezagun hori.

Gakoa gustuko duzun eta satisfazioa ematen dizun hori aurkitzean dago; eta zergatik ez, eskolak balira bezala, serio hartzea funtsezkoa da. Izan ere, aukerak egon badaude, doakoak —zeure kabuz eginez, esaterako— eta ordainduak. Herriko polikiroldegietan adibidez, eskaintzak anitzak izaten dira; gazte eta helduentzako ikastaroak antolatzen dituzte, esfortzu gehiago edo gutxiago eskatzen dutenak, spinning edota yoga, besteen artean.

Ez daukat denborarik... Aitzakiek dute balio; sofan egoteko izaten dugu bada, altxa ipurdia eta mugitu apur bat!