575 Zenbakia 2011-04-15 / 2011-04-29
Lanera heldu aurretik kilometro batzuk egin behar ditudalako, goiz samar ateratzen naiz etxetik. Garajera heldu baino lehen berrehun metro inguru ibili behar dut, eta tarte horretan parke txiki baten ataria daukat eta aldamenean taberna bat. Autora sartzen naizenean oraindik ilun dago, neguko itzal hotzak nagusi. Argazkia: CC BY – Maxwell GS
Aipatu berrehun metro horietan, bi gizaraxo mota aurkitzen ditut egunero. Nire ikuspegitik neurtutako gizaraxoak, jakina, eta prest nago nire hitzak erretiratzera norbait mintzen badut. Baina azalduko dut gaurko nire iritzia eta irakurleak esan dezala gero zuzen nabilen ala ez. Nik sentitutakoa bakarrik ageriko dut, ez baitut sentimendua orain arte beste inorekin konpartitu.
Lehen gizaraxotzat, ordu goiztiar horietan zakurra parketik paseatzera atera behar duena daukat. Batez ere egun hauetan, egundoko hotzak kalean eta kasurik hoberenean zerua ateri, zamarra batean bilduta agertzen da gure emakume edo gizona, zakurra bere betebehar fisiologikoak egitera atera dituena. Animaliak etxean edukitzearen ordainsaria dugu hori, batzuek gustura eta beste askok mormoxeta batean betetzen dutena. Gustukoa alderantziz proportzionala egoten da bi faktorerekin: zakurraren jabetasuna eta jabetzaren antzinatasuna. Seme-alabek ez dute gustura ateratzen gurasoen animalia, ezta gurasoek seme-alabena ere, nahiz eta gutxiago igartzen zaien. Beste faktoreak denboraren arabera azalarazten da, izan ere gustuz hasten dena samur bihurtzen da betebehar gorrotagarria.
Goizeko lehen ordutik zigarroaren dependentzia duen, eta erre ahal izateko tabakoaren legeak tabernatik atera duena da bigarren gizaraxoa. Kafea hartu berria dela, espaloira irteten da gure pertsonaia, gorputza bero edukitzearren hotzak oinak lurrean jotzera behartzen duena, honek zigarroari zupada pare bat ematen dion bitartean. Bitxia da nola neurri zigortzaileek alda dezaketen giza kolektiboaren ohitura, izan ere seguru nago erretzaile gizaraxo horien aldeko jarrera emango litzateke, kafea saldu dion tabernariaren aldetik eta harekin batera kafea hartu duen erretzaile ohiarenetik ere bai.
Berrehun metroko ibilbide laburrean, horiexek dira goizeroko nire gizaraxo mota partikularrak. Zuk ba al dituzu zureak?