569 Zenbakia 2011-03-04 / 2011-03-11
Mendeetan atzera egin eta Baztanen jaio zen XVII. mendeko pertsonaia ezagun eta garrantzitsu baten bizitza ezagutuko dugu. Argazkia: Miguel Jacinto Melández
Juan de Goyeneche y Gastón 1656ko irailaren 29an jaio zen Arizkunen, Nafarroan. Gurasoek halere, Madril aldera bidali zuten oso gaztea zela Jesusen Lagundiaren Ikastetxean estudiatu zezan. Ez zen ikasle txarra; aitzitik, nota bikainak ateratzen zituen. Irakurtzea gustuko zuen gazte hark, eta batez ere, historiako liburuekin igarotzen zuen denbora; baina zaletasun hura ofizio bilakatu ordez, idazkaritzara dedikatu zen.
Ikasle garai hartan ezagutu zituen zenbait intelektual; guziek, gizarte–aldaketarako grina zeramaten barnean. Kontaktu horiei eta bere adimenari esker, Karlos II.aren konfiantza eskuratu, eta hala, haren administrari–idazkari izatea lortu zuen; sekretuan zituen gastuak kudeatzen zizkion.
Gerora, beste egiteko batzuk ere eman zizkion erregeak, hain zuzen, Milizien Diruzaintza Orokorraren kargu egin zen eta gainera, Karlos II.aren emazte Mariana Neoburgokoaren diruzain izendatu zuten. Horrez gainera, Felipe V agintera iritsi zenean, haren emazteak izan ziren Maria Luisa Saboiakoa, eta Isabel Farsenioren ondasunen kudeatzailea ere izan zen.
Letrenganako zaletasun handia izaten jarraitzen zuen eta luma hartuta, 1685ean Executoria de la nobleza, antigüedad y blasones del Valle del Baztán idatzi zuen. Eta zenbait urte beranduago, 1697an, La Gaceta de Madrid inprimatzeko baimena eman zioten; editore eta idazle moduan jardun zuen orduan.
Ekintzaile sen handiko gizona zen nafarra, eta hala, zenbait enpresa sortu zituen; atzerriko enpresekiko loturak etengo zituen industria baten aldeko apustua egin zuen. Besteen artean, ontzigintzarentzako Pirinioetako egurra hornitzen hasi zen; edota 800 pertsonentzako lanpostuak eskaintzen zituen ehundegi fabrika bat martxan ipini zuen.
Halere, ezin da Juan de Goyenecheri buruz hitz egin eta Baztan Berri —edo Nuevo Baztán— izendatu gabe utzi. Hain zuzen, udalerri hau sortu zuen 1709 eta 1713 urteen artean Madrildik gertu. Jauregi eta elizaren inguruan industrialde bat eraiki zuen, nekazaritza–uztiategiekin batera. Ikastaldi mintegia antolatu zuen Nuevo Baztáneko fabrika anitzetan — beiragintza, xaboiak, koloniak...— beharrean aritzeko funtsezko ezagutza jaso zezaten biztanleek. Gainera, ospitale bat eraiki zuen, komunikazio bideak hobetu eta bidaiariek atseden hartzeko ostatu bat altxatu.
Madrileko Alcala kalean Goyeneche jauregia eraikitzea agindu zuen, gaur egun San Fernandoko Arte Ederren Akademiaren eraikina dena.
Juan de Goyeneche y Gastón Nuevo Baztánen hil zen 1735ko apirilaren 12an.