567 Zenbakia 2011-02-18 / 2011-02-25

Euskonews Gaztea

Gaiak: Zumalakarregi museoa

EUSKONEWS GAZTEA



Denboran atzera egin eta XIX. mendera bidaiatzeko aukera ematen digu Ormaiztegin dagoen Zumalakarregi museoak; 1989ko maiatzaren 1ean inauguratu zuten Iriarte–Erdikoa etxean kokatutako gunea. Hain justu, Zumalakarregi familiak izan zuen egoitza bertan, tartean Tomas Zumalakarregi karlistak eta baita Migel Antonio Zumalakarregi liberalak ere.

Bi anaiek gure historian izandako garrantzia ezagutuko dugu, bakoitzaren biografiak kontatzen baitzaizkigu museoan. Baina gainera, garai hartako nondik norakoez jabetzeko parada izango dugu Gipuzkoako herri honetan atondutako museoan, eta horretarako, bisitaldian zehar zenbait gunerekin egingo dugu topo.

Besteen artean, erakusketa iraunkor baten bidez garaiko euskal gizartearen gorabeherak ezagutzeko abagunea izango dugu. Aldi berean, multimedia gunean ikus–entzunezkoarekin ikasteko eta lantegi elkarreragilearen bidez, era ludikoago batean historiaz bustitzeko moduak ere aurkituko ditugu: jokoak, puzzleak, garaiko arropak janzkerak, bidaiak...

Industri iraultza, Karlistadak eta bake garaia, Iraultza garaia eta beste hainbat kontutara gerturatu ahalko gara Zumalakarregi museoari esker. Ikasteko eta ongi pasatzeko modu ezberdina, XIX. mendea ezagutu eta gaurkoa hobeto ezagutzeko abagune polita Ormaiztegin.

ZUMALAKARREGI MUSEOA Muxika egurastokia 6. 20216 Ormaiztegi (Gipuzkoa) Tel.: +34 943 889 900 mzumalakarregi@gipuzkoa.net

Ordutegia:

Martxoaren 1etik urriaren 31a bitartean: Asteazkenetik Igandera 10:00–14:00 16:00–19:00

Azaroaren 1etik otsailaren 28a bitartean: Asteazkenetik Ostiralera 10:00–14:00

Larunbat eta igandeak 10:00–14:00 16:00–19:00

Aste Santuak zein jaiegunak: 10:00–14:00 16:00–19:00

Museoa itxita · urtarrilak 1 eta 6 · azaroak 30 · abenduak 24, 25 eta 31