567 Zenbakia 2011-02-18 / 2011-02-25
Gerra korrespontsal izateak bidaiatzea eskatzen du, gatazken testigu izan eta horren berri eman; bizkaitar honek sarri askotan burutu duen lana, hain zuzen.
Arratzun jaio zen Manuel Leguineche Bollar 1941eko irailaren 28an. Gaztetatik eduki du mundua ezagutzeko kuriositatea eta denborarekin ametsa egia bilakatzeko aukera izan du. Halere, estudiatzeko orduan, Deustuko Unibertsitatean izena eman eta Zuzenbidea ikasi zuen. Manuel Leguineche 1980ko argazki batetan.
Baina goiz hasi zen kazetari moduan, hain justu Bilboko Gran Vía astekarian aukera bat izan zuenean. Hasieran ez omen zitzaion erraza egin, lotsati samarra zelako; poliki–poliki herabetasuna gainditzen joan zen, alabaina. Gazte hark mundua ezagutu gura zuen, eta baita gertatzen ziren gauzen gainean beste pertsona batzuek baino gehiago jakin ere. Hala, hogei urte bete orduko Europan zehar hainbat lan eginak zituen, eta gainera, zenbait kazetari estatubatuarrekin batera, munduari buelta ematera abiatu zen.
Nahiz eta esan bezala, Leguineche gerra berriemaile handia izateagatik egin zen ospetsu; bere lehenengo bidaian, Aljeriako gerrara joan eta handik informazioa helarazi zuen. Ondoren, egokitu izan zaio India, Pakistan, Vietnam, Nikaragua, Maroko, Camboya, Irak edota Palestina zein Israelera ere bidaiatzea eta gatazken nondik norakoak narratzea. Bere kronikak agerkari ugaritan irakurri ahal izan dira, El Correo–Diario Vascon, El Norte de Castillan, El Heraldo de Aragonen, tartean.
Horrez gainera, Manuelek zenbait berri agentziarekin harremana eduki du; hain zuzen ere, 1969an Colpisa sortu zuen eta hamabi urtez zuzendari karguan aritu zen. Handik berriz, Cover Prensa izeneko agentzia zuzentzera igaro zen; 1983an, LID agentziaren sorreran lagundu eta zuzendari nagusia izan zen 1990an utzi zuen arte. Orduan, Fax Press eratu zuen.
Kazetari izateak guztiz ase ez, eta idazle fazetan ere murgildu zen bizkaitarra. Hala, bidaia–liburuak argitaratu ditu, baita saiakerak edota narrazio liburuak ere, besteen artean. Berrogei izenburutik gora idatzi ditu, horien artean daude Los topos (1977), El camino más corto (1978), La tribu (1980), El estado del golpe (1981), La destrucción de Gandhi (1983), Sobre el volcán (1985), Yo te diré..., (1986), La guerra de todos nosotros (1986), La vuelta al mundo en 81 días (1989), La primavera del Este (1990), Annual. El desastre de España en el Rif 1921 (1996), Adiós Hong Kong (1997), Yo pondré la guerra (1998), Hotel Nirvana (1999), La tierra de Oz (2000), Gibraltar. La roca en el zapato de España (2002), Madre Volga (2003), El viaje prodigioso (2005) edota El club de los faltos de cariño (2007).
Baina bestelako aurpegia ere erakutsi du profesional honek, eta telebista munduan barneratu da behin baino gehiagotan. Teleguía zuzendu zuen; Estudio Abierto saioaren gidoilaria izan zen; Informe Semanal saioaren berriemailea izan zen; En portadako aurkezle eta zuzendaria; Memoria de la guerra, Bigarren Mundu Gerrari buruzko erreportajea aurkeztu zuen; eta 2001ean Afganistango haur errefuxiatuen gaineko Verdad Inocente dokumentala zuzendu zuen.
Gizon nekaezinak sari ugari jaso ditu bere bizitza profesionalean buruturiko lan handiagatik. Hala, Kazetaritzako Sari Nazionala eman zioten 1980an; Urrezko Luma 1990ean; Ortega y Gasset saria 1991n; Espasa Saiakera Saria 1996an; Euskadi Saria 2008an. Gainera, Meritu Konstituzionalaren Urrezko Domina eman zioten 2007an eta Bizkaitar Ospetsu izendatu zuten 2008an.
Azken urteetan Guadalajarako Brihuega herrian du bizitokia Manuel Leguinechek. Hiriko zarata eta abiaduratik ihesi, lasaitasunean bizi da, eta asko irakurtzen eta idazten jarraitzen du, bere pasio baitira oraindik ere.
‹‹Elkarrizketa, Euskonewsen››