560 Zenbakia 2010-12-24 / 2011-01-07

Euskonews Gaztea

Gaiak: Koldo Mitxelena

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Hizkuntzalari ezaguna izan zen Koldo Mitxelena gipuzkoarra. Gizon polifazetikoa zalantzarik gabe, euskaltzalea irakasle eta idazlea ere izan baitzen, besteen artean.

Errenterian etorri zen mundura Koldo Mitxelena Elissalt 1915eko abuztuaren 15ean. Aita gipuzkoarra zuen, eta ama aldiz, Donibane Lohizunekoa eta giro abertzale batetan hezi zuten gazte hura. Ez zuen haurtzaro arrunta eduki, ezen oin batean sortutako tumore baten ondorioz, denboraldi luzea igaro behar izan baitzuen ohean. Hala, lagunekin ezin atera zuen gazteak denbora pasa berria deskubritu zuen; irakurtzen ikasi zuen, eta hain justu etxean edukitzen zituzten euskara eta gaztelaniazko agerkariak izan zituen material nagusi.

Sendatu eta eskolara joateko unea ere iritsi zitzaion gaztetxo hari; zortzi urte zituen. Errenterian hasi zen aurrena, eta batxilergoa egiteko aldiz, Donostiako Institutuan eman zuen izena; 1935ean amaitu zuen, gerra hasi baino urtebete lehenago. Ordurako EAJ eta ELA ezagutzen zituen gertutik; Frankoren altxamendua eman zenean, ez zuen zalantzarik eduki eta Itxarkundia deituriko batailoian sartu zen.

Atxilotu ere egin zuten Koldo, eta Santoñako kartzelara eramana izan zen; guda–kontseilua pasata, hiltzera kondenatu zuten, nahiz eta azkenean 30 urteko zigorragatik ordezkatu zioten aurreneko pena. Ordurako, hainbat presondegitatik igaro zen: El Dueso, Larrinaga eta Burgos. Azkenean, bost urte eta gero, 1943ko urtarrilean askatu zuten, eta jaioterrira itzuli zen.

Ez zen baina, denbora luzez geratu etxean, administrari moduan lanpostu bat eskaini baitzioten Madril aldean, eta bertara abiatu zen. Berriro ere, poliziak atxilo egin zuen (1946) eta bi urtez egon zen gatibu. Libre geratu eta Madrileko Filosofia eta Letren fakultatean eman zuen izena; hala, 1951n Filologia Klasikoan lizentziatu zen eta 1959an aldiz, doktoregoa eskuratu zuen gipuzkoarrak.

Irakasle moduan hasi zen orduan beharrean Mitxelena. Aurrena, hainbat institututan latina irakasteari ekin zion. Gerora, Salamancako Unibertsitatean sortu berria zen Indoeuropar Katedrarako oposaketak gainditu eta eskolak ematen hasi zen bertan. Halere, ez zen bere ezagutzak besteekin konpartituko zuen toki bakarra izango, esate baterako, Sorbonako Unibertsitatean ere 1969–1970 ikasturtean aritu baitzen Hizkuntzalaritza Orokor eskolak ematen.

Urteetan Salamanca aldean bizitzen egon ostean, Gasteiz aldera lekualdatu zen eta 1977–1978 ikasturtean euskararen historiaren gaineko ikastaroa eskaini zuen Arabako ikastetxe unibertsitarioan; 1978an, Euskal Herriko Unibertsitateko Filologia fakultatea sortu eta lehenengo promozioko irakasleetariko bat izan zen.

Bestaldetik, pedagogia arloan aritzeaz gainera, Koldo Mitxelenak euskara batuaren sorreran parte hartu zuen hasieratik, eta horren adierazgarria da, 1968ko Arantzazuko Kongresuan egon zela. Koldo Mitxelena Bordeleko Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu zuenean, 1982an.

Hizkuntzalariak hainbat agerkaritan ere publikatu zituen lan ugari, batzuk sakontasunezko ikerketak ziren, baina baita, besteen artean, literatura edo zinema kritikak. Gainera, 1950 eta 1960 urteen artean zenbait artista eta idazle elkarrizketatu zituen, Adixkide Berri ezizena baliatuz.

Lan asko eta asko publikatu zituen errenteriarrak, besteen artean, Apellidos vascos (1953), La posición fonética del dialecto vasco del Roncal (1954), Hispánico antiguo y vasco (1958), A propos de l’accent basque (1958), Las antiguas consonantes vascas(1958), Los cantares de la quema de Mondragón (1959), Historia de la Literatura vasca (1960), Textos arcaicos vascos (1964), Mitxelenaren idazlan hautatuak (1972), Zenbait hitzaldi (1972), La lengua vasca (1977), Lengua e historia (1985), Palabras y textos (1987).

Azken urteetan aintzatespenak iritsi zitzaizkion Koldo Mitxelenari leku guztietatik: Hanburgoko F.V. S. Fundazioaren Ossian saria (1983); Bordeleko honoris causa doktore (1982) izendatu zuten; Bartzelonako Unibertsitate Autonomikoko honoris causa doktore (1983); edota Errenteriako seme kuttun, 1987an. Horrez gainera, Euskaltzain Oso zen 1952.urtetik, edota Espainiako Erret Akademiako Urgazlea 1963tik.

Donostian hil zen 1987ko urriaren 11n euskararen gaineko ikerketari urte dezente eskaini ostean. Bere bizitzan momentu ezberdin asko bizi izan zituen Koldo Mitxelenak, batzuk latzak, besteak hobeak. Nolanahi ere, guztiek utzi zuten arrastoa gipuzkoarrarengan, eta gerora izango zen pertsona sortzen lagundu zuten.