
Artisautza
Aioaio. Paper gaineko irudiak: Prozesuak
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Artisau autodidakta izanik, produktuak sortzeko bere metodoa asmatu du. Ideia nagusia dekorazioa da, edozein elementu zeharrargi (normalean landareak) irudi bihurtzea.
Behin loreak, haziak edo nahi dituen elementuak aukeratuta, lehortu egiten ditu. Lehor daudenean, inprimatzeko prentsa baten bidez prentsatzen ditu. Ondoren, irudia argi-mahai batean muntatzen du, plastiko baten gainean, eta margotu egiten du, esmalte egokiak erabiliz.
Irudia lehortzen denean, eskaneatu eta ordenagailura pasatzen du. Hor, batzuetan, irudi horiek nahastu egiten ditu hondoa osatuko duten beste irudi batzuekin, eta horrela lortzen du azken produktua. Hori, nahi duen tamainara egokituta, inprimatu egiten du, bai paperean, kaxa-kartoian edo lamina itsasgarri batean, adibidez, koadernoaren azalean itsasteko. Azken kasu horretan, koadernoaren azaleko kartoiaren gainean itsasten du irudia eta prentsan sartzen du, aire-burbuilarik sor ez dadin.
Beste batzuetan, bestelako elementuak erabiltzen ditu hondoak osatzeko, esaterako maskurietatik ateratako larrua —oso testura berezia baitu—, edo ikatz-papera, edo hondarra.
Gainera, esperimentuak egiteko hainbat produktu erabiltzen ditu: paper eta lamina zeharrargiak, bernizak, koloreak, azkazaletarako laka eta abar. Kontua da produktu horiek izan ditzaketen aukera estetiko eta kromatikoak aztertzea.
Baina bada nagusi den elementu bat: landareak (ainarra, nikotiana, kamamila, iodo-belarra eta abar). Horrela, produktu apaingarriak sortzeaz gain, naturak zer eskaintzen digun erakusten die haurrei, askotan ez baikara hori ikusteko, gozatzeko eta miresteko gauza.
Gaur egun 400 edo 500 irudi inguru ditu bere lanerako, baina Gorkari gehien gustatzen zaiona irudi berriak sortzen jarraitzea da, ikertzen eta esperimentatzen segitzea. Horregatik, bere irudi-bilduma etengabe handitzen ari da.
Batzuetan, egindako obraren oinaldean landare-espeziearen izena jartzen du, bai euskarazkoa bai dagokion latinezko izen zientifikoa.
Prozesuarekin jarraituz, azken urratsa irudia eta euskarria doitzea da. Horretarako, soberan duena gillotina batez mozten du.