555 Zenbakia 2010-11-19 / 2010-11-26

Artisautza

Aioaio. Paper gaineko irudiak: Artisaua

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Artisaua

Gure artisaua 1968ko apirilaren 3an jaio zen, Venezuelan. Haren gurasoek Jose Luis eta Engrazi zuten izena. Aita inprimatzailea zen.

Gaztetan familiaren inprimategian lan egin zuen, ORIXE izenekoan, Donostiako Antigua auzoan, Iban eta Eneko anaiekin. Horiek jarduera horri eutsi zioten, baina berak lanbide hori utzi eta beste zenbait enpresatan lan egin zuen.

Patxi Buldiain nafar artistak Uharte-Iruñean zuen pintura- eta eskultura-tailerrean aritu zen, 1980ko hamarkadan, Joxean Etxaurirekin batera, eta egonaldi hark eragin sakona izan zuen berarengan.

Ondoren, inprimatzeak arte-sorkuntzan izan ditzakeen aukerak aurkitu eta horien inguruan ikertzen hasi zen.

1996an, ingurumen-programa batean parte hartu zuen, haurrei arlo horri buruzko gaiak irakasteko xedez. Programa horretan diapositibak erabili zituen. Geroago, irudiak berak sortzea bururatu zitzaion.

2008an, artisautzan soilik jardutea erabaki zuen. Zalantzarik gabe, familiatik datozkio eskulanetarako trebetasuna eta elementu grafikoekiko bokazioa.

Hernanin lan egiten du, beste artisau eta artista batzuekin sortutako Errapia Elkartearen lokalean.

Gorkaren ustez, “artisau-sormena bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa da jarduera horri arte-, poesia- eta bizi-helburu bat ematea. Nik irudiak sortzen ditut, asmo ideologiko eta poetiko batekin”.

Lau poesia-liburu argitaratu ditu eta euskaraz kantatzen duten talde batzuen (Izukaitz, Ganbara, Inoren ero ni...) kantei letra jarri die. Noizean behin poesia-emanaldiak eskaintzen ditu lokal txikietan.

Oso gogoko ditu irratia (batean lan egin zuen), zinema (baina, Gorkak dioen bezala, “zinema ona”) eta paseatzea (horrek laguntzen dio pentsatzen, lasaitzen eta bizirik sentitzen).

AIOAIO Gorka Setien Berakoetxea Zikuñaga Artelekua Errapia Elkartea Zikuñaga auzoa HERNANI Posta elektronikoa: aiotaio@yahoo.es