550 Zenbakia 2010-10-15 / 2010-10-22

Euskonews Gaztea

Gaiak: Non dago euskal gazteria?

RUIZ AGIRRE, Borja

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko teknikaria



Zertan dabiltza gazteak? Gaur egungo gazteriak festa eta juerga besterik ez du gogoan... gure garaikoak bai borroka, parte hartzea eta grina... oraingo gazteak berriz ez ikasi, ez lan, ez amets ez utopiarik.

Zenbatetan entzun eta irakurri ditugu horrelakoak? Nolakoa da gazteok egun dugun irudia? Telebista jarri eta gazteak ageri dira, bai. Gazteak mozkortuta, gazte drogazaleak, gazteak kotxe istriputan, gazteak alferkerian, ez lanik ezta ikasketarik ez duten gazteez osaturiko reallityak... Gertaera latzenak, gordinenak, muturrekoenak, kaxkarrenak edo barregarrienak izan ohi dira notizia, ikus–entzuleak erakartzen dituztenak. Tarteka balentriaren bat eginiko gazteak azaleratzen badira ere.

Pantailaren bestaldean gaudenok gazteon geure irudia osatzen dugu, baina gure erreferenteak zertan oinarrituko ditugu? Pantailan ageri zaizkigun aurpegi gabeko estatistika inpertsonal horiengan? Karikaturizatutako gazte horiengan? Parranda–zaleak garela ezin ukatu, baina langabezia tasa altuena pairatzen dugun segmentuetako bat ere bagara. Agian luzaroan gurasoen etxebizitzan sartuta egoten garela ere egia da, baina etxebizitzarako sarbidea garesti jarri zaigula ere ezin uka. Ez dut uste garai bateko gazteriarekin konparagarri denik egungo egoera.

Dena den, bideak estutzen zaizkigun bitartean, bada gazteon eskubideon alde lanean, ikusmira, borroka, eta utopia berriak zabaltzen dituzten gazteak, taldeak, elkarteak, erakundeak. Askotan ez dugu asmatzen. Nora joan, norekin harremanetan jarri. Argazkia: ikea_riot

Ahalegin horretan, harreman bide berriak, ezagutzarako tresna gisa, sare lana bultzatzeko helburuarekin, gure deialdiak zabaltzeko aukera eskainiz sortu berri da GAZTELINK.ORG ataria. Komunikazioa errazteko plaza birtuala moduan zabaltzen ditu ateak, erabiltzaileek eurek gidatu dezaten. Gure erakunde, elkarte edo norbanakoaren informazioa eskegitzeko, blogak sortzeko, interes bertsuak dituzten pertsonen lantaldeak sortzeko, eztabaida guneak zabaltzeko, antolatutako ekintza, ikastaro, hitzaldi eta abarren berri emateko... horretarako eta nahi denerako zabalik da.

Ez dugulako gazteon irudi horretan sinesten. Teknologia berriak erabiliaz ere posible delako amets egin eta utopietara gerturatzea. Besoak gurutzatuta ez garelako bizi eta ingurunea aldatzeko, bizi baldintzak hobetzeko eta eskubideak defendatzeko gai garelako.