548 Zenbakia 2010-10-01 / 2010-10-08

Euskonews Gaztea

Gaiak: Euskaltzaleok, bat egin dezagun!

GALDOS, Aintzane



Azkenekoz duela bi urte egon nintzen halako festa batetan. Zergatik ez naizen urtero joaten? Nagikeria, eguraldia... aitzakiak mila izan daitezke, eta ez dut ukatuko ipintzen ez ditudanik. 2010eko bi logoak.

Halere, jakin badakit beste dozena bat arrazoik ere bultza nazaketela ikastolen aldeko jaietara joatera. Esate baterako, asmo oneko festa baten babesle eta parte hartzaile izan nahiak.

Kilometroak 2010 urriaren 3an ospatuko da Hona Bostekoa! lelopean eta, Pasaia–Lezo lizeoa txiki geratu eta Lezon eraikinik ez dutenez, bertan ikastola berri bat altxatzea dute xede nagusi. Eta horrexek bultzatuta noa ni Gipuzkoako ikastola honen aldeko festara. Ez dakit zirkuituak izango dituen sei kilometroak osorik egingo ditudan, baina dituen bost guneetan antolaturiko ekimenekin disfrutatuko dut, dela musika, direla ikuskizunak, jan–edana... Gainera, non aukeratu badaukat, ezen gustuko ditudan talde nahikotxok jotzen dute: Anje Duhalde igoko da eszenatokira, Gose, Naiz Roxa, Des–Kontrol... Urriaren 17an, Atarrabiara

Baina ez da hor amaitzen dena. Urriak beste hitzordu bat ekartzen baitigu euskaltzaleoi; hain zuzen ere, Nafarroa Oinez Atarrabian. Paz de Ziganda ikastolak antolatzen du aurtengoa; eta ez da lehenengo aldia izango, 1991an ere bere esku egon baitzen festaren prestakuntza. Munduz mundu da aurtengo leloa, eta euskarak munduan betetzen duen tokia aldarrikatu gura izan dute.

Horren harira gainera, eta bitxikeria moduan, bigarren gunean Scottish highlands izeneko txokoa atonduko dute, eta eskoziar dantzak, musika, gaita taldeak, zein bertako jokoekin gozatzeko parada egongo da.

Urriko bi igandetarako hitzordu politak ditugu, eta ez dugu soilik gure aisialdia aberastuko, denok bat eginik, giro politean etorkizun hobeagoa bermatzen lagunduko diegu ikastetxe biri. Euskaltzaleok, bat egin dezagun!

:: Kilometroak 2010eko egitaraua, hemen

:: Nafarroa Oinez 2010eko egitaraua, hemen